Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 50 urte, familia giroan

Dokumentuaren akzioak

50 urte, familia giroan

Egilea
Imanol Garcia Landa
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Erreportajea
Data
2022/07/24
Lotura
Ataria
Xabier Zelaiak eta Juan Jose Agirrek Tolosako Udal Txistulari Bandan 50 urte bete dituzte. I.G.L.

Hamabost urte zituztela sartu ziren batera Xabier Zelaia eta Juan Jose Agirre Tolosako Udal Txistulari Bandan. Mende erdia bete dute bertan. Agirrek dagoeneko utzi du taldea, eta azken ikasturtea falta zaio Zelaiari.

Gaia edozein delarik ere, 50 urte kontuan hartzeko kopurua da. Xabier Zelaia Txirrita-k (Tolosa, 1957) eta Juan Jose Agirre Ttanbor-ek (Legazpi, 1957) urte horiek guztiak bete dituzte Tolosako Udal Txistulari Bandan, eta San Joan jaien inguruan egindako kontzertu berezian, Arnas berrizizenekoan, taldekideen omenaldia jaso zuten.

Ez zuten espero omenaldirik. «Bukatzen ari ginenean Txirri, Mirri eta Txiribitonen abesti bat jo genuen. Haiek 50 urte egin dituzte, eta aurkezlea hasi zen esanez guk ere bete genituela 50 urte, eta orduan konturatu ginen guri ere bazetorkigula zerbait», azaldu du Zelaiak. Agirre publikoan zegoen, dagoeneko ez delako Udal Txistulari Bandako kidea. «Xabier kontzertuan zegoen, agertokian bertan, beraz, ez zuen alde egiterik. Ni hor izan nintzen alde egin ala ez pentsatzen», esan du. «Esan zutenean gora igotzeko, harrituta geratu nintzen, eta igotzea tokatu zen. Gehienbat irrigarri geratuko nintzateke gora igo ez banintz, plazaren erdian bainengoen». Emanaldi berezia izan zen kontzertua, herriko hainbat talderekin. Omenaldian oroigarri bat jaso zuten Zelaiak eta Agirrek, txantxoen txapela bat tamaina txikian. «Oso polita», ekarri du gogora Zelaiak.

Agirrek 65 urte bete zituenean jubilatzea erabaki zuen. «Bandatik bakarrik ezin nuen bizi eta bestelako lanak egitea tokatzen zen, lanaldi osoa izateko», dio Agirrek. Beste lanean errelebo kontratua bukatzen zitzaion eta erabaki behar nuen jubilatu ala ez, eta horrela hartu zuen erabakia. Eta erabaki horrek ere eragin zuen Udal Txistulari Banda uztea. «Tarteka jotzen dut, baina lagunekin-eta, kontzertuetan eta ez», dio atabalariak. Legazpin jaio zen, baina gaztetxoa zela familia Tolosara etorri zen. «Ni tolosarra naiz, nahiz eta jaiotzez ez izan. Gainera, txistulari bandako parte izatea beste koska bat da», dio erdi barrez.



Igandero, herriko kaleetatik

Txistulari bandakoen zereginetako bat igandero Zortzikoa jotzea izaten da. 50 urtetan, beraz, igandero aritu dira kalejira egiten, eta horrek bere lana duela diote, baina gustukoa izan dela ere gaineratu dute. Igandero aritu direla ez da berez zehatza, lau igandez behin libratu egiten dutelako bandako kideek. Izan ere, sei kide izaten dira bandan, lau txistulari, perkusionista eta atabalaria, eta igandeko Zortzikoan lau kidek parte hartzen dute. Zehatza hasiera ordua da: 08:45ean hasten dira udaletxetik eta Alde Zaharretik itzulia egiten dute. Gero auzo batera edo bestera joaten dira. «Nahiz eta parranda egin, tokatzen bada azaldu egin behar da», dio Zelaiak. «Hori bai, gaixotzen bazara-edo ez zara joaten, beste norbait abisatzen duzu ordezkatzeko, baina bestela hor egon behar da».

 

Juan Jose Agirre: «Hamabost urterekin [bandan] sartu ginenean, ez zen diruagatik izan» 



Kalejiran joaten direnean bi txistulari, silbote-jotzailea eta atabalaria izaten dira. «Sei izaten gara kontzertuetarako. Batek atabalak jotzen ditu, besteak marinba edo perkusio instrumentuak», dio Zelaiak. Seme bana dute tronpeta jotzen dutenak, eta horiek ere joan izan dira tarteka laguntzera. Emanaldi berezia dagoenean beste musika instrumentuen parte hartzea izaten dute bandakoek.

Zelaia eta Agirre batera sartu ziren Udal Txistulari Bandan, 15 urte zituztela. Aurretik Udaberri Dantza Taldean elkar ezagutu zuten, hamaika-hamabi urterekin, eta pauso hori izan zen gero bideratu zituena bandan sartzera. Beraien ezizena ere Udaberrin jarri zieten. Agirrerena, Ttanbor, danborra jotzetik dator. Zelaiarenak, Txirrita, azalpen luzeagoa behar du: «Udaberrin abesten aritzen ginen, eta bertsoak abesten genituen, baina idatzitako bertsoak, bat-batekorik ez. Hortik dator nirea». Txaparrok jarri zizkien ezizenak. Gainera, Zelaiaren kasuan, bere ezizenak semeek dituztenetan eragina izan du: «Semeetako bati Txirri deitzen diote, tronpeta jotzen duenari, eta besteari Mirri. Beste bat etorri izan balitz Txiribiton izango zitekeen». Inguruan zein herrian barrena, askok ezizenez ezagutzen dituzte Zelaia eta Agirre.



Udaberrin sartzearena Zelaiari familiako tradiziotik iritsi zitzaion: «Zortzi anaia-arreba eta guztiak pasa dira Udaberritik. Batzuk musikari, besteak dantzan, beste batzuk laguntzen. Ni bosgarrena naiz, eta niri ere tokatu zitzaidan dantza taldera joatea». Dantzan zertxobait aritu zen, baina azkenean txistulari jarri zen. Agirre ere dantzan hasi zen Udaberrin, «baina ez nintzen oso ona, eta Txaparrok belarri pixka bat nuela jabetu, eta danborra erakutsi zidan. Gero Xabierri eta beste batzuei esker, zerbait egiteko gai izan gara. Nik oso oinarrizko ikasketak ditut. Solfeo pixka bat ikasi nuen, eta perkusioa beste lankide batek erakutsi zidan. Ikasketak nahiko murritzak izanik, Xabierrek laguntzen zizkidan gauzak prestatzen».

Zelaiak txistuko ikasketak egin zituen, eta egun txistu eta dultzaina irakaslea da Beasainen, bertako udal musika eskolan. Horrez gain, Amarotzen ere klase partikularrak ematen ditu. Donostian ikasi zuen, Ansorenarekin, kontserbatorioan. «Horrekin aukera zegoen gero klaseak emateko. Orain Musikenera joan behar da eta maila altuagoa behar da», azaldu du. Txistu ikasketak 25 urte zituela bukatu zituen, beraz, hamar urte inguru bazeraman dagoeneko txistulari bandan.

 

Xabier Zelaia: «Askotan [Alboradara] lo egin gabe joan izan gara; gaur egun ez» 



Beraiek sartu aurretik Lezeatarrak zeuden bandan. Arazoak izan ziren bandaren eta udalaren artean, eta alkateak denak kaleratu zituen, eta ondoren deialdia egin zuten kide berriak sartzeko. «Sanjoanetan Udaberriko txistulariek jo genuen», gogoan du Zelaiak. Deialdian biak batera sartu ziren, azterketa bat egin ondoren.

Udal Txistulari Bandako kide izateagatik soldata kobratzen da, baina lanaldi murritzean. Negoziaketak-eta egin behar izan dituzte, bestela sartu zirenetik gaur egun arte «ezerezean» geratuko zirela diote. Tartean gizarte segurantzan alta eman zieten. «50 urte hauetan kontu horiek asko aldatu dira. Lan bat da, horregatik igandean tokatzen denean jotzea, tokatzen da», esan du Agirrek. «Hori bai, hamabost urterekin sartu ginenean, ez zen diruarengatik izan, bandaren parte izateak izen bat zuelako izan zen gehiago», azaldu du Agirrek. Ez du bere lanbide nagusia musikarekin lotutakoa izan. Gogoan du hamalau urterekin lanean hasi zela kalderero moduan. «Sanjoanetarako ikasketak bukatu, eta abuztuaren 11n hasi lanean. Lehengoko hamalau urteak ez dira oraingoak».

Hamabost urterekin sartu eta bandan 50 urte egiteak badu bere arrazoia. «Arrak heldu egiten dizu, hor irabazten denagatik inork ez luke jarraituko. Gustukoa dugulako, eta gure artean hartu-emana ona izan delako. Beti izaten dira ika-mika txikiak baina oso ondo moldatu izan gara. Hori eskertzeko gauza da», zehaztu du Agirrek, eta Zelaiak gaineratu: «Bestela, gustura ez bazaude, utzi egiten duzu».



Festarik festa

Ezberdinak dira Udal Musika Banda eta Udal Txistulari Banda, izena antzekoa izan arren. «Gure instrumentuekin egin dezakezu hau, hau edo hau. Musika banda ezberdina da, instrumentu asko daude», esan du Zelaiak. Musika bandan izan zen urtebetez klarinetea jotzen, baina azkenean denetan zebilela eta zerbait utzi egin behar eta hori utzi zuen. Leidor abesbatzan abeslari bezala ere aritu ziren. Zelaia bigarren tenor eta Agirre baritono moduan. Iñaki Letamendia, orain gutxi arte udal txistulari bandako zuzendaria eta beste biekin sartu zena orain 50 urteko deialdi hartan, baju bezala aritzen zen koralean. «Hirurok egon izan ginen ere dultzaina jotzen Baionako festetan bi urtez. Gero Euskal Herriko Itzulian ere izan ginen dultzainarekin, eta anaia soinuarekin», zehaztu du Zelaiak.

Igandeaz gain, auzoetan dianak edo kalejirak jotzen dira. «Sartu ginenean hamalau festa nagusiak jotzen genituen korporazioan», esan du Agirrek. «Zinegotzi bakoitzaren etxean deia jotzen genuen, gero alkatearen etxearen aurrean, eta horrez gain prozesioak eta abar. Gero udala akonfesionala deklaratu zenean, sanjoanetan Bezperak eta San Joan Eguna egiten genuen». Horrez gain, protokolo kontuak egitea ere egokitzen zaio txistulari bandari, agintariren bat etortzen bada. Aurrekoan, adibidez, Gipuzkoako Batzar Orokorraren bilera izan zenean parte hartu behar izan zuten txistulari bandakoek.

 

Xabier Zelaia: «Orain Loatzo musika eskola dagoenez, badaude txistulariak herrietan eta beraiek jotzen dute»



Igandetan Zortzikoa jotzeaz gain, mezaren ondoren kontzertua ematen zuten udaletxeko arkupean. Eta, arratsaldean, Euskal Herria Plazan edo Zumarditxikian egiten zen dantzaldian jotzen zuten, jazbanarekin batera. Igande osoa lotuta zuten, beraz. Gerora dantzaldian jazbana kendu egin zen eta beraien parte hartzea pixka bat mantendu bazen ere, azkenean bertan behera geratu zen. Gaur egun, hamar bat emanaldi egiten ditu txistulari bandak urtean zehar, horietako batzuk musika bandarekin elkarlanean. Esaterako, orain urte gutxi batzuk herrian antolatzen hasi den Tolofolk jaialdian parte hartzen dute txistulariek. Ohiko emanaldietara gehienetan «betikoak» joan ohi direla diote. Uda partean, igandetan Zortzikoa jotzerakoan, tarteka gaupasa egindakoen konpainia izan dute, baina orokorrean inguruan inor ez dutela aritzen dira.

Inauterietan ere izaten du Udal Txistulari Bandak zeregina. Ostegun Gizenean txupinazoaren aurretik, igandean Zortzikoa, eta zezen festetara joan aurretik Idiarena pieza jotzea. Asteartita goizean, seietan, Alborada izaten dute. Hainbeste urtetan hor izanik, dagoeneko ohitu ziren ordu txikietan bertan egotera. «Askotan lo egin gabe joan izan gara. Baina hori garai batean izan zen, gaur egun ez», esan du Zelaiak. Entzuten dutenen artean ez dira denak gaupasa egindakoak. «Izaten da bakarren bat joaten dena espresuki Alborada entzutera», gaineratu du Agirrek.



Mende erdian izan dituzte zenbait anekdota, baina ez hainbeste. «Behin, pilota partida batera danborra jotzera joaterakoan, pilotari afizionatuekin batera atera, gerrikoa puskatu eta danborraren atzetik korrika ibili nintzen, denak barrez entzuten nituela», ekarri du gogora Agirrek. Zelaiak Irurako festetako pasadizo bat du gogoan: «Bertako festetara joaten ginen jotzera, eta urte batean gotzaina etorri zen, zerbait inauguratzera. Meza nagusia egin bitartean, gu hamaiketakoa egitera joaten ginen. Atera ziren mezatik, dantza egiteko prest, eta txistulariak falta. Normalean gu egoten ginen zain, eta egun horretan gure zain egon behar izan zuten. Orduan ez zegoen mugikorrik...».


Iruñeko Udalak omenaldia egin zienekoa Tolosako Udal Txistulari Bandakoei, sanferminetan mendeurrena betetzean. ATARIA

Hitzordu berezia Iruñeko San Fermin festa izaten du txistulari bandak. Beraiek 1980an hasi ziren bertara joaten. «Aurretik Lezea-eta joaten ziren, eta urte batzuetan hutsunea izan zen. Gero, gu hasi ginen. Duela zortzi urte, 2014an, bete zen mendeurrena Tolosako Udal Txistulari Banda Iruñera joaten zela», esan du Agirrek. «Gero, hurrengo urtean Maisonnave hotelak egin zigun omenaldi bat. Urtero egiten du, sanferminen inguruan, festetan parte hartzen dutenei». Garai batean Iruñean ez zen txistularirik izango, eta Tolosatik hasi ziren joaten. Zelaia eta Agirre joaten hasi zirenean, bazegoen bertan txistulari banda, eta elkarrekin aritzen ziren, gaur egun izaten den moduan. Azken urteetan, San Joan Egunean Iruñeko bandakoak etortzen dira Tolosara.


Udal Txistulari Bandako kideak, San Joan Eguneko prozesioan, 1990ean. ATARIA


Sanferminen txupinazoan plazan bertan egiten zuten emanaldia, bai txistulariek zein Iruñeko musika bandak, eta gero kanpora ere ateratzen ziren dultzaineroak. «Azken urteetan kanpoan ezin izaten zen, eta udaletxe barruan egiten genuen. Alkandora zuriarekin joaten ginen, eta plazan minuturako zikinduta zegoen», esan du Zelaiak. Hain justu, aurten berreskuratu egin dute ohitura hori. Agirre, noski, ez da izan, dagoeneko ez dagoelako bandan, eta Zelaia ez da aurten joan Iruñera. «Beti ezagutu dugu jendez gainezka plaza», esan dute. «Udaltzainek jartzen zuten kordoi bat eta musika banda eta txistulariak aritzen ginen». Gaintza abestia jotzen zuten, eta gero kalejira egiten zuten.

San Fermin egunean txantxoz joaten ziren jantzita. «09:30erako joaten ginen eta gero prozesioa izaten da. Gu lau joaten ginen eta Iruñeko bandako beste lau, eta horrez gain, bi tronpeta. Astean zehar bakoitzak bere buelta izaten du», esan du Zelaiak. Beste ohitura bat bi bandek uztailaren 14an, San Fermin festen azken egunean, bazkaria egitea da. Aurten azkenekora joan nahi zuen Zelaiak baina azkenean ez du posible izan». Bestela, egunero aritzen dira Tolosako txistulariak sanferminetan, eta Iruñean bertan geratu ohi dira lotan. Eguerdian bi orduz izaten da kalejira, eta gero, arratsaldean, Gaztelu plazan, dantzaldia, 21:00etatik 22:00etara. «Dultzaineroak 20 minutuz, txistulariak 20 minutuz eta berriz dultzaineroak 20 minutuz izaten dira, eta Larrain dantzarekin bukatzen dute», esan du Zelaiak. Sanferminak «beste gauza bat» izango zirela uste zuen, «baina azkenean da festan sartzea, giroan, eta asko ibiltzea. Gero egun guztia daukagu denetarako. Parranda pixka bat ere egin izan dugu, baina adinean pixka bat aurrera joan garenean aldatu egin da hori».

 

Xabier Zelaia: «Txistua jotzea eboluzionatzen joan da, bestela, kontu txarra izango litzateke» 



Elduainera, Bidania-Goiatzera eta Amezketara ere joan izan dira festetan, eta oraindik Amezketara ere joaten dira. «Orain Loatzo musika eskola dagoenez, badaude txistulariak herrietan eta beraiek jotzen dute», esan du Zelaiak. Iruran urte asko egin zituzten, eta txapela eta zapia oparitu zieten bertara joateari utzi ziotenean. «Nahiko natural» bizi izan dute festetako egitarauaren parte izatea. «Goiz jaiki behar izaten dela, eta hor gaua ikusi egin behar nola izan den», esan du Agirrek. Zentzu horretan, ez dira behin ere damutu txistulari bandan sartzeaz. «Bestela ere nahiko parranda egin ditugu», esan dute.

Festetara dultzainarekin aritzen zirenean egunean zehar jotzen zuten, eta gero gaua iritsitakoan txistua ateratzen zuten. «Ezin izaten genuen gehiago. Ezpainek ez zuten hainbeste aguantatzen. Errazagoa da txistua jotzea dultzaina baino», diote. Tronpetak protokoloetan-eta jotzen dira, eta gero kontzerturen batean edo. «Hori semeek egin izan dute. Txarangetan-eta ibiltzen dira. Horiek teknika dute, ez da garai batean bezala, eta horiek aguantatzen dute», esan du Zelaiak.


2019ko sanjoanetan. ATARIA


Musikaren presentzia

Zelaiak bizimodua musikari lotuta eman du, musika irakaslea baita. Garai batean Jaiak taldean egon zen, eta herriz herri aritzen zen. 12 urte pasa zituen taldean. «Orduan bai izaten zela, etxera etorri, pare bat orduz lo egin eta gero txistua jotzera ateratzea. Askotan lorik egin gabe ere», esan du. Txistuaz gain, saxoa eta flauta jotzen ditu, eta teklatua ere bai. «Jo baino, lardaskatu», dio berak. Tronboia erakusten du, kaxa, eta lehen baita bateria ere. Obrarik ez du konposatu: «Horretarako semeak ditut». Agirrek dioenez, bera danborrarekin bakarrik aritu da musikan, «eta laguntzarekin». Seme zaharrenak saxofoia jotzen du, eta gazteak tronpeta.

Izan ere, Tolosak badu zerbait berezia musikarekin, eta Zelaia eta Agirreren familiak dira horren adibide. «Nire ustez asko eragiten dute inauteriek», esan du Zelaiak. «Jende asko ikusten da musika jotzen, eta gero denek ikasi nahi dute. Nik 60 urtetik gorako ikasleak ditut, adin horrekin hasi direnak ikasten. Batzuei saxoa, besteei bonbardinoa, besteei tronboia erakusten diet, eta inauterietako abestiak ikasi nahi dituzte». Gaur egun gazteak ondo prestatuta daudela diote. «Horretan aldaketa handia izan da. Lehen pixka bat ikasten zenuen eta aurrera. Orain beste maila bat dago», esan du Agirrek, eta Zelaiak gaineratu: «Txaranga bat ikusten baduzu kalean, bere konponketak-eta izaten dituzte, oso txukunak. Badago musikarekiko grina».


Alboradan, 2015ean. ATARIA


Txistua jotzeak bere zailtasuna duela azaldu du Zelaiak. «Lehen garai batean txistua bakarrik jotzen zen, silbotea eta atabalekin. Orain soinuarekin edo pianoarekin jotzen da, eta hor instrumentuak ondo afinatu behar dira». Garai batean erromeriak txistuarekin izaten zirela ekarri du gogora, eta trikitilariek jotzen dituzten abesti asko txistuaren garai bateko errepertoriotik ateratakoak direla. Garaiak aldatzen joan dira, eta txistularien emanaldietan instrumentu gehiago erabiltzen dira, beste aberastasun bat emanez. «Orain aukera dago txistua edozein instrumenturekin jotzeko, eta eboluzionatzen joan da eta jarraitzen du horretan, bestela, kontu txarra izango litzateke», azaldu du Zelaiak.

Lehen herriz herri ibiltzen zen Zelaia txistuko klaseak ematen: Berastegi, Elduain, Berrobi, Leaburu, Txarama, Gaztelu, Asteasun ordezkapenak egiten, Adunan ere bai. Gero Beasaingo udal musika eskolan sartu zenean, beste herrietakoak utzi eta Amarotzen jarraitu zuen klaseak ematen.

«Lehen herrietan taldeka ematen nuen, eta hor gertatzen da batzuk aurrera doazela eta besteak atzean geratzen direla, baina entseguak eginez, festetako prestatzen nituen. Gustatzen zait erakustearena, badu bere xarma», esan du Zelaiak.

 

Juan Jose Agirre: «[Prestaketan] aldaketa handia izan da; orain beste maila bat dago» 



Bandaren errepertorioan badituzte bereziki gustatzen zaizkien abestiak. «Korpusetako zortzikoa oso polita da. Gero, Minuto de Monzon deitzen dioguna», esan du Agirrek, eta bat egin du Zelaiak. «Badaude xarma berezia dutenak guretzako, jendeak gainera eskatu egiten digu kalean jotzen ari garenean», diote. Jendearen berotasuna jasotzen dutela gaineratu dute, eta, esaterako, sanjoanetan egindako Arnas berriz emanaldiarekin jendea oso kontentu geratu zela. «Ezberdina izan zen, abeslariekin, gitarrarekin, bateriarekin..., beste kutsu bat ematen zaio», esan du Zelaiak.

Zelaia eta Agirre, txistulari bandako kide izateaz gain, kuadrilla berekoak ere badira. Musika, gainera, Konponezinak taldean ere partekatzen dute. «Txaranga bat da, Amarozkoa. Bazkaltzeko eta parranda egiteko elkartzen gara, abestiak joz. Gure kasa ibiltzen gara, kontraturik gabe», esan du Zelaiak. Taldearen hitzordu garrantzitsuetako bat Iruñeko San Fermin eguneko larunbata izaten da. Bestalde, Musikherrian ere parte hartzen dute. «Amarozko festetan ere aritzen gara. Gehienak auzokoak dira eta hor egiten ditugu entseguak», esan du Zelaiak, eta Agirrek gaineratu: «Nik tarteka parte hartzen dut. Xabier buru-belarri sartuta dago eta koordinatzaile moduan gainera». Izan ere, Zelaia da partiturak-eta prestatzen dituena.


Tolosako inauterietan. ATARIA


Agirre txistulari bandan ez dago, eta Zelaiari ikasturte bat falta zaio bukatzeko. Pasa berri direnak izan dira berarentzako azkeneko sanjoanak bandan. Pixkana belaunaldi berriak sartzen doaz taldean. Agirreren ordez Santi Nazabal sartu da atabalari moduan, eta Zelaiaren semeetako bat, Mikel, perkusionista bezala sartu da. «Ni joandakoan beste norbait sartuko da. Ikusten da gazte jendea prest dagoela», esan du txistulariak. Etorkizuna ziurtatuta dago, beraz, Udal Txistulari Bandan.

Txistulari bandako kideen omenaldia jaso zuten sanjoanetan. ATARIA


Gaur egun bandan sartzeko deialdiak beste kontu bat direla diote. «Orain deialdi indartsuak egiten dira. Duela 50 urte beste historia bat zen, sartu eta gero prestatzeko konpromisoa hartzen zenuen. Orain maila onarekin sartu behar dute», esan du Agirrek. Izan ere, txistulariak herrietako ekitaldietan parte hartzeko ohiturak hor jarraitzen du. «Horrek esan nahi du sekulako lana egin dela kultura mailan», gaineratu du Agirrek. «Txistua sustatzeko herri askotan eskolak sortu dira, eta gero parte hartzen dute herriko festa eta ekitaldietan. Hori, etorkizunari begira, ona da».

Bandan pasa dituen urteei begiratuta, Agirrek argi du: «Familia bat bezala izan gara, eta oso ondo konpondu gara. Gure laguntasuna indartsuagoa izan da, beste edozer baino. Ni oso gustura egon naiz, eta gainera eskertzen diet gure lankide guztiei, lankide baino gehiago lagunak izan direlako». Zelaiak ere bat egiten du bandan izan duten eta gaur egun duten harreman ona izan dela esaterakoan. Agirrek gaineratu du beti prest egongo dela bandarekin elkartzeko eskatzen diotenean. «Beste modu batera bizituko dugu, nahi dugulako izango da», esan du. Iritzi berekoa da Zelaia, eta prest egongo dela parte hartzeko bere ibilbidea bukatzen denean. Ordainetan hamaiketakoa bakarrik eskatuko dutela diote, irribarrez.

Dokumentuaren akzioak