Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Sutargi’, Aukeran taldearen lanik «sendoena» abian

Dokumentuaren akzioak

‘Sutargi’, Aukeran taldearen lanik «sendoena» abian

Gaur erakutsiko dute Elgetan, eta estreinaldia Donostiako Antzerki Ferian izango da uztailaren 12an

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/06/15

Aukeran konpainiak urrats berri bat egin nahian landu du Sutargi koreografia berria, orain arte egin duten lanik luzeena eta mamitsuena. Ia ordu eta erdiko dantzarekin bide berri bati heldu nahi diote, Edu Muruamendiaraz taldeko koreografien egile eta dantzariak Egunkariari azaldu dionez: «Profesionalizazio bidean jarri nahi dugu, oso zaila den arren».



Jada Pauen egina dute erakustaldia, eta «oso harrera ona izan du». Euskal Herrian, berriz, gaur erakutsiko dute Elgetan, baina estreinaldia Donostiako Antzerki Ferian egingo dute uztailaren 12an eta 13an. Jada hamazazpi emanaldi hitzartuak dituzte, «eta ikuskizuna atzerrian ere erakustea da helburuetako bat. Inoiz egin dugun lanik sendoena da».



Sua koreografia anitzen lotura

Aukeranek 1997an sortu zenez geroztik hainbat koreografia egin ditu, baina laburrak. Sutargi orain artekoak bildu eta elkarren arteko lotura emanez osatu dute, koreografia berriak ere gehituz. Garbi Losadak eman die lotura suaren inguruan sortutako istorioaren bitartez. «Koreografiak nahiko ezberdinak dira euren artean, baina harrigarria da Garbi Losadak eman dien jarraipena». Eta lotzen hasita, etenik ez duen proba fisiko izugarria da Sutargi. «Zailtasun berezia du, ordu eta erdi gelditu gabe dantzan aritzea ez baita txantxa». Gizakiaren bizitzan suaren dantzak duen garrantziari buruzko istorioa da.



Elementu berri asko ditu lan berriak, besteak beste, zuzeneko musika. «Beharrezkoa zen musikariak izatea jarraipena emateko». Perkusioa da nagusi instrumentu ororen artean, eta hainbat unetan ahotsa ere sartzen dute kantuetan. «Perkusioarekin dantza indartsua egiten dugu, eta ahotsa sartzen denean harrigarria da dantzak hartzen duen giroa. Oso gustukoak ditut bi elementu horiek». Suaren inguruko dantza irudikatzeko argiztapena funtsezkoa dela dio. «Argiarekin asko jolasten dugu», eta jolas horretan ezinbesteko bilakatzen dira Ramon Garciak egindako jantziak. «Eszenataratzea inoiz baino gehiago zaindu dugu».



Zazpi dantzarik eta hiru musikarik osatzen dute Aukeran, baina hori behin-behinekoa izatea espero du taldearen sortzaileak. «Jendea erakarri nahi dugu. Konpainiak kopuruz handiagoa izan behar du, behar bezalako erantzuna emateko koreografia handiei».

Dokumentuaren akzioak