Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 60 urte eragiten

Dokumentuaren akzioak

60 urte eragiten

Deustuko Bihotz Alai folklore taldea sei hamarkada betetzera iritsi da. Belaunaldi ezberdinetako kideek dantzan, noski, ospatuko dute urteurrena larunbatean. Deustuarrei parte hartzeko deia egin diete.
Egilea
prestaldizkaria
Komunikabidea
Uriola
Tokia
Deustualdea
Mota
Albistea
Data
2018/10/25
Lotura
Uriola

Poza nabari da Bihotz Alai taldeko kideen artean larunbateko ospakizunaren atarian. 60 urte bete ditu taldeak. “60 urte Deustun euskal folklorea hedatzen”, dio Jabi Ortega kideak. “Harrotzekoa da eta taldekide izan garen lagunok elkartzeko modukoa”. Esan eta izan. Urriaren 27an, 1958an Bihotz Alai sortu zuten hainbat lagunek parte hartuko dute jaialdian eta, eurekin batera, ondorengo belaunaldi guztietako kideak. Hitzordua dela eta, “oso gauza politak gertatzen ari dira” taldekideen artean. Batik bat, 80 lagun inguruk osatzen duten WhatsApp taldea sortu zutenetik. Ortegaren arabera, “urtetan elkarrekin hitz egin gabeko jendeak elkarrekin hitz egiteari ekin dio edota argazki zaharrak konpartitzeari”. Gogotsu daude komunean dutena partekatzeko. Taldearen historia astindu eta eguneratzeko. “Batzuk Galiziatik etorriko dira eta beste batzuk Alemaniatik, pentsa”.

60 urte eragiten

Izan ere, Bihotz Alaik ibilbide oparoa izan du 1958an mutil dantzarien taldea sortu zuenetik. Bi urtera, 1960an sortu zuen nesken taldea, 1968an Olentzero eta bere kalejira antolatu zituen eta 1977an Deustuko inauteriak. Bai Olentzero bai inauteriak Bizkaian modu herrikoian antolatutako lehenengoak dira. Zalantzarik gabe, Deustun talde eragilea izan da. Asmoa “beti izan da eragitea”, taldekideen esanetan. Bihotz Alaik ekintzaren bat antolatu duenean “herrikoia izateko” xedearekin sortu du, “eta ez Bihotz Alairena izateko”. Ildo horretan, 1999an, beste ekimen bat abiatu zuen, Deustuko andreen aurreskua berreskuratu eta egokitu zuen, gaurdaino iraun duen ohitura. 

Jaialdia

Larunbatekoa dantza ekitaldia baino, “jaia” izango da, “ospakizun bat”. Umeek dantzatuko dute lehenengoz eta nagusiek gero. Aurresku mistoa dantzatuko dute nagusiek. “Alde batetik mutilek eta bestetik neskek, nork bere zatia, elkarrekin soka berean dantzan bukatzeko”.

Ekitaldian txistulariei gorazarre egingo diete. Asko dira Bihotz Alaitik pasatako txistulariak, tartean batzuk taldearen arduradun izan direnak. Aitortza egin nahi diete txistulariei, besteak beste, “normalean txaloak dantzariei egiten dizkietelako eta ez eurei”.

Ekitaldi formalaren ostean, “taldearen historian esanguratsuak izan diren dantzak” dantzatuko dituzte taldekide ohiek, esaterako, arku-dantza, El Ciegoko jota, Kaixarranka, Otsagiko dantzak edota dantzari-dantza. Eta amaitzeko, kalejira egingo dute Deustuko plazetan zehar “formatu herrikoiagoan, erromeria eta tabernak uztartzen”.

Bazkaltzeko, Done Petrin paratuko duten karpapean, 100 bat lagun espero dituzte.

Karpan, egun osoan zehar, argazki-erakusketa izango da ikusgai. Bihotz Alai taldearen 200 bat argazki, “1958tik iazko ekitaldira artekoak”.

Finean, “herria dantzan jartzea” da Bihotz Alairen helburua, eta egungo taldekideei, ume zein gazteei mezu hori helaraztea ezinbestekoa. “Taldekide gazteentzat oso garrantzitsua da horrelako egun bat ulertzen baitute zer izan den taldea, zer gertatu den eureak sartu baino lehen, alegia, gaurdaino heldu dela askoren dantza, irri eta malkoen ostean”. Belaunaldi arteko transmisioa egiteko eguna izango da larunbatekoa Deustun.

Dokumentuaren akzioak