Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 75 urte kaleak dantzan jartzen

Dokumentuaren akzioak

75 urte kaleak dantzan jartzen

Aitzindariak izan ziren, gerraosteko Donostian, euskal kultura berreskuratzeko lanetan. Ordutik, ezinbesteko erreferentzia izan dira hiriko kultur paisaian, baina atzerrian ere egin dituzte enbaxadore lanak. Belaunaldia berrituta ekin diote urtemuga biribilari, ekitaldiz kargatutako egitarau oparoarekin.
Egilea
Josu Narbarte Hernandez
Komunikabidea
Argia
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/05/05
Lotura
Argia
(Argazkia: Goizaldi)
(Argazkia: Goizaldi)

Goizaldiren 75. urtemugaren ospakizunak otsailaren 2an abiatu ziren, hiriko kaleetan barrena egindako prozesio eta ezpata-dantzarekin; hala egin zuten 1998an ere, 50 urte bete zituztenean. Datozen hilabeteetarako beste hamaika ekitaldi prestatu dituzte, euskal dantzaren aitzindarietako bat den Goizaldik bizi-bizirik jarraitzen duela erakusteko.

Ibilbide luzea
Donostiako kultur eragile zaharrenetakoa da Goizaldi Euskal Dantzari Taldea. 1927an sortutako Udal Dantza Eskolan du iturburua, baina sortu, Gerra Zibilaren ondoren sortu zen, Kandido Pujana (Ordizia, 1905 - Donostia, 1985) maisua aurreko esperientzia hura berreskuratzen saiatu zenean. 1948an mutil-talde bat eratu zuen, eta 1951ean neskena.

50. urteurrena ospatzeko ezpata-dantza prozesioa, 1998an, Donostian. (Iturria: Goizaldi)

Lehen unetik, taldearen helburu nagusia euskal dantza zaharrak berreskuratzea izan zen. Horretarako, Joan Inazio Iztuetak XVIII. mendean egindako Gipuzkoako dantzen deskribapenak hartu zituzten oinarri, baina pixkanaka, Euskal Herriko beste dantza batzuk ere lantzen eta Donostiara ekartzen hasi ziren. Garai zailetan, euskararen eta euskal kulturaren gordailu izan zen Goizaldi.

Ibilbide horren lekuko izan zen Aritz Salamanca Tapia (Lezo, 1979). 1996an sartu zen taldean, 16 urte zituela: “Ordurako 10 urte neramatzan dantza-munduan, Lezoko Murixka taldean, eta Siziliako Roccalumera izeneko herrian ospatzen zen jaialdira joateko gonbidatu ninduten. Handik itzultzean, Goizaldiko kide egitea erabaki nuen, betiere herriko taldea utzi gabe".

Urte horietan, taldea trantsizio-une bat bizitzen ari zen. Salamanca: “Ordura arte gidaritzan aritu zen Ramon Santxezek ardura hori uztea erabaki zuen eta, zenbait urtez Xabier Ezkurra aritu ondoren, 2000. urtean niri eskaini zidaten”.

Salamancak hamabost urtez gidatu zuen Goizaldi, eta lehen eskutik ezagutu du taldearen bilakaera. Garrantzitsua deritzo lagunarteko giroa mantentzea, eta horretan tematu da: "Kideok denbora asko pasatzen dugu elkarrekin, eta taldea osasuntsu mantentzeko ezinbestekoa da harreman ona izatea".

75 urteotan, oinordekotzan jasotako ondare kulturalaren zaintza eta transmisioa izan da taldearen xede nagusia. Salamancak dioenez, Goizaldik “altxor kultural izugarria” jaso zuen Gipuzkoako dantzen ezagutza sakona zuten maisuen eskutik, eta jarduera ugari egin ditu ondare hori zabaltzeko. Lehenik, Donostian; hainbat dantzari-belaunaldi formatu ez ezik, taldeak bere tokia egin du hiriko jai-egutegian ―Arriadako ekitaldia San Sebastian egunean; San Joan bezperako soka-dantza Plaza Berrian; Aste Nagusiko emanaldia; eta abar–. Bigarrenik, Euskal Herriko beste hainbat txokotan; mota guztietako emanaldi eta kale-jiretan parte hartzeaz gain, Gipuzkoako dantzak irakasteko hainbat ikastaro egin dituzte, adibidez. Hirugarrenik, nazioarteko hamaika jaialditan, euskal kulturaren enbaxadore gisa.

Ibilbide oparoa izan da, eta hala oroitzen du Salamancak. “Guretzat ohorea izan da, eta kulturaren eta dantzaren osasunarentzat ere bai”.

Donostiako Plaza Berrian, San Joan Bezperako soka-dantzan, 1950ean. (Iturria: Kutxateka)
Donostiako Plaza Berrian, San Joan Bezperako soka-dantzan, 1950ean. (Iturria: Kutxateka)

Berrikuntza, lau urratsetan
Salamancak 2015ean utzi zuen taldearen gidaritza, eta Ane Bengolainek eta Eneko Munarrizek hartu zuten lekukoa. Hurrengo urteetan atzera ere aldaketak izan ziren taldean, kide ugarik alde egin eta belaunaldi berri bat iritsi baitzen. Hori gutxi ez eta 2019an hainbat istilu izan ziren taldeak bere egoitza duen kontserbatorioko zuzendaritzarekin, ateko sarraila aldatzeraino. Horri 2020ko pandemia eta itxialdia gehituta, taldeak ia urte eta erdiz izan zuen bere jarduna geldituta.

Egoera horretan, hausnarketa prozesua abiatu zuten. Estatutu berriak adostu eta zuzendaritza-taldea berritzeko hautua egin zuten, etapa berri bati ekiteko. Azken urteotan, Ane Lamarka Etxeberria (Donostia, 1997) eta Araitz Iparragirre Lekuona (Oiartzun, 1993) arduratu dira entseguak gidatzeaz. Hainbat erabaki garrantzitsu hartu dituztela azaldu digute.

Afixa historikoak. (Iturria: Goizaldi)
Afixa historikoak. (Iturria: Goizaldi)

Lehen erabakia entsegu mistoak egitea izan zen. Iparragirrek azaldu duenez, 2019ra arte astean hiru saio egiten zituzten: neskek eta mutilek bana, eta hirugarrena mistoa. Orain, bi saio misto baino ez dituzte egiten eta, horri esker, dantzari guztiak dantza guztiak ikasten hasi direla diote. Lamarkaren ustez, horrek presentzia eman die neska dantzariei tradizionalki prestigiozkotzat jo izan diren zenbait dantzatan, orain arte mutilek egin izan baitituzte. “Oier Araolaza bezalako ikerlarien lanek lagundu ziguten erabaki hori hartzen”, azaldu du: “Izan ere, ikusi genuen dantzak generoaren arabera banatzea XX. mende hasierako eraikuntza ideologikoa zela, euskal dantza folklore 'nazional' bezala kodifikatzen ari zen garaikoa”.

Lehen erabaki horrek berez ekarri zuen bigarren galdera: nolako jantziak behar ziren genero-markarik gabeko euskal dantza egiteko?. “Guk argi genuen”, dio Iparragirrek: “Dantzan generoa bereizten ez bagenuen, jantzietan ere ez genuen bereizi behar”. Ordurako baziren dantza guztiak bereizketarik gabe egiten zituzten taldeak (Añorgako Arkaitz eta Beasaingo Aurtzaka, adibidez), eta haiek hartu zituzten eredu.

Gaur egun, Paula Lizartza Muñoz (Donostia, 1997) eta Eneko Iparragirre Lekuona (Oiartzun, 1996) arduratzen dira jantziez. “Sormen-ariketa bat” bezala gogoratzen dute prozesua: “Taldean erabaki genuen nola diseinatu nahi genituen jantzi berriak; zalantza eta eztabaida handiak izan genituen”.

Corpus eguna Ordizian, 1935ean. (Iturria: Kutxateka)

Taldekideak oso pozik daude hartutako erabakiarekin, eta Lamarkak, gainera, uste du "oso ongi" hartu dela kanpora begira ere: "Hasiera batean, oholtzara igo edo plazara ateratzen ginenean, harridura nabaritzen genuen, baina jendeak berehala ulertzen zuen hartutako erabakia, eta egun naturaltasun osoz aritzen gara".

Dantzari ohiena izan da bereziki hunkitu dituen erreakzio bat: “Otsailean, urtemugako ospakizunen harira egindako ezpata-dantzan, taldean ibilitako zenbait emakumek lehen aldiz izan zuten ezpata-dantzariz janzteko aukera; batzuek benetako ilusioa egiten ziela adierazi ziguten, eta horrek berretsi digu emandako urratsa egokia izan zela”.

Goizaldiko dantzariak Llangollen-en, Galesen, 1956an. (Iturria: Goizaldi)

Euskal Herritik kanpo, aldiz, harridura handiagoa antzeman dute. Iparragire: “Azken urteetan bi jaialditan izan gara: 2018an Idahon eta 2022an Polonian, eta ikusmira handia piztu genuen”. Hori tradizioaren inguruko ikuspegiarekin lotuta egon litekeela uste dute elkarrizketatuek. “Europa ekialdeko herrialde batzuetan, folklorea nazio-identitate tradizionalekin identifikatzen da, eta parametro horietan ez dago toki handirik ikuspegi kritikoak eta berrikuntzak lantzeko. Genero-rolak oso markatuta egon ohi dira, eta harrigarria zaie guk marka horiek desegin izana”.

Hirugarren erabaki garrantzitsua entsegu-aretoari lotuta egon da. "Beharra bazutela" diote, aitortzen dute, baina azken urteetan "hainbat arazo" izan dute antza. Horregatik garbitu eta txukundu egin dute aretoa, ispiluak eta altzariak berrituta, adibidez. Hala ere, kontserbatorioko zuzendaritzarekin izandako istiluen ondoren ur-hornidura etenda gelditu zaie, eta aldagelak eta komunak erabili ezinda dabiltza. “Horrek buruhausteak eragiten dizkigu eguneroko dinamikari ekiteko orduan”.

Gauzak horrela, batzorde bat osatu dute areto berria lortzen saiatzeko. “Oraingoa Donostiako Udalak utzi zigun aspaldi, baina gero eraikin osoa Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen kontserbatorioa kokatzeko. Gu egoera lauso batean gelditu gara, eta eskertuko genuke erakundeek konponbide bat bilatzen laguntzea”. 2019az geroztik hainbat bilera izan dituzte Udalarekin eta, hasiera batean konsistorioa laguntzeko prest azaldu bazen ere, egoera blokeatuta dago gaur egun.

Berrikuntza-dinamika horren baitan, publiko zabalarekin harreman estuagoa garatzea izan da Goizaldik hartu duen laugarren erabakia. Hala, Lide Pagola Agorregik (Usurbil, 2000) taldearen sare sozialak dinamizatzeko ardura hartu du; “jende gehiagorengana iritsi nahi dugu”. Horrekin batera webgune berria sortu dute eta taldearen Wikipediako orria ere osatu eta garatu dute. Ander Domingo Pikabea (Lezo, 1988) taldearen artxibo grafiko oparoa antolatzeko lanetan dabil.

Geroa, helburu
Goizaldiren berrikuntza-prozesua euskal dantzak bizi duen egoeran kokatu behar da. Izan ere, talde ugarik nabaritu dute azken urteetan beherakada, bai dantzari-kopuruan, bai disziplinak agenda publikoan daukan ikusgarritasunari dagokionez. Xabier Etxabek, adibidez, 2009an idatzitako artikulu batean ohartarazi zuen euskal dantza halako “infantilizazio” bat pairatzen ari dela; helduak pixkanaka erretiratzen joan dira eta, haien gibeletik, baita nerabeak ere. Horrekin batera, nabarmena izan da feminizazio prozesua ere; emakumeen parte hartzea normalizatu izana berri pozgarria den arren, hausnartzeko modukoa litzateke zergatik gero eta gizon gutxiago hurbiltzen diren disziplinara, eta genero-rolen arabera antolatutako kultur sisteman horrek loturarik ba ote duen jarduera bakoitzari aitortzen zaion prestigio sozialarekin.

Goizaldiko egungo dantzariak, entsegu egun batean. (Argazkia: Goizaldi)

Donostiako taldeak ere argi du euskal dantzaren geroa segurtatzeko erronka handiak daudela mahai gainean. Transmisioarena da nagusietako bat. Hainbat urtez, taldeak dantza-akademia izan du nerabeak formatzeko eta harrobia lantzeko; bada, azken bi urteetan, ez dute ikaslerik izan, eta “hausnarketa” bat beharrezkoa dela iritzi du Iparragirrek. “Kontutan hartu behar da, Gipuzkoan, eskola kirola Foru Aldundiak babesten duela; baina euskal dantza ez da sartzen aterki horren pean. Dantza taldeok autosufiziente izatera behartuta gaude, gure burua ezagutzera emateko eta gazteak erakartzeko orduan”. Euskal kultura eta ariketa fisikoa uztartzen dituen diziplina izaki, erakunde publikoek euskal dantza suspertzeko ahalegin handiagoa egin lezaketela uste dute.

Dena den, baikor begiratzen diote geroari: “Zailtasunak gaindituko ditugu. Argi dago herritarrek oraindik ere dantza eskatzen dutela plazetan. Urtean zehar hainbat ekintza egiten dugu, eta jendeak propio bezala sentitzen ditu, ordezkatuta ikusten du bere burua”. Dantzariak ere gogotsu daude, ikasitakoa zabaldu eta gauza berriak probatzeko prest. Kultura kontzeptuak adierazpen estetiko gero eta estandarizatuagoak soilik biltzen dituela dirudien garai globalizatuotan, turista-uholdeen azpian itotako Donostia honetan, ez da gutxi jendeak dantza gosea edukitzea.

Dokumentuaren akzioak