Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskadiko 27. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa egingo dute larunbatean

Dokumentuaren akzioak

Euskadiko 27. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa egingo dute larunbatean

Ibon Huartek, iazko irabazleak, ez du parte hartuko aurtengo txapelketan

Egilea
Itsaso Ibarra
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/05/23

Alkarkidek, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak, eta Pasaiako Udalak antolatu dute aurten txapelketa. Bertan, Aritz Iglesias, Iñigo Iraola, Iker Larunbe, Eñaut Fernandez, Jon Ibarguren, Imanol Etxebeste, Iñigo Oiarbide, Ion Vazquez, Jokin Oria, Beñat Olaizola, Eñaut Auzmendi eta Aritz Salamanca dantzariek hartuko dute parte. Ibon Huartek irabazi zuen iazko txapelketa, baina aurtengoan ez du parte hartuko, Kukai dantza taldearekin kanpoan baita.

Txapelketan banan-banan egingo dute dantza, baina oholtza gainean ez dira bakarrik izango; izan ere, guztien artean sokak egingo dituzte, eta bat dantzan ari den bitartean besteak ere oholtza gainean izango dira. Xabier Mendizabal, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko kideak txapelketaren aurkezpenean azaldu zuenez, «dantzariak banaka ikusten ditugu, baina berez aurreskua dantza soziala da, plazan egiten da, jendearen eta dantzarien artean. Horregatik, dantzariak bakarrik ez usten saiatuko gara. Une batzuetan sei dantzari aterako dira euren sokak egiten eta bakoitzak erakutsi beharko du nolako aurreskularia edo atzeskularia den».

DANTZA MOTAK. Parte-hartzaileek bost dantza egin beharko dituzte oholtza gainean saria eskuratzeko, baina bosgarrengo dantzan, zortzikoan, ez dira guztiak arituko; epamahaiaren aldetik puntuazio handiena lortzen duten sei lagunek bakarrik dantzatuko dute azkeneko dantza.

Dantzariek Ormatxulo soinu zaharrarekin ekingo diete lehiaketari. Bertan, hirunaka, Euskal Dantzarien Biltzarrak zehazturiko koreografia dantzatu beharko dute. Ondoren, eskua aldatzeko soinua (alpargata) dantzatu beharko dute. Lehiaketan izango duten hirugarren lana, berriz, kontrapasa (agurra) dantzatzea izango da. «Kontrapasa musika berberarekin entzutera ohituta gaude, baina hainbat kontrapas daude, eta dantzari bakoitzak kontrapas bat dantzatu beharko du», azaldu du Mendizabalek. Kontrapasa neskei dantzatzen zaien dantza izanik, neskak izango dira oholtza gainean dantza hori egiten den bitartean.

Hiru dantza horietan norberak bere trebetasunak erakutsiko ditu banaka, baina desafioa izango dute hurrengo lana eta bertan binaka arituko dira dantzan: «Aurreskularia eta atzeskularia balira bezala jardungo dira dantzariak. Beraien artean lehian arituko dira, eta dantzatzeko trebetasunak erakutsi beharko dituzte».

Desafioarekin amaituko da hamabi dantzarien lana, eta hortik aurrera epaimahaiak erabakiriko sei dantzariak igaroko dira zortzikoa dantzatzera. Epaimahaia Jesus Mari Garate, Jose Luis Vallejo, Nagore Indakoetxea, Santi Bañales eta Xabier Mendizabalek osatuko dute.

IKUSKIZUNA. Lehiaketan parte hartuko duten dantzariekin batera, txikien mailetan irabazle suertatu diren dantzariak ere aterako dira tarteka oholtza gainera. Bestalde, irabazleak agurra dantzatzeko unean, Itsasmendiko txistularien soinuarekin batera, Pasai Musikaleko abesbatzaren ahotsak ere izango dira entzungai. Iaz egin zuten moduan aurten ere oholtza lurrean jarriko dute».

 

Aurreko txapeldunak

1981: Mikel Pontesta.
1982. Xabier Mendizabal.
1983. Iñaki Arregi.
1984. Mikel Sarriegi.
1985. Mikel Sarriegi.
1986. Mikel Sarriegi.
1987. Mikel Sarriegi.
1988. Mikel Sarriegi.
1989. Mikel Sarriegi.
1990. Ramon Santxez.
1991. Mikel Sarriegi.
1992. Ramon Santxez.
1993. Ramon Santxez.
1994. Edu Muruamendiaraz.
1995. Edu Muruamendiaraz.
1996. Edu Muruamendiaraz.
1997. Jon Maia.
1998. Jon Maia.
1999. Jon Maia.
2000. Jon Maia.
2001. Aiert Beobide.
2002. Jon Maia.
2003. Aiert Beobide.
2004. Jon Maia.
2005. Jon Maia.
2006. Ibon Huarte.

Dokumentuaren akzioak