Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 45+1 urte, Basauritarrak dantzan

Dokumentuaren akzioak

45+1 urte, Basauritarrak dantzan

Egilea
Maider Ibañez
Komunikabidea
Geuria
Mota
Erreportajea
Data
2022/06/17
Lotura
Geuria

Basauritar Dantza Taldeak 45 urte bete ditu. 1976a zen taldea modu ofizialean sortu zutenean, aurretik modu klandestinoan ibili izan bazen ere. Basauriko Batzokiari estuki lotutako dantza talde txikia zen hasieran; orain, ordea, 65 dantzarik osatzen dute taldea. Taldearen lehenengo urteetan, besteak beste, Amaia Aranaga (Basauri, 1968), Irune Arteta (Basauri, 1968), Mertxe Astigarraga (Basauri, 1967) eta Itziar Fernández (Basauri, 1970) basauriarrak izan ziren. “Taldea sortu aurretik ere, taldekideetako batzuk modu klandestinoan biltzen ginen Kalero auzoko lokal batean. Tailer bat zen, eta ixten zuenean, batzuk elkartzen ginen euskara ikasteko, beste batzuk txistua jotzeko eta beste batzuk dantzatzeko. Ondoren, Basauriko Batzokia sortu eta Garbiñe Mezoren eskutik modu ofizialagoan ekin genion abenturari”, diote.

Haurtzaroan eta gaztaroan ikasi zituen dantzak irakasten aritu zen Garbiñe Mezo Basauritar Dantza Taldearen hasieran, “ikastolakoak ziren Basozelaiko lokal batzuetan zarata handirik atera gabe. Lehenik, oso talde txikia hasi ginen, Garbiñeren ezagunak edo Basauriko Batzokitik gertu zeudenak, baina pixkanaka, eta behin kalera irteten hasi ginenean, taldea handituz joan zen. Hasieran, Basauriko jaietan, ezkontzetan edo Batzokiak berak antolatutako ekitaldietan bakarrik dantzatzen genuen”, diote. 1988an Euskal Dantzarien Biltzarrean sartu eta urte hartatik aurrera Dantzari Egunetan eta inguruko herrietako jaietan parte hartzen du Basauritarrek.

Argazkia: Basauritar Dantza Taldea

Franco diktadorea hil eta gutxira, euskal kulturarekin zerikusia zuen guztia zabaltzeko abagunea izan zuen gizarteak eta horrela hasi zen Basauritar lehen pausoak ematen: “Francoren heriotza ate irekia izan zen euskal kulturarekin zerikusia zuen guztia zabaltzeko: euskara, musika, eta jakina, euskal dantzak. Handik aurrera errazagoa izan zen dena. Jendeak gogo handia zuen ordura arte ezkutuan egin beharrekoa modu librean adierazteko”, diote.

Extremadura kaleko lokal batean urte asko eman zituzten entseatzen Basauritar Dantza Taldeko kideek: “Leku nahiko xumea zen, baina gure taldearen neurrira ondo egokitzen zen”, diote. Orain dela hogei bat urte egungo lokalera mugitu ziren: Social Antzokiaren atzealdean —eta Garbigunerako bidean— dagoen eskola zaharretan, alegia. “Aparteko lekua da eta gela asko ditu. Danbolin Txistulari Elkartearekin eta Agintzari Dantza Taldearekin partekatzen dugu lokala, baina, ondo moldatzen gara”, diote. Lehenengo emanaldia Basauriko Batzokiaren inaugurazioan izan zen: “Oso egun berezia izan zen hura. Ondo gogoratzen dut Rosa Maria Mateo egungo kazetaritzan erreferente dena etorri zela!”, dio Aranagak. “Niretzat 45 urte hauetako momenturik onena gure lehenengo Dantzari Eguna izan zen. Batzokiak asko lagundu zigun”, dio Artetak, eta Astigarrak gaineratu du berarentzat taldearen lehen Dantza Agerketa (EHDA) izan zela bereziena: “Kontradantzak ikasi behar izan genituen, mutilak barne, beste dantza talde batzuei jantziak maileguan eskatu genizkien eta dena kontran. Ordura arte, herriko gainerako taldeen (Edurre, Agintzari eta Indartsu) anaia txikia ginela uste genuen. Emanaldi horrek lan handia ekarri zigun, baina era berean poz handia eman zigun”.

“Freskotasuna” eskaini

Basauriko euskal dantza talderik gazteena da Basauritar. Gaur egun hiru euskal dantza talde daude Basaurin, zerbait ezohikoa herrietan: Edurre (1957), Agintzari (1975) eta Basauritar (1976). Indartsu Dantza Taldea ere izan zen San Migelen, baina hura desagertu zen. “Basauri herri nahiko handia da, eta hiru taldeak elkarrekin bizi daitezke arazorik gabe. Gainera, denon artean harreman ona dugu, eta hirurok ekitaldi askotan parte hartzen dugu, horietako batzuetan elkarrekin”, dio Lourdes Valencia (Basauri, 1987) Basauritar Dantza Taldeko egungo presidenteak.

Argazkia: Basauritar Dantza Taldea

Dantzari berriak erakartzerako orduan Basaurin hiru dantza talde egoteak egoera zailtzen duen edo ez galdetuta, zera dio Valenciak: “Agian herrian hiru talde izateak zaildu egiten du hori, baina bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Batez ere, freskotasuna eskaintzen du Basauritar Dantza Taldeak. Zuzendaritza batzordea gazteok osatzen dugu eta ideia berriak eskaintzen dizkiogu taldeari. Gainera, ez gara talde itxia, eta edozein taldekideek proposamenak egin ditzake”, dio.

Baloreetan hezten

Gaur egun 65 dantzarik osatzen dute Basauritar Dantza Taldea, 5 eta 65 urte bitarteko adin tartekoak. “Adin oso desberdineko pertsonak daude taldean, 5 urteko gazteenetatik hasi eta 65 urtetik gorako pertsonak dituzten nagusien talderaino”, dio Amaia Valencia dantzari eta diruzainak (Basauri, 1989): “Adin-aniztasun hori duen taldea izatea oso aberasgarria da”.

Txikien taldea da nagusiena Basauritarren, eta eurak baloreetan heztea da oinarrietako bat: “Txikiek, adin hauetan, ondo pasatu nahi dute eta hori da egin behar dutena. Entseguetan jolasten dute, ondo pasatzen dute eta beste neska-mutilekin harremana dute. Nire ustez, dantza ingurune ezin hobea da. Ariketa fisikoa egiten dute, eskolatik eta parketik kanpo lagunak egiten dituzte eta koordinazioa eta diziplina pixka bat garatzen dituzte, baita lankidetza eta laguntasuna ere. Beste gauza garrantzitsu bat da beldur eszenikoa galtzen ikasten dutela, emanaldietan jendaurrean dantzatzen dutelako”, dio Asier Moral (Basauri, 1993) dantzari eta monitoreak.

Argazkia: Basauritar Dantza Taldea

“Taldean gizonak baino emakume gehiago gaude, eta txikien taldeetan are nabarmenagoa da. Zoritxarrez, gure taldea ez da salbuespena eta iniziazio taldeetan dagoen mutil kopurua ez da oso altua. Entseguak eta nagusien taldea tartekatzen saiatzen gara, motibatzeko, baina oso zaila da txikiak erakartzea eguneroko bizitzan ‘mainstream’ kirolak ikusten dituztenean. Kultura, alderdi horretan, leku dezente galtzen ari da”, dio Lourdes Valenciak. Hala ere, egoera horri alde positiboa ere topatzen dio Moralek: “Oso polita da Dantzari Egunean neskak jatorriz mutilen dantzak dantzatzen ikustea, baina horren arrazoietako bat da talde askok ez dutela mutilik, eta zorionez, neskak dira gune hori betetzen ari direnak, dantza taldeek herrietako jaietan eta emanaldietan dantzan jarrai dezaten”.

Dantzariak irakasle

Dantza taldeko kideak eurak izaten dira normalean dantza irakasleak, eta Basauritarren ere horrelakorik gertatzen da: “Alde horretatik oso harro egon gaitezke, gure taldeko dantzariek monitore rola hartzen dutelako. Konpromiso handia da eta esfortzu aldetik txalotzekoa. Gure dantzariei esker, momentuz, ez ditugu behar taldetik kanpoko irakasle edo monitoreak”, dio Moralek: “Pandemia dela eta, taldeak ugaritu behar izan ditugu aforoa murrizteko, eta taldean dauden dantzariek aurrerapauso bat eman dute monitore bezala ere aritzeko. Oso eskertuta gaude”.

Argazkia: Basauritar Dantza Taldea

“Nagusien eta txikien taldeen entseguak lasaiak dira. Entseatzera joaten dira, baina baita sozializatzera eta denbora luzea pasatzera ere. Eta horretan dantzak aitzakia baino ez dira. Ertainen eta helduen taldean gauza asko aldatzen da: errendimendua pixka bat gehiago bilatzen da eta xehetasunak txukundu egiten ditugu, emanaldiaren egunean dantzak ahalik eta hobekien atera daitezen. Jendea motibatuta mantentzeko entseguak atseginak eta dinamikoak izatea bilatzen dugu. Emanaldien arabera, dantzak errepasatzen dira edo berriak ikasten saiatzen gara gure errepertorioa aberasteko”, dio Amaia Valenciak.

Urteurrena, urtebete geroago

2021ean bete zituen Basauritar Dantza Taldeak 45 urte, baina pandemiagatik ezin izan zuten ezer antolatu. Aurten, ordea, ospakizuna egingo dute Solobarria plazan ekainaren 19an, igandez. “Emanaldi polit bat eskaini nahi diegu basauriarrei zein kanpotik datozenei. Gure errepertorioko zenbait dantza egingo ditugu, eta Basauritar Dantza Taldeko talde guztiok parte hartuko dugu. Goizean, 11:30ean kalejira egingo dugu Social Antzokitik eta 12:00ak aldera dantzaldiari hasiera emango diogu Solabarria plazan. Arratsaldean, 17:30etik aurrera, Trikizio musika taldea izango dugu”, dio Moralek. Zerbait berezia antolatu duten galdetu diegu eta zera erantzun digute: “Orain arte dantzatu ez dugun dantza berezi bat prestatzen ari gara. Eta gehiago ezin dizut kontatu (kar, kar, kar)”, dio Amaia Valenciak.

Argazkia: Basauritar Dantza Taldea

“Pandemiak eragin oso handia izan du gure taldean. Hasteko, urteurrenaren jaia atzeratu behar izan dugu. Bestetik, teilatupeko leku batean eta elkarren ondoan egiten dugun ekintza bat denez, entseguak hilabete askotan bertan behera utzi behar izan genituen. Gainera dantzari askok beldurra zuten hasieran eta orain dela hilabete gutxi batzuk itzuli dira entseguetara. Dantzaldiak bertan behera geratu ziren eta lokal publiko batean entseatzen dugu, beste talde batekin, eta horrek eragozpenak eragin dizkigu aforo murrizketak direla eta”, diote.

Erreleboa txikien esku

45 urte beteta, beste 45 urtez dantzan jarraitzeko prest daude Basauritar Dantza Taldekoak. “Egia da euskal dantzak bezalako kultur jarduerak agian beste mota bateko jarduerek jaten dituztela eta etxeko txikienek gure folklorea ikasteko interes gutxiago dutela, baina egia da etapak direla eta zein tekla sakatu asmatu beharko dugula joera iraultzeko. Neska asko daude txikien taldeetan, eta horrek poz handia ematen du, taldeak jarraipena izan dezakeelako. Mutilak falta dira, eta, alde horretatik, erreleboa zailago ikusten dut”, aitortu du Moralek.

Argazkiak: Basauritar Dantza Taldea

Gazteak taldera erakartzeko edabe magikorik oraindik ez du inork egin, eta Basauritar Dantza Taldean ere ez dakite zer egin: “Erantzuna ezagutuko bagenu, ez genuke arazo hori izango. Pandemia aurretik ez zen erraza baina harrez geroztik, zoritxarrez, okerrera joan da eta talde askok bertan behera utzi behar izan dituzte beraien zereginak. Hala ere, ez gaitezen ezkor jar. Gaur egun txikien talde handia daukagu, eta espero dugu horrela mantentzea eta haien artean erreleboa egotea”.

Dokumentuaren akzioak