Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Upeletan erronka’-n jardundakoek beste ikuskizun bat sortu dute: ‘Iturrian zer dago?’

Dokumentuaren akzioak

‘Upeletan erronka’-n jardundakoek beste ikuskizun bat sortu dute: ‘Iturrian zer dago?’

Egilea
Felix Ibargutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/04/30

Ikuskizuna aspaldiko labadero batean dago kokatua. Bertan egingo dute topo arropak garbitzera joan diren ama-alabak, eta baserritik, ferira bidean, muturra berotu ondoren ur tragoska bat egitera doazen aita-semeak.



Handik aurrera, bi taldeen arteko maitasun eta sedukzio-jolasak gertatuko dira bi eratara kontatuta: batetik, dantzen bidez, bestetik bertsolarien hitzen bitartez. Eta batzuen eta besteen aldamenean, Ion Ansorregi eta Andoni Larrañaga trikitilariak.



Ohiko fandango eta arin-arinei koreografia berriak eta bestelako dantza-mota batzuk gehitzen zaizkie ikuskizunean zehar, hala nola tangoa eta balsa.



Ikuskizuna martxan jarri duen taldeak Xukan izenarekin bataiatu du bere burua. Otsailean izan zen aurreneko emanaldia, Bilbon, eta lehengo ostiralean Lazkaora joan zen. Oraingoz emanaldi gutxi daude aurreikusita, ikuskizun nahiko jaio berria da-eta. «Zera nahi dugu, Upeletan erronka-ko arrakasta berritu; orduan hiru urtetan zehar 60 bat emanaldi egin genituen», adierazi digu Iban Agotek. Arrakastak arrakasta, euskal dantzak ez du profesionalizaziorako biderik ematen: «Bai, horixe nahi dugula hortik bizi, baina ezin da; hauek moda kontuak izaten dira eta ez da jakiten iraupena; beste lanekin jarraitu beharrean gara», jarraitzen du Agotek.



Dantzari guztiak gipuzkoarrak dira. Iban Agote, adibidez, Lezokoa dugu. Gipuzkoako eta Euskal Herriko dantza sueltoko txapelduna izan zen 1997an, eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko gazte mailako txapelduna 1988an. Ereintza dantza taldeko partaide izana, musika-talderekin ere aritu da elkarlanean eta koreografiak sortu, esate baterako Alboka, Alaitz eta Maider, eta Akelarrekin.



Kimetz Larrañaga Azkoitikoa da. Gipuzkoako eta Euskal Herriko dantza sueltoko txapelduna izan zen 1998, 1999 eta 2000. urteetan. Sahatsa eta Nahia dantza taldeetako partaide izan da baita ere. Agotek bezala, sarri jardun du kantarien laguntzaile.



Aitor Sorazu azkoitiarrak hamabost urtez jardun du txapelketetan, eta Sahatsa dantza taldeko kide dugu.



Ainara Olamusu Irungoa da. Berau ere hainbat urtetan txapelketetan jarduna da, eta Kemen dantza taldean ari da.



Idurre Salvador, berriz, lazkaotarra dugu. Ereintza eta Aurtzaka dantza taldeetan ibilia da, eta gaur egun Nahia taldean dihardu.



Bertsolari titularrak Egaña eta Peñagarikano dira, baina agenda oso betea edukitzen dutenez, emanaldi batzuetan Iñaki Murua eta Aitor Mendiluzek jardungo dute.

Dokumentuaren akzioak