Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ahal ditudan Europako eskaintza guztiak hartzen ditut, nitaz ahatz ez daitezen»

Dokumentuaren akzioak

«Ahal ditudan Europako eskaintza guztiak hartzen ditut, nitaz ahatz ez daitezen»

Lucia Lakarra, Dantzaria

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/08/22
Teknika gaindituta horretaz ahaztu eta sentitzen duena gorputzaren bitartez adierazteko gaitasuna da dantzatik gehien erakartzen duena. Horregatik San Frantziskoko dantza utzi eta Europarako bidea hartzeko garaia dela uste du, «hemen dantza artistikoagoa» delako. Oso atsegin hartu gintuen atzo aldagelan, lehen dantza emanaldia hasi baino ordu batzuk lehenago. Gaur izango du azkena. • Zer iruditzen zaizkizu horrelako galak? Oso interesgarriak. Bai ikuslearentzat eta baita dantzariontzat ere. Dantza ezberdin egiten dugun jendea elkartzen gara, eskola ezberdinetakoak. Dantza egiteaz gainera, guk aukeratzen ditugu musikak eta dantzak, eta hori gozagarria da. • Londrestik zatoz, eta azken unea arte ez zenekien bi egun emango zizkizutela gala hau egiteko. Sekulako erritmoa daramazu. Bai hala da. Azkenean utzi didate bi egun egoten, baina kostata. Galak amaitu eta hurrengo egunean zazpietan hegazkina hartu behar dut Madrilera joateko. Han San Frantzisko Baletekoak zain dauzkat entseatu eta hurrengo egunean Santanderrera joateko. Gero Bartzelonan izan, eta handik San Frantziskora denboraldia prestatzera. • Zer moduz daramazu bizimodu hori? Oso ongi. Nekagarria da, baina hori da egin nahi dudana, batean eta bestean dantza egin. Izugarri gustatzen zait leku eta jende ezberdina ezagutzea, eta batez ere jakitea beti daukadala zerbait egiteko. Zer egin jakingo ez banu ezinegona sortuko litzaidake. • Etxera ez zara nahi adina etortzen, ordea. Ez, hala da. Eguberrietan eta udan egun batzuk. San Frantziskon oporrak maiatza eta ekaina bitartean izaten dira, eta tarte horretan Europan beti dago zeregina. Astebete izaten dut tarte horretan gurasoen etxera etortzeko. • Etxetik gertuago, Europan dantza egin nahiko zenukeela esan izan duzu, San Frantziskok asetu zaituela. Proiektu konkreturik ez duzu ordea. Zertan da ideia hori? Bost urte egin ditut San Frantziskon, eta asko ikasi dut, esperientzia gisara sekulakoa izan da. Orain, gehiegi tiratzen nau Europak. San Frantziskon oso lehiakorrak dira, asko borrokatu behar da zerbait lortzeko, eta oso hotza da disziplina. Horrek dantza egiteko beste modu bat eragiten du, askoz arrazionalagoa. Ni oso ongi hartu naute, baina giroz aldatu behar dut, nire pentsatzeko erarekin gertuago egongo den girora joan. Dantzaren alde artistikoari haiek baino gehiago begiratzen diot. • Nora joatea gustatuko litzaizuke, zein konpainiatara? Hori da arazoa. Une honetan Europan trantsizioan daude konpainia guztiak. Zuzendariz aldatzen ari dira batzuk, eta azken urteotan konpainia asko desagertu dira zentro koreografikoak egiteko, baina ez da uste bezain formula ona izan, eta orain berriz ere aldatzen saiatzen ari dira. Horregatik aldatzeko gogoa daukat, baina, bestalde, ez dut konpainia horren ona utzi nahi hain ona ez den beste batera joateko. • Europako konpainiaren batek inbidiarik ematen dizu? Ez dago bat bera ere gaur egun. Alemania da seguruenik ondoen dagoen lekua. Munichek, adibidez, konpainia handi bat dauka, antzoki sekulakoa, eta errepertorio zabala, baina ez dut ziurtasunik hara joateko. Bestela, honezkero, han nengoke. • Oraintxe bertan nahi duzun lekuan egon zaitezke. Noiztik duzu prestigio hori? Egia esan, nire onenean denbora asko daramat, eta horrela jarraitzea espero dut. Lan asko egin dut eta egiten dut. Ez dago besterik. Eta bide horretan arrakasta izaten gehien lagundu didatenak gala hauek izan dira. San Frantziskon nagoela Europara etortzen naiz noizean behin galetara, edo konpainiekin dantzatzera; bestela, jendea ahaztu egiten da hor zaudela. Ahal dudan guztietan baiezkoa ematen dut, nitaz ez ahazteko. Izena mugitu behar da. Horrek ematen du prestigioa. • Zure dantza bikotekidea Cyril Pierre da. Europara etorriko bazina, berak ere gauza bera egingo luke? Saiatuko ginateke elkarrekin etortzen, baina bioi komeni zaigun konpainia balitz. Bizitzan elkarrekin gaude, baina dantzako bikote izaten hasi ginen bikote izan aurretik. Eta errespetu handia diogu bestearen ibilbide profesionalari. Uste dut gutako inor behartuta egongo balitz nahi ez duen zerbait egitera, etorkizunerako oso txarra izango litzatekeela. • Inoiz pentsatu duzu dantza utzi eta beste zerbait egitea? Ez. Ez nuke jakingo zer egin. • Zer egiten duzu dantzak uzten dizun denboran? Oso apurrak direnez ezer ere ez. Aisialdirako denbora dudanean, lasai egotea gustatzen zait. Jende arruntak egiten dituenak niretzat luxua dira. Zinemara joan, liburu bat irakurri, tapizeria egitea gustatzen zait, edo terraza batean eserita egotea, paseatzea. Zoragarria iruditzen zait. Denbora librea denbora galtzeko hartzea gustatzen zait. • San Frantzisko Baleta, egun Estatu Batuetako onena dela diote. Zer du besteek ez dutena? Denbora gehien lan egiten duen konpainia da. American Balletek, adibidez, lau hilabete lan egiten ditu urtean, eta guk Europako edozein konpainiak bezala, dezente gehiago. Errepertorioa ere aberatsa daukagu. Klasiko-klasikotik hasi eta garaikideraino. Orain, gainera, inoiz ez bezala, Europara asko etortzen ari gara, Paris, Londres eta Bartzelona egin ditugu aurten, hiru antzoki garrantzitsu. Dantzari europar asko daude, eta horrek ere eragiten du beste estilo bat ematea dantzari. • Noiz arte uste duzu egongo zarela dantzatzen. Zein bizitza du dantzari batek? Denetarik dago. Gizonentzat lehenago amaitzen da, indarra lantzen dutelako, eta giharren kalitatea lehenago jaisten da. Emakume batek uste dut berrogeita bost urtera arte oso ongi egon daitekeela agertokietan. • Pentsatu duzu etorkizunean zer egin? Dantzaren munduan geratuko naiz, ez koreografiak egiten, horretarako jaio egin behar baita. Profesionalekin dantza egitea gustatuko litzaidake, batez ere alde artistikoa lantzen. Batzuetan dantzariari kosta egiten zaio ateratzea barruan daukan aberastasuna, eta hori ateratzen lagundu nahi nieke. Orain jasotzen ari naizen esperientzia guztia gazteagoen esku jartzea. • Artistikoki zein ekarpen egiten dizu dantzak? Teknika gaindituta horretaz ahaztu eta sentitzen duzuna gorputzez azaltzeko gaitasuna, eta jendeak zuk sentitzen duzuna sentitzea.

Dokumentuaren akzioak