Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Zamalzain’ musikala eskainiko dute Arriagan

Dokumentuaren akzioak

‘Zamalzain’ musikala eskainiko dute Arriagan

Mauleko estreinaldiak arrakasta handia izan zuen

Egilea
Gotzon Hermosilla
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2003/01/31

Musikala ez da arte eszenikoetan ohikoena, gaur egun urriak baitira mota horretako ikuskizunak. Euskarazko musikalak, zeresanik ez, are bakanagoak izaten dira. Bihar, ordea, euskarazko musikal bat ikusteko aukera izango da Bilbon, Arriaga antzokian Zamalzain lana antzeztuko baita, Maulen estreinaldia arrakasta handiz egin ondoren.



Pier Paul Berzaitzek apailatu duen Zamalzain ikuskizunak Euskal Herriko historian ezezagun samarra den gertaera bat du oinarri. Izan ere, XX. mendearen hasieran nahiko harreman estua izan zuten Aragoik eta Zuberoak, Aragoitik langile ugari heldu baitziren Zuberoara espartingintzan aritzera. Aragoikoak oinez etortzen ziren, Santa Grazi eta Larraine aldetik, eta garai hartan Maule inguruan indar betean zegoen abarketa industrian aritzen ziren.



Sinbolismoz betetako amodio istorioa



Azken berrogei urtean harreman hura dezente galdu da, baina, orain, bi komunitateen artean eguneroko bizikidetzan sortzen ziren egoera gazi-gozoak gogora ekarri nahi izan ditu Berzaitzek, sinbolismoz betetako lan honen bidez.



Berzaitzek esandakoaren arabera, «amodio istorio bat kontatzen da, baina istorio horren atzean sinbolismo handia dago, bi komunitateen arteko harremana irudikatzen baita».



Ikuskizun horretan laurogei bat artistak parte hartzen dute, dantzari, abeslari eta musikari. Horietatik hogei baino gehiago Aragoikoak dira, eta gainerakoak zuberotarrak, nafarrak eta gipuzkoarrak; «gutxi gorabehera, Antso Azkarraren erresumaren lurralde guztietakoak», Berzaitzen esanetan.



Musika alorraren arduraduna Karlos Gimenez da. Gimenezek askotan egin du lan Berzaitzekin, duela bederatzi bat urte Elkanoren semeak lanean elkarrekin aritu zirenetik. Musikari ugarik hartzen du parte ikuskizunean: bederatzi musikarik osatutako taldea, euskal musika tresnak jotzen dituen talde txikiago bat, Aragoitik etorritako musikari eta abeslariak eta hamasei laguneko abesbatza agertzen dira, besteak beste. Kantarien artean Pier Paul Berzaitz bera dago.



Ikuskizuna Maulen eskaini zuten estreinako aldiz, eta, arrakasta ikusita, bigarren emanaldia egin behar izan zuten. Bihar Bilbon izango da, eta Donostiako Kursaalean, gainerako euskal hiriburuetan eta Euskal Herritik kanpo ere emanaldiak egiteko aukerak aztertzen ari dira.

Dokumentuaren akzioak