Dokumentuaren akzioak
«AEBetan mota guztietako estiloak lantzen dituzte dantza talde batean»
Jean-Philippe MALATY, Aspen Santa Fe Balleteko zuzendaria
Ama uztariztarra du Jean Philippe Malatyk. 15 urterekin pailazoa izan nahi zuen. Horretarako, pianoa ikasten hasi zen, eta, ustez pailazoa izateko dantza baliagarria izanen zitzaion, Baionako kontserbatorioan sartu zen. Dantza klasikoa gustukoa zuen, eta esparru horretan jarraitu zituen ikasketak. 17 urterekin, garaiko dantza talderik ospetsuenean onartu zuten, Bruselako Begard konpainian. Horren ondotik, Stuttgart, eta, azkenik, Aspen Santa Fe Balletaren sortzailea izan da. Ezohiko ibilbide artistikoa azaltzerakoan, artistak umiltasun handiarekin aipatu du «zorte handia» izan duela.
Ameriketako Estatu Batuetan bizi zara eta lekuko dantza talde ospetsuenetariko baten zuzendaria zara. Zure ibilbide artistikoa aztertzen dugularik pentsa genezake delako Amerikako ametsaren adibide ezin hobea zarela. Nola hasi zinen?
Oso berandu hasi nintzen dantza ikasten Baionako kontserbatorioan. 15 urte nituen. Bertan bi urte igaro nituen, eta Tolosako kontserbatorioan ikasten jarraitzea erabaki nuen. 17 urterekin, zorte handia izan nuen Bruselako Begard eskolan onartu nindutelako. 20 ikasle ginen ikasgela bakoitzean. Behin, udako ikastaro bat egiten ari ginela, Stuttgarteko Balletak ikusi ninduen, eta dantzari ibilbidea hasi nuen.
Zerk bultzatu zaitu dantza klasikoan murgiltzera?
Aitak errugbian aritzea nahi zuen, baina nik pailazoa izan nahi nuen. Egia da abiatu nintzelarik ez zegoela gauza handirik hemen. Ez zegoen dantza jaialdirik, ez eta dantza konpainiarik ere. Oso ezohiko hautu bat zen. Baina gurasoek asko lagundu naute, oso irekiak baitziren. Amak euskal dantzak zekizkien eta erakutsi zizkidan. Horrek, beharbada, eragin zerbait izan du geroan egin ditudan hautuetan.
19 urterekin Ameriketako Estatu Batuetara joan zinen...
Estatu Batuetako dantza klasikoa ikastera joan nintzen. Baina bizitzeko era asko maitatu nuen, eta gelditzea erabaki nuen. Profesional arloan, lekuko konpainien lan egiteko era interesgarria iruditu zitzaidan. Europan, dantza talde batean ari zinelarik, klasikoaren eta garaikidearen artean hautu bat egin behar zenuen. Estatu Batuetan, aldiz,mota guztietako dantzak lantzen dituzu. Fusio gehiago dago estiloen artean.
Egun, Aspen Santa Fe Balleteko zuzendaria zara...
Joffrey Balleten nengoela, emakume bat ezagutu nuen. Kolorado Estatuko Santa Fe herrian bizi zen. Herrixka bat izan arren, oso kosmopolita da. Emakume horrek dirua bazuen eta dantza taldea osatzea erabaki zuen. Niri eta Tom Mossbruckerri, beste dantzari bati, taldearen zuzendari bilakatzeko eskatu zigun. Ez ginen koreografoak, eta, egia erran, ez genuen sekula hori egiteko asmorik izan. Baina ideia interesgarria iruditu zitzaigun. Sekulako aukera da dantza talde bat hutsetik hastea. Dantzari ibilbidea utzi dugu eta Koloradora joan gara. Bestalde, Santa Fen lan eginez, askatasun handiagoa dugu beste Estatu Batuetako konpainiekin konparatuz. Gu ikustera datozenek dantza ikusgarriak ikusteko aukera dute, eta kalitatea eskatzen digute.
Konpainiako bi zuzendariak zarete egun, baina koreografiak ez dituzue zuek egiten...
Bereziki errepertorioekin lan egiten duen konpainia bat gara. Koreografoak ordaintzen ditugu guretzat obrak egiteko, edo obrak erosten ditugu. Horrek estilo oso ezberdinak lantzeko aukera ematen digu. Esate baterako, Malandainen Après Midi dun Faune ikusgarria erosi dugu.
Zer ezberdintasun dago Europako dantza taldeekin?
Estatu Batuetan dantzak ez du helburu bera. Ikusleak dibertitzeko joaten dira dantza ikustera. Musika komedien ildotik, ikusgarriak diren obrak ikusi nahi dituzte. Ez dute baitezpada koreografo baten hausnarketa artistikoa ikusi nahi, sobera konplikatua iruditzen baitzaie. Ikusiz ez dugula laguntza publikorik, behartuak gara ikusleek gustukoak dituzten lanak azaltzera. Oso ezberdina da, zuzendari gisa Ameriketako Estatu Batuetan egiten duten lana eta Europakoa. Sorkuntzak oso mugatuak dira. Guk zortea dugu Santa Fen garelako. Gure ikusleak dirudunak dira eta kalitatea nahi dute. Horrek behartzen gaitu errepertorioa berritzera eta koreografo berriekin lan egitera. Baina hori egin ahal izateko bakarrik 11 dantzarirekin lan egiten dugu.
Zure adierazpenen arabera, gaur gaueko programan oso estilo ezberdinetako obrak emanen dituzue.
Hiru obra horietan gure konpainiaren izaera ordezkatua dago, koreografoek gure dantzarientzat egin baitituzte.
Dokumentuaren akzioak