Dokumentuaren akzioak
Romeo eta Julieta-ren bertsio berria taularatuko du Montecarloko Baletak
Jean Christophe Mailloten koreografia du oinarrian
Literaturan den maitasun istorio ezagunenetarikoa dugu Romeo eta Julietak gorpuztu zutena. 1595ean argia ikusi zuenetik hona, William Shakespearek (Stratford on Avon, 1564-1616) idatziriko tragediak hamaika bertsio eta interpretaziori aurre egin behar izan die. Teoria mailan akaso nabarmengarriena Samuel Taylor Coleridge poetak idatzi zuen saioa da, eta han jasotakoek jada Shakespeareren obraren hilezkortasuna iragartzen zuten. Halaxe frogatu dute garairik garai eta agertokitik agertokira igaro diren hainbat antzezpenek eta zineman egin diren egokitzapenek.
Funtsean obra bera eduki arren, izan da urrats bat gehiago eman nahi eta Shakespeareren lanari esanahi berririk topatu dionik. Halako zerbait egin dute Montecarlo Baleteko arduradunek, zeintzuk Ingalaterrakoaren testuari kutsu historikoa kendu eta sakonean dauden giza harremanei indarra eman dioten. Hitzik gabe, musikaren eta gorputzaren menean garatzen den beren Romeo eta Julieta Bilboko Arriaga antzokian izango da gaurtik igandea arte.
Gaztaroko erokeria
Mailaketak agintzen duen gizarte batean familiaren gogoei aurka egitea baino kontu larriagorik ez dago. Gaztaroaren xalotasunean bizi diren Romeok eta Julietak, baina, maitasuna oztopo guztiak gainditu ditzakeela-eta hasieran bihotzak agindutakoari soilik erreparatuko diote. Veronako sendi aberats eta boteretsu batzuen seme-alabak dira, Capuletotarrena bata eta Montescotarrena bestea, eta denborak eta interesek elkarren aurkari bihurtu ditu. Patuak, ordea, Julieta eta Romeo elkarrekin maitemintzea nahi izango du, familia biren arteko krisia larriagotuz. Baina horrelakoetan amaiera aldez aurretik idatzia dago: amoranteek heriotza izango dute zain.
Sarritan Shakespeareren Romeo eta Julieta-tik artistak gehien erakarri dituena testuinguru historikoa izan da. Montecarlo Baleterako Jean Christophe Maillotek egindako bertsio honetan, baina, klan feudalen ika-mika soziopolitikoek baino toki handiagoa betetzen dute gaztaroko kezkek. Modu horretan bulkadek gidaturik dagoen adingabetasuna da tragediaren korapiloa askatzen duen elementua. Sergei Prokofieven musikak lagundurik egongo da Mailottek sorturiko koreografia, eta hamabost bat dantzarik taularatuko dute berau.
Montecarloko Baleta izen handiko dantza konpainia da. 1909an ikusi zuen argia Sergei Diaghileven eskutik eta Les ballets russes izenpean. Hasierako urteetan taldeko koreografo izango zen Michel Fokineren lanak taularatzeari ekingo zion, eta denborarekin Monacon geratuko zen baleta Charlotte printzesa babesle zuela. Bi Mundu Gerrek, baina, konpainiaren norabidea behin baino gehiagotan aldaraziko zuten, eta hainbat urtez burua altxatu ezinik ibiliko zen. 1985ean Pierre Lacottek eta Ghislaine Thesmarrek baletaren ardura bere gain hartuko zuten, eta berehala iraganeko loria berreskuratzen hasiko zen.
Dokumentuaren akzioak