Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 50. urteurreneko jaialdia egingo du bihar Urretxuko Lurra dantza taldeak

Dokumentuaren akzioak

50. urteurreneko jaialdia egingo du bihar Urretxuko Lurra dantza taldeak

Iparragirre plazan izango da, 19:00etan. 400 lagun inguruk parte hartuko dute. Urte hauetan guztietan ezagututako musikari eta dantzariak gonbidatu dituzte
Egilea
Asier Zaldua
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2015/10/09
Lotura
Goierriko Hitza

Lurra dantza taldeak 50. urteurreneko ospakizunei amaiera emango die bihar, jaialdi erraldoi batekin. Iparragirre plazan izango da, 19:00etan, eta 400 lagun inguruk parte hartuko dute. Eguraldi txarra egiten badu, Aldiri kiroldegian egingo dute.

Jaialdian, egungo dantzariekin batera, garai batean Lurra taldean dantza egin zuten urretxuar eta zumarragar askok parte hartuko dute.

Gainera, Lurrakoek lagun asko gonbidatu dituzte: Kanariar Uharteetan bizi den Rogelio Botanz abeslari legazpiarra, Santanderren musika irakasle den Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarra, Xabier Barriola abeslaria, Edurne Iturbe trikitilaria, Urretxu eta Zumarragako txistulari taldeak, Urretxuko gaiteroak, Urretxuko erraldoiak, Goiargi abesbatza, Zuhaitzaren Soinua txalapartari taldea, Sara Zufiaurre klarinete-jotzailea, bertso eskolako ikasleak eta Errenteria, Legazpi, Gabiria, Beasain, Asturias, Katalunia eta Kanariar Uharteetako musikari eta dantzariak.

Jaialdia amaitu eta gero, 22:30ean, herri afaria egingo dute Ederrena pilotalekuan. Txartelak Laket eta Buhame tabernetan eta Lurraren lokalean eskura daitezke. Afalostea DJ Tirapuk girotuko du.

Lurra dantza taldeko Juanlu Elgarrestak goierritarrei gonbitea luzatu die. «Orain arte egindako ospakizunekin oso gustura gaude, baina larunbatekoa sekulakoa izango da. Horrenbeste jende elkartzeak eta ikuskizuna prestatzeak lan handia eman digu, baina merezi izan du. Jaialdia oso polita izango da eta jende asko hurbiltzea espero dugu».

Zin egin die ez direla damutuko. «Jende askok parte hartuko du (tartean 60 urtetik gorako dantzariek), musika mota ezberdinak fusionatuko ditugu, tokia zoragarria da… Oso argi genuen jaialdia Iparragirre plazan egingo genuela. Izan ere, Erdi Aroko kale hauetan dago Urretxuko bihotza».

Biharko ekitaldiekin urteurren ospakizunari amaiera emango diote. Udaberritik hona, makina bat ekitaldi antolatu dute: erakusketak, dantza erakustaldiak, liburu digital baten argitalpena, erromeria…

Pregoia, hunkigarria

Gainera, jaietako pregoia beraiek irakurri zuten. Hori izan zen, hain zuzen ere urteko ekitaldi hunkigarriena. «Oso ekitaldi berezia izan zen. Guztiok asko hunkitu ginen, baina batez ere dantzari ohiak», amaitu du Elgarrestak.

Dokumentuaren akzioak