Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Apal-apal, baina herriarekin ospatu nahi dugu 10. urtemuga”

Dokumentuaren akzioak

Apal-apal, baina herriarekin ospatu nahi dugu 10. urtemuga”

Nagore, Ekhiñe eta Ixiar (HARRIBIL dantza taldeko partaideak)

Egilea
P. Uranga; E. Odriozola
Komunikabidea
Karkara
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/04/08

Noiz eta nola hasi zineten Harribil dantza taldean? Ekhiñe Saizar: Hiru bat urte izango dira, Musika eskolan genbiltzala, han hasi baikinen dantzan. Harribilekoak etorri ziren esatera berak uztera zihoazela, eta norbaitek jarraitzea nahiko luketela. Eta baietz esan genien; ilusio handiarekin, baina gehiegi pentsatu gabe. Eta zer topatu zenuten? Nagore Uranga: Gure ustetan, ez genuen talderik topatu, dezente utzita zegoen jada. Zegoena baliatu eta jasotako laguntzarekin hastea izan zen egin genuena. Ekarpenik egin diozue? Ixiar Barrenetxea: Agian, koreografiak-eta gehiago sartu ditugu. Dantza tradizionalak ere jorratzen ditugu, baina gogotsu saiatzen gara pauso eta dantza berriak asmatzen. Lehengoek joera handiagoa zuten dantza tradizionalerako. Koreografiak ere lantzen zituzten, jakina; baina, guk dakigula behintzat, beste neurri batean. Koreografia zaleak zarete? Modan omen daude. Ixiar Barrenetxea: Gure lehen irakaslea izan zena konpainia bateko partaide da eta ikusitakoa geratu zaigu. Badugu gauza berriak asmatzen saiatzeko joera, nahiz eta gero ezer ere ongi ateratzen... Nagore Uranga: Emanaldietan, asmatutako guztia lantzeko denbora faltan, dantza tradizionalak ere sartzen ditugu. Baina nahiago ditugu berriak eta denbora daukagunero zerbait berria asmatzen dugu, edo horretan saiatzen gara. Zuena ere aurkeztu zenuten: Mugak. Zertan da orain? Ekhiñe Saizar: Prestatzeko kristoren lanak hartu eta estreinatu genuen. Baina horretan geratu zen; ez gara Oriotik atera ere egin. Neurri batean gure kulpa izan zen ez genuelako zabaltzeko behar bezalako apustua egin, eta pena hori badaukagu. Dantza nesken kontua al da? Ekhiñe Saizar: Ez, baina mutil falta beti antzematen da. Taldean hogeita asko gazte gara eta, mutilak, hiru bakarrik daude. Gehiago badatoz atzetik, baina adin jakina behar da Harribilen sartzeko, ordura arte Musika Eskolan aritzen baitira. Haiek noiz etorriko desiratzen gaude. Adinaren bataz bestekoa asko jaitsi da taldean. Ekhiñe Saizar: Dezente jaitsi ere! Egun, gure arteko zaharrenak 20 urte ditu eta gazteenak 14. Eta antzematen da gero, batez ere herritik kanpo dantzatzera joan ahal izateko orduan, autoaren faltan, laguntza eske ibili behar izan baitugu askotan. Orain, batzuek atera dute autoko karneta, besteak ere ari dira ateratzen, eta hobeto. Laguntza aldetik, zer moduz? Ekhiñe Saizar: Orion apenas gogoratzen da inor Harribilekin, ezta inaugurazio edo antzekoetan ere. Ixiar Barrenetxea: Sanjoanetan bezala... ez da harrokeria, baina kalejira antolatuko ez bagenu, agian, orduan konturatuko ginateke utzitako hutsuneaz. Nagore Uranga: Pentsa, festetako dantza txapelketa kentzea ere proposatu ziguten, Udalarentzat diru asko zela eta; dirua, gehienbat, kanpoko jendeak eramaten zuela arrazoituz. Bitartean, herritarren partehartzea lortzeko ekar zitekeen ikuskizunik desegokiena ekarri zuten, Drag Queen eta guzti. Egia da horrelako txapelketa bat garesti samarra dela, denak bezala, baina plaza beteta giro polita izaten da, eta ez zaigu arrotza, euskal dantzak gure kulturaren parte direlako. Garai batean baino hobeto dantzatzen al da? Ixiar Barrenetxea: Betiko dantzak seguru teknika aldetik hobeto lantzen ditugula, baina garai batekoa freskoagoa zen. Lehen denek dantzatzen zuten, hobeto edo okerrago baina denek, eta hori zen polita. Baina ohitura galtzen ari da. Ekhiñe Saizar: Eta, gugandik hasita, asko hobetu behar dugu. Gero, lekuaren arabera ere egoera aldatzen da. Esaterako, Ortzaikan Orion baino osasuntsuago dagoela nabarmena da. 10. urtemuga ospatuko duzue apirilaren 10ean, nola? Ixiar Barrenetxea: 11:00ak aldera txaranga aterako da kalera. Gero, kalez kale ibiliko gara dantzan, tokian tokiko geldialdiak eginez. Horretarako, urte hauetan taldean aritutako guztiak gonbidatu genituen, baina uste baino jende gutxiago animatu da. Halere, azaldu direnak gogoz daudenez, plazan bospasei pieza ere dantzatuko ditugu, eta, ondoren, bazkaritara joango gara guztiok. Arratsaldean, berriz, kalejira egingo dugu berriro. Sanjoanetarako, berriz, laster egingo dugu deialdi irekia eta ahalik eta jende gehiena animatu nahi dugu sorgin dantzan parte hartzera. Ekhiñe Saizar: Orion, dantzaren historian, beste mugarri bat jarriko da aurten. Hamar urte bete ditu Harribilek, eta, modu xumean, baina kalean eta herriarekin, behar edo merezi duen bezala ospatu nahi dugu.

Dokumentuaren akzioak