Dokumentuaren akzioak
Lazurd, dantzaren eta antzerkiaren mugak gainditzen dituen ikuskizuna, Donostian
Senza Tempo talde katalanak emanaldi bakarra emango du, gaur, Gazteszenan
Ines Boza eta CARLES MALLOL dira Senza tempo taldeko bi kideak. Lehenak, dantzan du jatorria; antzerkiaren mundutik dator bigarrena. 1991. urtetik, elkarrekin lanean hasi zirenetik, bi arte adierazpide horiek uztartu dituzte beren ikuskizunetan, eta hala egin dute Europan zehar erakutsi ondoren gaur Donostian eskainiko duten emanaldiarekin ere.
Bidaia poetiko bat
Taldeko bi kideek atzo aurkeztu zuten Lazurd ikuskizuna, prentsaurreko baten bidez.
Ines Bozak azaldu zuenez, uraren inguruan egin gura duten trilogia baten bigarren lana da: «Lehena Capricho izeneko ikuskizuna izan zen, eta bertan ura iturri moduan azaldu zen. Bigarren lan honetan, urak zirkulu bat osatzen du. Zirkulu horrek bideen iturburua nahiz helburua sinbolizatuko lituzke», azaldu zuen Bozak. Izan ere, Lazurd-en 7.000 ur litro agertokiko parte dira. Ikuskizunaren oinarrian «bidaia bat» dagoela gaineratu zuen Bo- zak: «Bidaia poetiko bat da. Ez dugu ohiko diskurtso narratiboa erabili nahi. Guk ikuslearen irudimena, intelijentzia, hunkitzeko gaitasuna kontuan hartzen ditugu, ondoren ikusleak bere istorio propioa era dezan».
Bidaiaren kontzeptuaren ga- rrantzia azpimarratu zuten bi taldekideek: «Gizakiak behin eta berriro bidaia- tzen du, zenbait ezagutza jasotzeko eta horrek ezberdintasunez jabetzeko balio izaten du. Eta orduantxe ohartzen gara ezberdintasunak beldurra ematen duela. Horixe gertatzen ari da egun Europan: ezberdinak direnak iristen direnean denak urduritzen dira».
Herri nomada eta errarien musikak eta haien izpirituak ikuskizunean garrantzi handia dutela azaldu zuten halaber: «Mediterranear itsasertzeko ijituen musikatik hasi eta Bartzelonako judutarren musikaraino». Oholtzaren eta ikuslearen arteko tartea txikiagotzen saiatzen direla ere nabarmendu zuten.
Dokumentuaren akzioak