Dokumentuaren akzioak
250 Lore Gaztek eskua elkarri emango diote urriaren 25eko jaian
Dantza taldearen 50. urteurrena ospatuz
Lore Gazteak dantza taldeak 50 urte betetzen ditu aurten, eta hori ospatzeko, zenbait ekitaldi antolatu dituzte.
Horien berri gaur arratsaldean eman dituzte, hain zuzen, Kulturaten egindako prentsaurrekoan.
Taldeko ordezkari gisa Agurtzane Lizarralde aritu da, eta Kultura zinegotziak ere, Kepa Urteagak, parte hartu du.
Mende erdia ospatzeko, Lore Gazteak jai bat antolatzen dabiltza, hain zuzen, urriaren 25ean ospatuko dena.
Jai horretan 250 dantzarik eta musikarik parte hartuko dute, bai kide ohiek, baita egungo kideek ere. Jai egitaraua ondokoa izango da:
- Goizean Zaldibarren batuko dira, eta bertatik kale-jira abiatuko dute
- Ondoren, Herriko plazan dantza ikuskizuna egingo dute, berezia eta jendetsua
- Horren ostean bazkaria ospatuko dute
- Arratsaldean erromeria izango da Fan & Go taldearen eskutik
Gainera, abendu aldera, Euskal erropen eta argazkien erakusketa ikusgai izango da Kulturaten. Bertan, dantza taldearen ibilbidea eta Dragoi Produkzioak prestatzen dabilen bideoa ikusgai izango dira.
Hortaz gain, euskal janzkera tradizionalaren inguruko hitzaldia izango da. Baita tailer bat buruko zapia nola jantzi behar den ikasteko.
Urriaren 25eko bazkaria irekia izango da, eta beraz, parte hartu nahi duten pertsona guztiei zabalik dago. Bazkarirako tiketa urriaren 18a baino lehen ordaindu beharko da, Laboral Kutxako ondoko kontu korronte zenbakian: 3035 0001 56 001 01 29 238 (ez ahaztu zure izen-abizenak jartzea ordainketa egitean). Prezioak: Haurrentzako menua 10 € eta besteendako 22 €.
Aurkezpenean Kultura zinegotziak baloratu du herriko dantza talde honek mende erdia bete izana: “Zorionekoak gara arrasatearrok 50 urte bete dituen dantza taldea badaukagulako”.
Era berean, Lore Gazteak zoriondu ditu eta, Udalaren izenean, esker ona agertu die.
Adierazi duen bezala, “beharrezkoa da seguruenik herri honen historia laburrean jaiarekin, euskal dantzarekin eta sustrai tradizionalarekin zerikusia daukaten ekintzak Lore Gazteak taldearen aktibitatearekin lotzea”.
Dantza taldearen ezaugarrietako bat elkarlana izan da, eta horren fruituak dira besteak beste: Haur dantzari txikien egunak, errementari eta txerri dantza, Olentzeroren eguneko mutil eta herri dantzak etab. Bide horretan, Udala ere bidaide izan du. Kepa Urteagak aipatu ditu Lore Gazteen zenbait ezaugarri:
- Belaunaldi ezberdinak izan dira partaide, egun 7 eta 60 urte artean dituztelarik
- Boluntario eta zenbatu ezinezko ordu piloa musu-truk aritu dira, beste batzuen artean, haurrei irakasten, entsegu ezberdinak gidatzen, dantzak ikasten, dantzan egiten,…
- Dantzak seriotasunez prestatu eta exijentziaz gauzatu dituzte
- Euskal Herriko herrialdeetako dantzak ikasi dituzte, ondoren ezagutzera emateko, ahalegin berezia eginik
- Jantzien aukeraketa eta prestaketan aparteko ardura izan dute, eta horren dotorezia nabarmena izan da kaleko emanaldietan
Udaleko ordezkari bezala, Kultura zinegotziak, ondokoa adierazi die Lore Gazteei: “Ilusioz eta alaitasunez ospatzea desio diet taldeko partaide izan diren dantzari guztiei. Mila esker”.
Testua eta argazkia: Gontzal Landa Herbias
Dokumentuaren akzioak