Dokumentuaren akzioak
Izeia estreinatuko dute Burlatan, molde tradizionalez haratagoko lana
Herriko Elizgibela kiroldegian izanen da emanaldia, gaur, arratsaldeko 20:30ean
Izeia dantza eta musika ikuskizuna estreinatuko dute gaur Burlatako Elizgibela kiroldegian, arratsaldeko 20:30ean. Atarrabiako izen bereko taldea da ekimenaren bultzatzaile, eta, talde horren baitan, Ismael Yague eta Izaskun Iturri dira ikuskizunaren sortzaile eta musika, jantzi eta koreografien egile.
Izeia obrak euskal dantza eta musika tradizionalak ditu abiapuntu, baina betiko dantza emanaldi folklorikoaz haratago doa, Iturrik azpimarratu digunez: «Elementu tradizionalak baliatu ditugu bai musika, bai dantzak, bai eta jantziak osatzeko ere, baina ukitu berria eman diegu. Dantzei dagokienez, koreografiaren bidetik eraman ditugu, eta, berdin egin dugu jantziekin, elementu tradizionalak eta geuk asmatutakoak nahastu ditugu».
Musikari dagokionez ere nahasketa da nagusi, Ismael Yaguek azaldu digun moduan: «Musika tresna tradizionalak erabiltzen ditugu, akordeoia, txistua, alboka edo silbotea, besteak beste, baina, aldi berean, egungo tresnak baliatzen ditugu». Zuzeneko musika eta aldez aurretik grabatutakoa entzun ahal izanen dira ikuskizunean.
Izeia pertsonaia dantzak elkarrekin lotzeko
Dantza sorta da Izeia ikuskizuna. Dantza edo atal horiek elkarrekin lotzeko, Izeia izeneko pertsonaia asmatu dute Yaguek eta Iturrik. «Iratxoa da Izeia; bere mundua suntsitu egin dute eta birsortzeko dantzak baliatzen ditu», azaldu du Iturrik.
Dantza horien bitartez, hainbat garaitako oroitzapenak gogora ekartzen ditu Izeia iratxoak, eta garai bakoitzarekin egokitzen dira musika eta dantzarien jantziak.
Marta Riberak betetzen du Izeiaren rola, eta, berarekin batera, Itziar Perez de Ziriza, Lohitzune Garcia de Acilu, Katrin Kanpo, Edurne Mata, Irantzu Baraibar, Amaia Munarriz, Iker Larunbe eta Izaskun Iturri bera dira ikuskizuneko dantzariak. Musikariak, berriz, Ismael Yaguerekin batera, Amaia Domeño, Goizane Ilundain eta Katrin Kanpo dira.
Hainbat taldetako kideak dira dantzariak, eta guztiak oso gazteak, 13 eta 26 urte bitartekoak, hain zuzen ere. Taldearen gaztetasuna, hain zuzen ere, erronka izan da Yague eta Iturrirentzat. Azken horrek, gainera, jendeak Izeia bezalako ikuskizunak ikusteko ohiturarik ez duela nabarmendu du: «Jendea ohituta dago eszenatokian dantzari asko ikustera. Gu, ordea, zortzi besterik ez gara; oraindik ez dakigu ikusleen erantzuna nolakoa izanen den».
Ikuskizuna prestatzea ere erronka izan da haientzat, ez baitute inolako laguntza publikorik jaso. Esperientzia, hala ere, ez zaie falta Izeia taldeko sortzaileei, eta, ikuskizun honen aurretik Atarrabiako Mikelats taldeak prestatutako beste batzuetan parte hartu izan dute, Amaia eta Aranbideak; artzai kontuak lanetan, alegia.
Dokumentuaren akzioak