Dokumentuaren akzioak
60ko loraldiaren kronika
Pako Aristi idazleak atondu du gidoia, eta Olatz Beobide aktorea arduratu da antzokira eramateaz
«Esaik hamahiru!, eskatu dio deabruak Ez dok hamahiru erantzun dio Martin errementariak». Egon, ez zegoen hamahirurik Martin errementariaren ipuinean. Baina sortu zen, 1965ean; Ez Dok Amairu musikari taldeari esker. Euskal Herriko kantagintza eraldatu zuen talde enblematikoak bete zuen euskal mitologian hutsik zegoen 13. zenbakia. Eta orain, Korrikaren 13. ekitaldia hastear, zenbaki magiko eta misteriotsu horren karietara estreinatuko dute Hamalau baietz ikuskizuna igandean, Donostiako Kursaalean. Hamahiruaren ondotik hamalaua etor dadin.
«Ez Dok Amairu musikari taldea omentzea zen hasierako ideia, baina zabaldu egin da. Azkenean, musikari taldea sortu zen urtetik hasita, hamarkada osoa kontatuko dugu», azaldu du Pako Aristik, Hamalau baietz ikuskizunaren gidoigileak. 1965etik 1975era bitartean zer gauza gertatu ziren, zergatik eta zer garrantzi izan duten kontatuko dute. Ordu eta erdiko ikuskizunean. Eta behin bakarrik; ez dute errepikatuko etziko emanaldia.
Aristik ongi ezagutzen du garai hura, Euskal kantagintza berria liburua idazteko ikertu egin baitzuen. Ikuskizuna, ordea, kantagintzaz eta beste gauza askotaz ariko da: artea, antzerkia, dantza eta beste zenbait kultur adierazpideren hamarkada hartako kronika egingo dute. «Dena dela, giro politikoa ere aipatuko dugu zati batzuetan». Hala, Txabi Etxebarrieta-eta Guardia Zibilak nola hil zituen, kantaldietako zentsurak
agertuko dira. Zer gertatu zen esatearekin batera zergatik jazo zen azaltzeko.
Gidoia idazteko, lan harreman estua izan du Aristik ikuskizuna eszenan zuzenduko duen Olatz Beobide aktorearekin. «Lehenik eta behin, paktu bat egin genuen biok: gala klasikoaren formatua alboratu eta gauza biziagoa egitea deliberatu genuen, antzerkiarekin loturiko zerbait egitea».
Aristik hasieran idatzi zuen gidoia bi aldiz aldatu edo egokitu dute. «Izan ere, Olatzek esketxak eszenara eraman dituenean konturatu gara ez dutela funtzionatzen. Nik baino lan gehiago egin du Olatzek ikuskizun hau moldatzen», azpimarratu du idazleak.
«Pittin bat abangoardista izango da emanaldi hau», ohartarazi eta jarraitu du: «Garai hartan egin zituzten gauzak ere nahiko abangoardistak ziren garai hartarako. Gu ere horretan ahalegindu gara».
Ipuinetako eta eskulturetako pertsonaiak aurkezle
Aurrez esan bezala, antzerkia eginez egingo dute hamarkadaren kronika kulturala; esketxen bitartez. Ainhoa Aierbe, Idoia Sagarzazu, Mireia Gabilondo, Anjel Alkain, Pantzo Irigarai, Mikel Laskurain, Iñaki Bergara, J. Ramon Argoitia, Joxean Bengoetxea, Xabier Agirre eta Iñaxio Tolosa aktoreak hamarkada hartako pertsonaia askoren larruazalean sartuko dira. Ez Dok Amairu musikari taldeari izena eman zion ipuineko Martin errementaria eta deabrua gorpuztuko dituzte, besteak beste. Bi pertsonaia horiek behin baino gehiagotan irtengo dira oholtzara, eta hamarkadan gertatu ziren gauzak izango dituzte hizpide. «Horrela, gertaerei buruzko informazioa eman eta horren antzezpenari bide emango diete. Nolabait, ikuskizunaren aurkezleak izango dira». Arantzazuko Oteizaren lau apostoluk ere gauza bera egingo dute, Kursaalean hezur-haragizko bihurtuko direlarik.
Esketx horien baitan garaiko argazkiak eta film zatiak (Ama Lur, El pelotari
) proiektatuko dituzte oholtzaren atzeko pantailan. «Dena nahasian joango da». Antzezpenak, irudiak eta musika. Izan ere, Karlos Jimenezek eta beste lau musikarik zuzenean eskainiko baitute kontzertua.
Zuzeneko testigantzak
Nahasmen antolatu horretan, benetako testigantzak eta benetako erakustaldiak sartuko dituzte. Argia dantza taldearena, adibidez. «Urbeltz taula gainera igo eta garai hartan dantzak berreskuratzen nola hasi ziren kontatuko du». Eta gero, berreskuratu zuten hura eskainiko dute dantzariek. Urbeltz folkloristak legez, Arantxa Gurmendi aktoreak, Arantxa Urretabizkaia idazleak, Jose Mari Iriondo kazetariak eta Eneko Labeguerie kantariak oholtzara igo eta azalpenak emango dituzte: Jarrai antzerki taldeari buruz, Lur argitaletxeari buruz, Loiolako Herri Irratiaren emisioei buruz, besteak beste.
Dokumentuaren akzioak