Dokumentuaren akzioak
250 pertsonatik gora bildu ziren Parana-ko Kultur Etxera Urrundik-en dantza ikuskizunaz gozatzeko
Urrundik euskal etxe bereko iturriek xehetu dutenez, egitaraua Aurresku batekin hasi zen, ohorezko dantza hau bertaratutako publikoari eskaini zitzaiolarik. Jarraian txikien taldeak egin zuen taula gaineko lehenengo agerpena. Guillermo, Renzo, Santiago, Laurita, Aixa, Florencia, Daniel, Brisa eta Maitenak San Petrike dantzatu zuten, joko klasikoa, dantza urrats batzuk errepikatuz mugimenduak metatzen doana.
Jaialdiak aurrera egin ahala, daztariek dantzatu zituzten besteak beste Arretxinagako San Migel, Uztai haundiak, Arku dantza, Aulki dantza (txikien taldeak), Elziegoko dantza, Ezpatadantza, Makil dantza (txikiek), Fandango eta Arin Arin. Musika atsedenaldi bat ere eskaini zen ohol gainean, Juan Carlos Borras (gitarra eta ahotsa) eta Oscar Giles (zeharkako txirula eta txarangoa) protagonista, argentinar eta latinoamerikar errepertorioko aireak emanez, bi euskal kanturekin batera. Jaialdiaren azkenean, dantzariek osatutako kalejira luze batek agertokitik publikoarenganako bidea egin zuen, bertaratutako guztiak giroan are gehiago murgilaraziz.
Haste-hastetik Argentinako hainbat agertokitan ibili izan den taldea da Urrundik-eko dantzariena, Uruguaiko Ekialdeko Errepublikako hiriburuan ere, Montevideon, ibili izan delarik. Besteak beste hutsik egin gabe parte hartu izan du Argentinako Euskal Aste Nazionalean, honako hiri eta urteetan: Necochea (2000), Mar del Plata (2001), Rosario (2002), Villa María (2003), La Plata (2004), Necochea (2005), Córdoba (2006), Rosario (2007) eta La Plata (2008).
Dokumentuaren akzioak