Dokumentuaren akzioak
Zamalzain izanen da Zuberoako eta Aragoiko kultura izaeren topagune
Kantu, dantza eta musikaz, zuberotar zamalzain baten eta Aragoiko neska baten amodioa kontatzen du
XX. mendearen lehen hiru hamarkadetan Aragoi eta Nafarroa mendialdeko neska ugari Mauleko espartina fabriketara lan egitera etortzeak kultur ondorio nabarmenak utzi ditu Zuberoako hiriburuan. Errealitate historiko horretatik abiatuta, Muskildiko kantari, musikari, pastoral eta bestelako ikusgai asmatzaile Pier Paul Berzaitzek Zamalzain deitutako komedia musikal bat idatzi du. Honen lehen agerraldia, datorren urriaren 26an egingo da, Mauleko Jai Alaian, arratseko 21:00etan.
Zamalzain-en azken agerraldia 2003ko agorrilaren 16an Mauleko pilota plazan egin ohi den Espartinaren jaiaren karietara gertatu arte, haatik, ikusgarri hau Euskal Herrian zehar emango da, hala nola, Baionan datorren abendu amaieran, Donibane Lohizunen 2003ko otsailean eta Donapaleun 2003ko ekainean. Agerraldi hauen eta egon daitezkeen beste batzuen data zehatzak geroxeago jakinaraziak izango dira.
Mauleko jaietan maiteminduta
Zuberoako eta Aragoiko gizarte eta kultura izaerak nola edo hala elkartzea aipagai izango duen ikusgarri bat egonda, Pier Paul Berzaitz idazleak, Didier Kimun Okzitaniako Tolosatik etorritako taula-joko antolatzaileak eta Catherine Artzanuturri paristar koreografia moldatzaileak nahi izan dute askotariko kultura horien topagune izatea Zamalzain.
Ez da apustu txikia izan, haatik, Zuberoako eta Aragoiko hirurogei bat dantzari, kantari eta musikari elkartzea eta elkarrekiko obra bat moldatzen jardunaraztea. Zehazki, Zuberoako hamar bat herritako hogei dantza-jauzi emaile, Zaragozako Xinglar baleteko 22 dantzari eta kantari eta gehienak zuberotarrak diren 14 abeslari buru-belarri lanean ari dira azken hilabeteotan, nor bere alde.
Ikusgarri bat moldatzekotan, hargatik, jardule horien guztien elkartzeak ere beharrezkoak dira, jakina. Hauetatik bat egon zen, joan den aste amaieran, Mauleko Jai Alaian, hain zuzen ere, lehen agerraldiari harrera egingo dion tokian bertan.
Berzaitzek asmatu duen historiaren kokagunea, baina, Mauleko pilota plaza da, Zuberoako hiriburuaren jai egunetan hain zuzen. Ikusgarriaren jokalekua hori bera izango da, eta karriketan zein ostatuetako barne edo kanpoaldeetan 30ko hamarkada haietan zegoen giro alaitsua agertuko du lehen zatiak. Historia zehatz-mehatz kontatzea ez da komeni, baina erran dezagun, hala ere, Mauleko jai horietara Aragoiko lagun andana batekin etorritako neska dantzari bat eta Zuberoako zamalzain dantzari bat maitemindu egingo direla.
Alabaina, Aragoiko neska bere herrian jada ligatuta denez, berarekin etorritako parranda egileek oso begi txarrez ikusiko dute zuberotar dantzariarekiko maitaldia, eta, ororen buru, drama bat gertatuko da. Erromeo eta Julietaren antzeko historia honek Mauleko jaietako hiru eguneko hari bati jarraitzen dio. Zamalzain komedia musikal bat denez, antzerki jokaldiak dantzaz eta kantuz josiak dira. Hain zuzen ere, bi adierazpen hauetan oso nabarmen agertuko zaie ikusleei Zuberoako eta Aragoiko kultur izaeren ezberdintasuna. Dantza soilik aipatzearren begi bistakoa da alde hori. Ezen, Zuberoako jauziak estetikako dantzak dira, eta Aragoikoak, aldiz, xarmatzeko dantzak.
Musika alorrean ere, jakina, nabarmenduko dira alde horiek, baina Karlos Gimenezek zuzendutako orkestrazioak lokarriak egiten jakin izango du. Horrelako ikusgarri mota batentzat, argiek eta soinuak berebiziko garrantzia dute, eta lan hau Nif izengoitiz ezagutua den Andre Nikolaori tokatu zaio. Berak ere apustu zailak izango ditu Jai Alaian gisako toki batean soinua egokitzeko eta pilota plazan argiak doitzeko. Sarrerak 15 eurotan salgai dira, eta erreserba daitezke Zuberoako turismo ekintzetxera deituta.
soslaia
PIER PAUL BERZAITZ (KANTARI ETA MUSIKARIA)
Adierazpen berri baten sortzailea
Zamalzain izango da Pier Paul Berzaitzek idatzitako hirugarren komedia musikala. Ezen, Muskildiko semeak Oihenart bizi-urrats eta Euskal Spiritu egin zituen aurretik, eta biek arrakasta handia izan zuten. Halaber, Harizpe, Atarratze Jauregia eta Madalena de Jauregiberri pastoralen idazlea izan da Berzaitz eta datorren urtean Idauze-Mendiko herritarrek emango duten Ramuntxo ere bere lumatik sortutakoa izango da.
Orain arte asmatu dituen ehun bat abestiekin nabarmen egon da, Pier Paul Berzaitzek berebiziko belarri musikala duela eta bere kantuak oso xarmagarriak dira. Bere dohain hau hobekienik gauzatzen da komedia musikaletan, eta euskal kulturaren alorrean adierazpen berri baten sortzaile dela erran daiteke. Alor honetan uzta ederrik eskaini digu jadanik.
jarduleAK
Zamalzain-ek Zuberoako 20 jauzi emaile eta 14 kantari, eta Aragoiko Xinglar baleteko 22 kide biltzen ditu
musikariak
Orkestrazioaz arduratzen den Karlos Gimenezek lokarria egin du bi kultura nahiko ezberdinen artean
Dokumentuaren akzioak