Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «’1937’ opari bat izan da niretzat, hasieratik»

Dokumentuaren akzioak

«’1937’ opari bat izan da niretzat, hasieratik»

Mireia Gabilondo, aktore eta zuzendaria

Egilea
Amagoia Jalon
Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2004/04/11

- Donostia Antzerki sariaren epaimahaiak hiru arrazoi nabarmendu zituen zuen obra aukeratzeko. Bata «Mireia Gabilondok landutako gidoia eta dramaturgia» zen. Ilusio berezia egiten al dizu?



Bai, ilusio handia. Hasteko, ezuesteko izan zen. Donostia saria euskara mundutik dator eta obrak ez dauka testurik, baina azkenean pentsatu genuen eman baziguten, zerbaitegatik izango zela. Gidoia eta osotasuna ere aipatzen ziren eta, nire ustez, zailena izan zen euskal dantza tradizionalak zer edo zer kontatzeko erabiltzea. Hain hieratikoak dira eta beste modu batean erabiltzen dira, festetarako edo bakarka. Irudien baliabidea aurkitu nuenean pentsatu nuen `badaukat, badaukat nola kontatu’.



- Zu dantzan aritutakoa zara?



Txikitan dantzan ibili nintzen, 14 urte arte edo, eta asko disfrutatzen nuen. Institutuan, 16-17 urterekin, antzerkia egiten hasi nintzenean pentsatu nuen zer edo zer egitea euskal dantzekin, baina pentsa, 20 urte pasa dira zer edo zer egiterako! Dena den, dantza mundutik nator, nahiz eta orain bakarrik jaietan eta noizean behin arin-arin bat dantzatu.



- Orduan, «1937» oparia izan da zuretzat?



Bai, hala izan zen hasieratik.



- Nola sortu zen lan hori egiteko aukera?



Lehenengo musika eduki genuen, Juan Mari Beltranen diskoa (“Arditurri”), eta gero Jonekin (Maya) harremanetan jarri ginen. Hasieran, musika laguntzea bakarrik zen, baina gauza handiagoak pentsatzen hasi ginen, eta azkenean, koprodukzio bat egitea erabaki genuen. Jonek ere gogoa zeukan zer edo zer egiteko eta biok jarri ginen horretan.



- Nola aukeratu zenuten gerrako umeen istorioa kontatzea?



Niri bururatu zitzaidan. Juan Mariren musika tradizionala da eta, ikusita Kukaikoak ere oso gazteak zirela, atzeraka egin nuen. Eta beti eduki diot gerrari beldur hori, ez dakit nola esan, baina hala da. Txikitan nuen beldurra zen gerra bat izanez gero, bonbak direla-eta – ikuskizunean dokumentalen irudietan ikusten en bezala-, etxekoak hil eta umea izanda, zein bakarrik geratzen zaren, nora joan orduan? Hortik abiatuta Filmotecara joan nintzen, irudiak ikusi, liburu pila irakurri nuen, dokumentatu egin nintzen eta ikusi nuen zer kontatu nahi nuen, batez ere datnzaren bidez.



- Zergatik dantzaren bidez?



Testu gehiago sartu izan banu, beste modu batera kontatu izango nuke, edo agian ez nituen irudiak erabiliko, baina pentsatu nuen zerbait bisuala ondo geldituko zela. Jonekin lanean hasi nintzen, saioetara joaten nintzen, berak bazituen ideia eta koreografia batzuk pentsatuta, gero nik zerbait eskatzen nion... Eta horrela joan nintzen pixkanaka gidoia osatzen, lasai-lasai eta modu naturalean.



- Ez zizun inbidiarik ematen berak dantzan ikusteak?



Bai, kristorena. Zeinen ondo egiten duten, eta erraz, gainera. Oso onak dira. Hemen dantzari on asko daude, egia esan, baina hauek badute halako garbitasun bat, ez dakit, taldea dela ikusten da, elkarren artean zer edo zer dutela. Gehien kostatu zitzaiena sentimenduak erakustea izan zen, baina behin hasi zirenean, pixka bat soltatzen, uste dut asko disfrutatu dutela hori egiten.



- Dantzariak ez dira aktoreak, zer-nolakoa izan zen berekin irudiak filmatzea?



Haiek konturatu gabe egin genuen eta ondoren muntatzen lan asko egin dugu. Beren artean hizketan edo beste bati begira zeudenean, taka!, beste alde batetik filmatu egiten genuen. Aktoreak ez direnez, ezin duzu bat estutu, bestela gero ikusi egiten da. Con mano izquierda, esaten den bezala egin genuen, baina ez irudietan bakarrik. Dantzan daudela ere, nahiz eta gorputza tente eduki, bestearekin harreman bat erakustea, elkarri begiratzea edo irribarre egitea, hori izan zen akaso berentzat zailena. Txapelketetan fandango bat ikustean ez dituzu pertsona desberdinak ikusten, estiloak bakarrik. Eta nik uste dut aldaketa hori jendeak, ikusleak, hartzen duela, ulertzen duela.



- Beste zerbait egin nahi duzue Kukaikoekin batera. Zerbait aideraz dezakezu?



Hor gabiltza. Aste Santuan gelditu gara eta bultzadatxo bat emango diogu. Oraingoz ni bueltaka nabil, zer egin, nondik jo... eta zerbait dudanean Joni komentatzen diot. Bera ere lanean ari da dantzekin. Irudiena ez dakit oso ondo nola izango den, beste ideia batzuk dauzkat orain. Hori horrela atera zen momentuan, eta orain beste momentu batean gaude.



Profila

Jaioteguna eta herria: 1964ko apirilaren 27a, Bergaran

Ikasketak: Pedagogia hiru urte eta Antzerti eskolan lau.

Lehen antzezlana: Antzertin zegoela “Sweigk en la II Guerra Mundial” egiteko deitu zuten. Txakur handi batekin lan egin zuen «Sokatik eramaten nuen, banko batean eseri eta beste pertsonaia batekin hitz egin. Batzuetan ikusleei zaunkaka hasten zen eta niretzako trauma handia izan zen».

Obra bat: Fernando Bernuesek zuzendu zuen “Paradero desconocido”. «Asko gustatu zait». Tanttakak hil honetan estreinatuko du.

Antzoki bat: «Bonbonera» delako bat. «Txikitxoak dira, biribilak, eta jendea palkotan eserita dago, inguruan. Asko gustatzen zaizkit aktuatzeko».

Zaletasuna: Zinema, kideekin egotea, tai chia eta esgrima.

Dokumentuaren akzioak