Dokumentuaren akzioak
Marixe fabula sinbolikoa prestatu du Kresalak, etxeko txikienei zuzenduta
Bihar estreinatuko dute ikuskizuna Donostiako Gazteszenan
Gaztetxoenen artean herri dantza eta musikarako grina eta zaletasuna sortu nahian, Marixe izeneko fabula aurkeztu zuten atzo Kresala dantza taldeko Aitzol Iriondo eta Faustino Aranzabalek. Iriondo izan da ikuskizun honetako gidoilaria eta berak argitu zituen publiko zehatz hori hautatzeko arrazoiak: «etorkizuneko antzerki eta dantza zaletu izango diren haurrak hartu ditugu ikusletzat, etengabeko krisian dagoen dantza esparrutik huts eszeniko eta erreflexiboa betetzeko beharra sumatu dugulako. Hutsune hori betetzeko asmotan, rol integratzailea duen dantza ikuskizun ez lehiakor eta ez elitista bat sortu dugu». Abiapuntu honekin, eta eduki sinboliko argiak dituzten irudiez baliatuz, natura, ingurumena eta animalien munduarekiko errespetu osoa duen fabula bat osatu nahi izan dute Kresala dantza taldeko kideek. «Mezutzat balio positibo eta ez-sexistak dituen dantza programa azkar eta erakargarria osatzen hasi ginen, eta hori gauzatu ahal izateko formula egokia fabula bat izan zitekeela iruditu zitzaigun, dantzaren eta txotxongiloen arteko uztarketa osatuz», adierazi zuen Iriondok.
«Haurren ametsezko mundua»
Era onirikoan aurkezturiko fabula da honakoa, eta hori dela eta, animalia, kolore eta elementu sinbolikoz atondu dute ikuskaria. Faustino Aranzabal zuzendariaren esanetan, «haririk eta makilarik gabeko txotxongilo, musikari eta dantzariz osaturiko emanaldi honekin haurren ametsezko mundu magikoan barneratu nahi izan dugu». Hala, betiko pertsonaiak kolore, doinu, forma eta keinuekin nahasten dituzte, leku eta denbora orotatik aldenduz eta arloteei zuzendutako ametsen eta sinismenen eremuetan murgilduz.
Marixe izeneko dama bat lan honetako protagonista nagusia eta bere zeregina animalien erreinua babestea da. Horretarako katu zuhurraren, azeriaren, ahuntzaren, hartzaren, ehunzangoaren eta oilarraren laguntza izango du. Iriondok azaldu zuenez, «pertsonaia hauekin gaur egungo gizartean galbidean dauden hainbat balio transmititu nahi dizkiegu haurrei, batik bat, ingurumenaren sentsibilizazioa izan dezaten, baina gure kulturaren eta hizkuntzaren alorreko zenbait alderdirekin ahaztu gabe».
Formatu txikiko emanaldia
Guztira 30 dantzarik, bost musikarik eta titiritero papera egiten duten bi aktorek osatzen dute taldea. Honela definitzen du Aranzabalek esku artean duten lana: «Formatu txikiko emanaldia da gurea, antzoki txikietan egitekoa. Umeei ikuskizuna erakargarri egiteko koloreak-eta sartuko ditugu, baina dantza tradizionala ere landu nahi dugu proposamen koreografiko berrien bidez». Bihar estreinatuko dute ikuskizuna Donostiako Gazteszenan, baina udazkenari begira zenbait ikastetxerekin elkarlanean aritzea dute helburu. «Antzokia, dantza, musika eta ulermena ardatz bezala dituen txosten bat egingo dugu, gero umeek landu ahal izateko», zehaztu zuen Aitzol Iriondok.
Dokumentuaren akzioak