Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Irrintzi’ taldeak berrogeita hamar urte

Dokumentuaren akzioak

‘Irrintzi’ taldeak berrogeita hamar urte

Ekitaldiz betetako urtea iragarri du Irrintzi taldeak 2003. honetarako

Komunikabidea
Txaparro, 29. zkia, Xabier Etxabe
Tokia
Zarautz
Mota
Erreportajea
Data
2003/02/14

Otsailaren hiruan egingo dute azken entsaioa, “Lizardi Antzokia”n, arratseko seietan.

Otsailaren hamaseia, igandea, egun handia izango da Irrintzi taldekoentzat, egun horretan ospatuko baitituzte taldearen berrogeita hamar urteak. Taldekide guztiak gonbidatuta daude Frantziskotarren Elizan goizeko hamar t’erdietan ospatuko den Mezara joateko. Hogeita hamarretik gora lagun elkartu izan dira aurreko urteetan, eta aurten ez dira gutxiago izango. Batzuk ez dute etortzerik izango, beste zenbait hilak dira, baina gainontzekoak han izango dira; besteak beste, Esteban Berazadi eta Aita Altube, hasierako urteetan hainbeste lan egindakoak biak ere. Meza ostean, izango dute Irrintzikoek beta elkarrekin banatutako uneak gogoratu eta aspaldian ikusi gabeko lagunekin egoteko.



Niri ere une horiek zuei kontatzea dagokit, labur bada ere: Irrintzi taldea nola eta zergatik sortu zen, eta urte hauetan egin duen bidea nolakoa izan den.



Hasiera



Irrintzi taldea lagunarte edo koadrila moduan aurkeztu beharrean nago. Marina Aranzabal eta Agurtzane Azpeitiak, “Zarauzko Euskal Jaiak” izeneko liburuan, Irrintzi kuadrila honela deskribatzen dute: “Kuadrila hau [Irrintzi] ez zen guk kuadrilaz ulertzen duguna soilik, hots, lagunartea. Horretaz gain, dantzariak, trikitilariak, txistulariak eta antzerkigileak ziren. Hogeita hamar edo berrogei laguneko kuadrila zen.”



Irrintzi taldea, garai hartan herriak bizi zuen kultura gosea asetzeko sortu zen. Izan ere, Gerrak eten zuen hogeigarren mende hasieran herriak bizi izan zuen pizkundea; berrogeigarren hamarkada antzua gertatu zen kultura alorrean, politika giroak horretarako biderik ez zuen ematen eta. Berrogeita hamargarren hamarkadaren hasieran, oraindik zentsura eta errepresio giroan, orduko gazte batzuk euskal kulturari zirrikituak bilatzen hasi ziren. Horrela, ezerezetik abiatuta, ilusioz ekin zioten bide berriari. Ez pentsa gero bidea oztoporik gabea izan zenik.



Dantza



1952an txistulari talde bat bazebilen martxan, eta dantzari taldea sortzea izan zen hurrengo pausua. Urte horretan dantzak prestatzeari ekin zion koadrilak, galtzear zegoen aurreskuarekin aurreneko urratsak emanaz. Mutil taldea osatu zuten lehendabizi, eta beranduago neska taldea bildu zitzaien.



1953ko otsailaren 15ean, igande batez, Irrintzi talde moduan aurkeztu zen Antonianotako frontoian. Frantziskotarrek eskolaren berrogeita hamargarren urtemuga ospatzen zuten egun horretan, eta taldea “Juventud Antoniana”ren babesean biltzen zenez, lehen ekitaldia horrela egokitu zitzaien. ‘Zinema Pilotalekua’n izan zen saioa. Aita Altube Frantziskotarra izan zuten lagun antolaketan eta dantzarien zuzendari lanak, berriz, Esteban Berazadi dantzari handiak egin zituen (Gerra garaian ERESOINKA taldearekin Europan batetik bestera ibilia zen bera). Dantzari moduan berrogeita hamargarren hamarkadaren bukaera arte iraun zuen Irrintzik.



Antzerkia



Taldea, piskanaka, bestelako ekitaldiak egiten hasia zen. Ekitaldi horietan segida gehien izan zuena antzerkia izan zen. 1957ko ekainaren 9an aurkeztu zuen Irrintzi taldeak Antoniano Aretoan, Mendekoste Egunez, bere lehen antzezlana: Toribio Alzagaren “Ezer ez, ta festa”.

Hasiera haietan ikaragarrizko jendetza elkartzen zen saio hauetara. Euskararen gose izugarria zuen herriak eta euskaraz dibertitzeko aukerarik apenas zen orduan. Antzezlanen propaganda gazteleraz egin behar izaten zuten, eta antzezlan osoa gaztelerara itzuli eta zentsuraren begia gainditu behar izaten zen gainera. Zarautzen urtean hiru emanaldi hitz emanak zituzten Frantziskotarrekin, eta kanpoan ere makina bat obra antzeztu zituzten. Lehenengo saioetan Joakin Larrañaga izan zuten zuzendari, eta gerora Joxe Alberdik jarraitu lan horretan.

Irrintzi ez zen mugatu dantza eta antzerkira. Beste koadrila batzuk egin zuten antzera, Santa Ageda bezperan eta Orentzago egunez eskean ateratzen hasi zen taldea. Ibilbidea herriko tabernetan zehar egiten zuten, eta ohiko geldialdiak zituzten Mateo Mujika Gotzainaren etxea eta Mixerikordia.



Nola ahaztu bi urtez segidan antolatutako Danborrada, Euskal Jaietako karroza eta estanpak, eta aipatu gabe utzi ditudan hainbat eta hainbat ekitaldi!



Eta bukatzeko, hasierako hitzak gogoratu beharrean naiz. Koadrila izaerak, lagunarteak bultzatuta dirauela Irrintzik bizirik. Lagunarte horretan urteroko hitzordua, berrogeita hamar urtez, fin mantenduz; eta une gozoetan ezezik, txarretan ere kideei taldearen babesa eskainiz.

Ez dira hitz hutsak: Irrintzikoak dira horren testigu.

Dokumentuaren akzioak