Dokumentuaren akzioak
40 urte oholtza gainean
Elgoibarko Haritz taldeak dantza jaialdi batekin itxiko du bere urteurreneko egitaraua
Edonola ere, Haritz taldeko ibilbidea ospatzeko antolatutako egitaraua ez da datorren larunbatera arte amaituko. Egun horretan ospakizuna borobiltzeko dantza jaialdia egongo da Elgoibarren. Bertan Haritz taldeko lagunek azken 40 urteotan bidelagun izan duten hainbat talderen berotasuna sentitu ahal izango dute.
Dantza jaialdian Debako Gure Kai, Eibarko Kezka, Donostiako Argia, Portugaleteko Elai Alai, Galdakaoko Andra Mari eta Iruñeko Duguna konpainietako dan-tzariek parte hartuko dute.
Haritz taldeko kideek jakinarazi dutenez, "oraingoan Elgoibarko dantzariok abarketak kenduko ditugu eta ikusle izatera pasako gara, beti ere, Euskal Herriko txoko desberdinetatik datozen sei dantza talderi herriko oholtza eskaintzeko".
Beraz, dantzazaleek eta herritar guztiek ezohiko goi mailako dantza ikuskizun batekin disfrutatzeko aukera izango dute datorren larunbatean Elgoibarko erdigunean.
Jaialdia, zerura begira
Eguraldi ona bada plazan; bestela, Herriko Antzokian
Haritzen 40. urteurreneko ospakizunei amaiera ona emateko datorren larunbaterako antolatutako dantza jaialdia 12.00etan hasiko da Kalegoen plazan. Hori bai, dantzariak zerura begira egongo dira emanaldiaren aurreko orduetan. Izan ere, "euria eginez gero jaialdia Herriko Antzokiko eszenatokira pasako da".
Jaialdia girotzen joateko, ikuskizunean parte hartuko duten talde guztiek kalejira bat egingo dute emanaldiaren aurretik, "zerura lasai begiratu ahal badugu behintzat", aitortzen dute Haritz taldetik.
Edonola ere, elgoibartarrek eta herrira gerturatzen diren guztiek dantzaz gozatzeko aukera paregabea izango dute datorren larunbatean.
Emanaldian zehar, gonbidatutako talde bakoitzak pare bat dantza eskainiko ditu. Debakoek, esate baterako, Debako San Roke eta Jorrai dantzak taularatuko dituzte; Iruñeko Duguna taldekoek Nafarroako dantzak ekarriko dituzte, Eibarko Kezkak Arrateko Amaren ezpata-dantza dantzatuko du, eta Galdakaoko Andra Mari taldeak Bizkaiko dantzak ekarriko ditu. Donostiako Argiak, berriz, jauzi bat eta galaiena dantzatuko ditu, eta Portugaleteko Elai Alaik Zuberoako dantzak.
Elgoibarko Haritz euskal dantzari taldeko kideak, aurten eskainitako Errosarioko Amaren Ezpata-dantzan. (J. Leon)
Dokumentuaren akzioak