Dokumentuaren akzioak
«Afrikako dantzak mundu osokoen amak direla segur naiz»
Germaine Acogn, Koreografoa
Germaine Acognyk bigarren eguna zuen Euskal Herrian, atzo. Bere euskarazko lehen hitzak bezperan entzun ditu. «Zer gauza ederra. Barrenetik heldu den hizkuntza dela sentitu dut». Harearen Eskola eraiki du, 1995an, Senegalen. Kontinente osoko eredu bihurtu da. Maurice Bejart koreografo frantsesarekin egindako elkarlanaren fruitua.
Afrikako dantza garaikidearen ama zarela erraten dizutenean, zer sentipen sortzen zaizu? Trabatzen zaitu?
Ez nau batere trabatzen. Baina, kasu. Irudikapen hori ez daukat Germaine Acognyren izenean, baizik eta emakume gisa, tradizioaren eta zabalkuntzaren zaindaria. Nik oholtza gainean izateko zoriona daukat, hitz egiteko aukera. Baina emazte guzien izenean hor naiz; laborarien edo itzalean daudenen izenean. Izate bat irudikatzen dudala iduritzen zait.
Maurice Bejarten alaba beltza zarela ere erran izan duzu...
Egia da, eta Bejartek ere hala erraten zuen. Gizon hura ezagutu nuenean, ikasketak bukatu berriak nituen, 1960 hamarkadan. Bera ez baldin bazen horretaz oroitzen ere, elkarri begiratu geniola ez dut sekulan ahantziko, Parisko antzoki baten coulisses-etan. Eta, 1975an, Senegalgo Senghor presidenteak aurkeztu ninduen Bejarti, gauza bat berehala ulertu nuen: elkarren antza handia genuen, pretentsiorik gabe. Eta hark ere hala senti zuela badakit. Gainera, Afrikan zituen familiako sustraiak, eta horregatik erran zuen behin, haurrak izan balitu, ni bere alaba beltza nindatekeela. Orduan, berak erranez geroz, errepikatzen ahal nuen haren esaldia.
Bestalde, aurrekontu xumeek talentua eta inspirazioa murrizten dituztela erraten dute Europako koreografo gehienek. Afrikan zer daiteke, beraz?
Ai ama! Preseski, dirurik ez denean, ideiak izan behar dira. Ni hasi nintzenean, deus ez zen. Zinez deus. Horregatik, Bejarten lana ikaragarria izan da. Baina duela hamar bat urte, Afrikako Dantza Sorkuntza egitasmoaren zuzendaria nintzenean, gure kontinentean zehar ibiltzeko aukera izan dut. Eta konpainia batzuk soto ilunetan lanean ikusi ditut. Dantzaren amodioz hor ziren, ez zuten diru izpirik! Oholtzara igotzeko itxaropenik gabe, etengabe lanean aritzen ziren. Dirua eman zaielarik, itzaletik atera dira, eta gaur ere, jalgitzen ari dira egiazko talentuak. Baina politikariek dantza ez dute kontuan hartzen. Nire iduriko, dantza lehen artea da. Afrikan, batez ere. Lehenago, jendartean gizona ala emakumea izateko, dantzan ikasten zen. Eta heziketa horren bidez, orokorragoa ere egiten zen. Baina europarrak etorri direnean, hori dena ahantzi du gure jendarteak. Gure nortasuna bermatzea gero eta zailagoa izan da. Horregatik, jendearen gogoan, dantza tradizionala geratu da. Dantza garaikideak beste irudi bat eskaintzen du. Eta Afrikako dantzari gazteek beste kontinenteetara joan behar dute, gauza berriak ikastea biziki garrantzitsua baita. Sorlekua berantago ere hor izanen dute.
Eraiki duzuen Harearen Eskola zertan garrantzitsua izan da?
Eredu bat izan da. Afrikako nortasuna irakatsi diegu dantzaren bidez, baina munduko txoko guzietara bidali ditugu gero, beste dantzak eta kulturak ezagutzeko. Horrela, sorlekura itzultzean, zerbait berri badute sortzeko, eraikitzeko. Itxaropena Afrikan da. Dantzari esker lortu dugu gure izaera, eta dantzarekin irabaziko dugu.
Arratsean aurkeztuko duzuen Fagaala ikusgarrian, Japoniako butoh dantza zergatik sartu duzu?
Zabalkuntza hori beharrezkoa baitzait. Picasso ez zen sekulan Picasso izanen Europan gakotu balu bere burua. Bidaiek, topaketek zerbait gehiago eskaintzen dute. Nik ere, gure dantza tradizionalen eta Europan ikasitakoaren arteko laburpena egin nahi izan dut. Munduan zehar ibili eta, Txinan eta abar, ikaragarriko antzak harrapatu ditut Afrikako eta beste kontinenteetako dantzen artean. Berriki baizik ez naiz gauza batez ohartu: Afrikako dantzak mundu osokoen amak direla segur naiz. Baina beste kulturek baizik ez dute Afrikakoa aberasten ahal. Horregatik, Japoniako butoh dantza nahi nuen ikusgarri horretan. Pentsatu dudan teknika sinplea da: arbolaren antza du. Sustrai sendoak, eta adarrak munduari zabalduak.
Rwandako genozidioak inspiratu dizu Fagaala. Sufrimendua eta gorrotoa ez ote dira Afrikako dantzaren gai nagusiak, azkenean?
Ez zait iduritzen. Baina jendeak anitzetan hori pentsatzen duela ohartu naiz. Sufrimenduaz eta gorrotoaz haratago joaten gara, beti. Rwandako genozidioaz irakurri nuen eleberri bat, Boubacar Diop idazlearena. Eta fikzioa errealitatea baino urrunago joaten da: errealitate gordinera doa. Nik ere, dantzaren bidez, hori azaltzeko beharra izan dut. Baina itxaropenera jo dut. Sentimenduak azaltzeko egina da dantza garaikidea.
Politikoa izan behar du?
Hautu bat da. Koreografoaren izpirituaren araberakoa. Baina Faagala-n, hitza hartu nahi izan dut. Europako edota AEBko hedabideek hartu baitute, beti, Afrikaz mintzatzeko. Bakoitzaren baitan bakea sorrarazi nahi izan dut. Denen baitan izanen denean, kolektiboa bihurtuko da. Baina gure arazoak ikusleem aurpegira botatzeko eskubiderik ez daukagu. Dantzak zoriona eta plazera ere eskaini behar ditu. Beti.
Dokumentuaren akzioak