Dokumentuaren akzioak
40 urte Antiguan dantza eta kultura sustatzeko etengabeko lanean
Antiguotarrak dantza taldeko hainbat dantzari. (Argazkia: Antiguotarrak dantza taldea)
Materiala ordenatu eta lasai eseri ostean, Antiguotarrak dantza taldearen sorrera izan dute mintzagai dantzariek. “Antiguotarrak dantza taldea 1983an sortu zen, Jakintza eta Izarti dantza taldeak desagertu zirenean. Hutsune hori betetzeko asmoz, urte berean sortu zen Antiguotarrak elkarteak sortu zuen dantza taldea ere”, azaldu du Alkortak.
Lehenengo dantza irakaslea Maribel Alberdi izan zen, eta taldea hamabi bat haurrek osatzen zuten hasieran. Antiguotarrak elkartean hasi ziren entseatzen. Ondoren, ja desagertuta dagoen Montpellier ikastetxean jarraitu zuten, eta, gero, Jakintza ikastetxean. 1996az geroztik, Antiguako Merkatua eraikinean entseatzen dute. “Dantza taldearen bitartez lortu zen eraikinari erabilera ematen hastea”, gogoratu dute.
Ordu gutxiegi
Dantza taldeari esker lortu zuten Merkatua erabiltzen hastea, baina erabilera beste talde batzuetara ere zabaldu zen denborarekin. “Lokal hau talde gehiagok ere erabiltzen dute, ez gaude gu bakarrik. Donostia Kulturaren egoitza bat da gaur egun, eta kudeaketa Lugaritz Kultur Etxeak egiten du. Talde asko daude hemen: munduko dantzak, jostunak, tai ji ikastaroa eta haurtxokoa eta gaztelekua, besteak beste”, azaldu du Perezek.
Ondorioz, beraientzat zailena da gaur egun duten “espazio murritzarekin” dituzten eskaera guztiei aurre egitea. “Esan dezagun, ordu gehiago behar ditugula entseatzeko, eskari handia dugulako”, nabarmendu dute. Horrekin lotuta, Antiguotarrak dantza taldearen helburua lokal berri bat lortzea da. “Ikusten dugu auzoan behar bat dagoela denok erabiltzeko beste lokal bat lortzeko, hemen jende gehiegi gaudelako”, nabarmendu du Mirandak.
Izan ere, gaur egun Antiguotarrak dantza taldean bi talde dituzte: 120 haurrez osatutako bat, eta 15 eta 35 urte bitarteko 30 dantzariz osatutako beste bat. “Helduentzako ikastaroak antolatzeko eskatu digute, baina entseatzeko orduak ez ditugunez, oraingoz ezin dugu hori antolatu”, azaldu dute.
Askotariko ekitaldiak
Oinarri gisa Gipuzkoako dantzak izan ditu Antiguotarrak taldeak, baina Euskal Herri osoko dantzak egiten saiatzen dira gaur egun. “Era berean, hainbat urte daramatzagu desberdintasunik ez egiten mutilen eta nesken dantzen artean. Leku batzuetan oraindik kosta egiten den zerbait da, baina guk denbora asko daramagu mutilek eta neskek dantza berberak ikasten”, adierazi du Alkortak.
Dantzaz gain, beste ekitaldi batzuk ere antolatzen ditu Antiguotarrak dantza taldeak urte osoan zehar. “Abenduaren 23an Olentzero eta Mari Domingi antolatzen ditugu urtero. Inudeak eta artzainak ere egiten ditugu, eta iaz, aspaldiko partez, Lantzeko inauteriak antolatu genituen Euskararen Egunean”, nabarmendu dute.
Taldearen filosofia beti izan da “denontzako” dantza talde bat izatea, eta beti erraza izaten ez den arren, ahalik eta jende gehien animatzen saiatzen dira normalean. “Lantzeko inauteriak duela hamar urte antolatu genituen azken aldiz, eta iaz berriro egiteko, ikastaro irekiak egin genituen nahi zuena etor zedin”, azaldu dute.
Ekitaldi berezien urtea
40. urteurrenaren harira, egitarau zabala prestatu dute 2023 honetarako. Gaur bertan, Lugaritz Kultur Etxean emanaldi bat eskainiko dute txistulariekin eta Luberri abesbatzarekin batera. 10 eta 35 urte bitarteko dantzariak arituko dira bertan, 19:00etan.
Aurten, inudeen eta artzainen ekitaldiari indar handiagoa eman nahi diote otsailaren 18an, eta badute dantzarako jantzien inguruko ikastaro edo hitzaldi bat antolatzeko asmoa ere. Horrez gain, dantza taldearen 40 urteak biltzen dituen argazki erakusketa bat prestatzen ari dira. Aurreikuspenen artean, Dantzari Txiki Eguna egitea ere espero dute.
Azkenik, uda partean, sanjoanetarako emanaldi “desberdin eta berezia” prestatu nahi dute: “Dantzari izan diren guztiei gurekin dantza egiteko gonbidapena luzatu nahi diegu”, azaldu du Alkortak. Dena prestatzeko, aurretiazko eskaera egin beharko dute interesatuek.
Dokumentuaren akzioak