Dokumentuaren akzioak
Mustraka eta Mintza ikuskizunak, berrikuntzaz hazitako tradizioak
Dantzaz, abestiz eta antzerki-jokoz moldatutako lanak Atharratzen ikusgai dira gaur
MIXEL ETXEKOPAR, Gotañe-Irabarneko txülülari ezaguna eta haren emazte Nicole Lougarot izan dira Mustraka-ren asmatzaile eta bultzatzaile nagusiak. Urtero apirilean antolatu ohi duten Xiru festibaleko egitarau batean aurkeztu zuten lehendabizi Mustraka. Izen hau ez da mentura hutsean aukeratua izan, zeren eta ikuskari horretan Zuberoako pastoralaren doinuak, taula-jokoak eta sinboloak nagusi ageri baitira. Gotañe-Irabarne eta Larrañe herrietako gaztez osatutako aktore taldeak, oro har, dantzaz eta abestiz jauntzitako ikuskizun liluratsu bat eskaintzen du. Ikuskariaren osatzaile nagusia Mixel Etxekopar bera da eta errejent kargua ere darama. Nicole Lougarot da, aldiz, dantzarien aitzindari eginkizuna betetzen duena.
Mintza: kafe-antzerkia zuberotarren moduan
Mintza da, ordea, kafe-teatro antzeko ikusgai bat, eta horretan ere kantuak eta antzerki-jokoak elkarri josita daude. Kantuz ari direnak Tehenta taldeko neskak dira, eta antzerki barregarriko zatiak, berriz, lehenago Tütülüak izena zeramatzatenek eskaintzen dizkigute. Hauek berek moldatutako testuez gain, euskal literaturan hartutako idazlanetan oinarritzen dira Mintzakideak. Zuberoako mendialde zokoetatik herriko ostatura garamatzan ibilbide batean laguntzen gaituzte pertsonaia burlagarri batzuek, antzerki zati eta hitz-joko barregarriz.
Bai Mustraka eta bai Mintza ere Zuberoako euskal kultura tradizioetan oinarritzen dira, baina berrikuntzaz hazita, sorkuntza lan bat dakarkigute. Zuberoan euskal kultura bizidun bat egongo da horrelako lanak eta hauen egile eta emaileak diren artean. Geroa esperantzaz betea da, beraz. Haatik, ikuskari hoberenak ez du balio ikusle barik. Hortaz, aholkatzen dizuegu Mustraka eta Mintza ikustera, entzutera eta, hitz batez, gozatera joan zaitezen gaur arratseko 21:00etatik aurrera, Atharratzeko C.E.G ikastegiaren gelara.
Dokumentuaren akzioak