Dokumentuaren akzioak
«1937, gogoaren bidezidorretatik» lana gailendu da Donostia Antzerki Sarian
Tanttaka Teatroa eta Kukai Taldearen lehen elkazlanak irabazi du IV. edizioan Sari banaketa martxoaren 27an izango da, baina obra 28an taularatuko dute
Kontentu eta oso pozik agertu ziren atzo eguerdian Donostiako udaletxean Donostia Antzerki Sariaren aurtengo irabazleak. Jon Maya eta Mireia Gabilondo, "1937, gogoaren bidezidorretatik" antzerki lanaren zuzendariak, «ezusteko handia» izan dela aipatu zuten irribarretsu. Nolanahi ere, epaimahaiak argi utzi ditu lanaren kalitatea eta zenbait ezaugarri azpimarragarri bere hautua ezagutzera ematerakoan.
Obraren «osotasuna eta kalitatea» azpimarratzeaz gain, hiru alderdi hauek nabarmendu ditu epaimahaiak: «Antzerkia eta dantza tradizionala uztartzeko gaitasuna, Mireia Gabilondok landutako gidoia eta dramaturgia, eta filmatutako irudien garrantzia». Horiek dira urtean zehar Donostian euskaraz eman diren zazpi antzerki lanen artean nabarmentzeko arrazoiak.
"1937" lanaren ardatza 36ko Gerra zela-eta atzerrira bidali zituzten umeak dira. Dantzaren bitartez, haietako zazpi umeren bizipenak jaso dituzte eta Euskal Zinematekako irudiekin ilustratu dute kontakizuna. Kukai dantza taldeak eta Tanttaka Teatrok elkarrekin egin duten lehen lana izan da, baina ez azkena, atzo esan zutenez.
Oso esperientzia ona izan da bi taldeentzat eta elkarrekin beste zerbait egiteko gogotsu daude. «Ezin dugu gauza handirik aurreratu oraindik», esan zuen Tanttakako Mireia Gabilondok, baina egin egingo da. «Gogoa sortu zaigu eta ideiak etorriko dira», ziurtatu zuen Jon Maya dantzariak. Gainera, 9.015 euroko diru-saria irabazi dute, zati bat eskura eman diete eta bestea Gipuzkoako hiriburuan euskaraz beste lan bat egiteko baliatuko dute, ezin hobeto beren asmoak betetzeko.
Saria, bestalde, oso pozgarria izan da Kukaiko kideentzako, «tankera honetako lehen ikuskizuna izan delako eta aurrera egiteko oso lagungarria izango delako», esan zuen Mayak. Gainera, obra honekin euskal dantza tradizionala antzerki aretoetara eta zirkuitura eramatea lortu dute, eta hori ere «oso pozgarria da», bere iritziz.
Diru-sariaz gain, Donostia Antzerki Sariaren irabazleek Helena Sotelok eginiko garaikurra jasoko dute, "Godoten esperoan" izeneko artelana. Kolore iluneko lerro horizontaletan Samuel Becketten antzerki lanaren jatorrizko eta euskarazko idatziak nahastu ditu, eta euskarazkoan, Toribio Altzaga eta Marzelino Soroa antzerki bultzatzaileen izenak eman dizkiete Estragon eta Vladimirren pertsonaiei.
Sari banaketa martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, baina irabazleek hitzartuta zuten emanaldi bat Miarritzen, "Bi harriz lau xori" asterako eta beraz, igandera atzeratu dute. Hilaren 27ko ekitaldiaren ondoren, Gorringo taldearen "Kutsidazu bidea Ixabel" emango da Antzoki Zaharrean.
Dokumentuaren akzioak