Dokumentuaren akzioak
Ingura Mingura euskal dantza ikusgarriarekin amaituko da Maitaldia
Claude Iruretagoienak soka-dantzaren inguruan oinarritu du sorkuntza hori
MARITZULI euskal dantza taldeak emanen dio bukaera aurtengo Maitaldiari. Ingura Mingura ikusgarria eskainiko du arratsaldeko 17:00etan, Miarritzeko Gare du Midi gelan. Claude Iruretagoienak zuzentzen duen obra hori soka-dantzan oinarritzen da. Ez du istoriorik, Iruretagoienak Egunkariari zehaztu zionaren arabera. Ikusgarria sei zatitan aurkeztuko dute. Sei aldiz soka-dantza emanen dute, baina sei molde desberdinetara. «Ikusleak sei aldiz gauza bera ikusi badu, parioa galdu dugu», aitortu zuen Iruretagoienak.
Lehenbiziko zatian, dantzaren alde errituala erakutsiko dute. Iruretagoiena 1550. urteko marrazki batean oinarritu da soka-dantza horren sortzeko. «Zerbait biziki sakralizatu» ikusten du Nafarroako erakustokian aurkitu zuen marrazki horretan. Bigarren zatian, jatorri desberdineko bi soka-dantza parekatuko dituzte: biarnesa eta Erronkari aldekoa. «Bi kultura paraleloan ezarri nahi ditut» esplikatu zigun Iruretagoienak. «Dantza horiek desberdinak dirudite, baina berdinak dira», zehaztu zuen.
Hirugarren zatian kutsu garaikideak sortu dituzte. Baina ez dute soka-dantza garaikidea osatuko. Ingurutxo eta soka-dantzen bikote harremanetik abiatuko da zati hori.
Kulturen nahasketa
Tzigane munduarekin gurutzatuko dira ikusgarriaren laugarren zatian. «Kultura hori mugitzen da, eta mugituz bezala, bertze kulturekin aberasten da», adierazi zigun Iruretagoienak.
Bosgarren zatiak maskaradak ditu abiapuntu. Lapurdiko inauteriekin nahasiko du zati hori. «Urteko garai biziki garrantzitsua da: besta anarkista eta aldi berean dantza teknika biziki zorrotza», azpimarratu zigun zuzendari artistikoak. Azkenik, Nafarroa Behereko soka-dantza bat emanen dute.
«Dantza tradizionala, ahal bezainbat, arte gisa erakutsi nahi dut, ez folklore gisa», zehaztu zuen Claude Iruretagoienak atzo. Folklorea «bere erranahi arbuiozkoarekin» gehitu zuen.
Claude Iruretagoienarentzat eta bere taldeko berrogei dantzarientzat eta hamar musikarientzat euskal dantza tradizionala dantza munduan ezagutarazteko aukera da. Horrek bere arriskuak ere badituela aitortu zigun. Maitaldian dantzako espezialista anitz biltzen da. Gustatzen bazaie, hobe. Ez bazaie gustatzen, hainbat gaixto Maritzuli taldearentzat. «Euskal dantzari buruzko eta Euskal Herriari buruzko bertze begirada bat» eman dezakeela uste du Iruretagoienak. Taldeari ate berriak irekitzen ahal zaizkio eta horrek harremanak garatzeko balio du. «Euskaldunok bertzeen arabera berkokatzeko aukera ematen digu: kultura, politika, borroka mailan», gehitu zuen Maritzuli konpainiako zuzendari artistiko Claude Iruretagoienak.
Dokumentuaren akzioak