Dokumentuaren akzioak
"26 000 couverts" konpainiaren eskutik abiatuko du Harri Xurik bere bigarren denboraldia
Kanbo, Ezpeleta, Itsasu, Luhuso eta Zuraide herriek osatzen duten ArtzamendiI Ardura Anitzetako
Sindikatuak (SIVOMak) kudeatzen duen kultura-proiektua da Harri Xuri.
Karrikako arteen eta euskarazko antzerkiaren fabrika izaitea du
oinarri egitasmoak, artistak egonaldian hartuz, baldintza onetan lan
egiteko parada izan dezaten.
Euskal Herriaren bihotzean finkatua izanki, baita bere ekitaldi urri
ainitzei eta prezio oso erakargarriei esker, gehien gehienak kulturan
murgil daitezen zilegitzen du Harri Xuri proiektuak.
Aurten bere bigarren deboraldi kari programa emankorra proposatu nahi du
Harri Xurik. Denboraldia ekitaldi handi batekin hasiko da, "26000 couverts",
Frantziako karrikako antzerki konpainietariko kreatiboenetariko batek
Shakespeare harrigarri baten proposamenarekin. Irailak 25ean, igandez,
arratseko 17.00etarik goiti emanen dute sorkuntza hori Harri Xuri
kulturgelan, Luhuson.
Ikuskizun berriak sorkuntzan izanen ditu Hari Xurik lurraldean zehar, hala nola, Petit Theatre de Pain
konpainiaren eskutik irrikaz goaitatutako "Le Siphon" lana. Konpainiak doako entsaio publiko bat
eskainiko du irailean, "2012an ikuskizun bukatua ikusgai izan arte pazientzia lantzeko".
Hala bera, Donostiako Dantzaz konpainiak, karrikako-ikuskizunaren bide berriak jorratzen ari denak,
ikustalditxo bat eskainiko du urrian, 2012an Harri Xurira itzuli aintzin karrikako eta salako emanaldiekin.
Dantzaz-ek eszena-eskarmentua sendotzeko plataforma eskaintzen die
konpainia profesionaletan sartu nahi diren dantzari gazteei. Xede horren
errealitatea Euskal Herrian eta bertatik kanpo emaniko ikusgarrietan
gauzatzen da. Azken hiru urteotan, 30.000 ikusle baino gehiago hartu
dituzte Euskal Herrian, Frantzian, Espainian, Alemanian eta Txekian
emandako 90 bat emanalditan.
Azaroaren 5ean zirkoa atsegin dutenek La Conserverie zirkoa ikusteko oarada ukanen dute. Abenduak 4an, berriz,euskarazko antzerkiaren hitzordua da Luhuson.
Bi emanaldi nagusi proposatuak dira egun horretan. 17.00etan "Saga ikastola" aurkeztuko dute Makeako jostalari taldea eta Pantzo Hirigaraik.
Antzezlan hunek Ikastolen historioa kondatzen digu 1971 urtetik
2021era. Sketx labur segida baten bidez hamarkada bakoitzean izan den
eboluzioa irudikatzen du : lehen urteetako zailtasunak, ukandako
trabak,eta emeki emeki sortzen den onarpena, 2021ean izango denaren
prospekzioa egin arte. Horren segidan, 18.30etarik goiti, Ramon Agirre
era Inazio Tolos aktoreek "Xentimorik gabe" lana aurkeztuko dute.
Dokumentuaren akzioak