Dokumentuaren akzioak
250 dantzari baino gehiago, Bilboko Areatzako alfonbra gorrian
Dantzaren Egunaren karietara egunotan burutzen ari diren ekitaldien artean klasiko bat da Bilboko ‘Dantza alfonbra gorrian’ egitasmoa. Areatzan ezarritako 250 metroko alfonbra eskaintzen zaie Bizkaiko dantza eskolei, urtean zehar atez barrura egiten dutena kalera atera eta zabal dezaten.
Aurten, 14 dantza eskolak hartu dute parte ekimenean, eta denetariko dantza estiloak eraman dituzte Bilboren bihotzera: klasikoa, garaikidea, euskal dantzak, flamenkoa eta kaleko dantzen erakustaldiak eskainiz, besteak beste.
Bizkaiko udalerri ezberdinetako 250 dantzari baino gehiagok hartu dute parte ekitaldian goizetik. Beroketa-barra jarri dute pasealekuan, kioskoaren atzean, eta itsasadarreko baranda ere erabili dute dantzariek laguntza gisa.
Deialdiak, halaber, doako ‘masterclass’ saioak ere biltzen ditu, euskal dantzetan oinarrituta eta aretoko dantzetan, Olaeta Ballet Elkarteak eta Rosser Carres Eskolak emanak.
Era berean, eskola eta akademia ezberdinek koreografiak aurkezteko aukera izan dute.

Ospakizun gehiago asteartean
Dantzaren Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunek asteartean jarraituko dute Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen hiru kultur gunetan: Rekalde Aretoa, Ondare Aretoa eta Arkeologi Museoa. Espazio horietan, Dantzerti Goi Eskolako ikasleek dantza, inprobisazioa eta arte garaikidea uztartzen dituen esku-hartze performatibo bat aurkeztuko dute.
Pieza hauek «dantzari buruzko hiru manifestu historikorekin elkarrizketan» interpretatuko dira, Yvonne Rainerren ‘No Manifesto’ (1965), Mette Ingvartsenen ‘Yes Manifesto’ (2005) eta Bruno Freireren ‘May Be Manifesto’ (2011), azaldu dute Aldundiko iturriek. Inprobisazioaren bidez, dantzariek adierazpen-modu berriak aztertuko dituzte museo-ingurunean.
Gune bakoitzak bi emanaldi eskainiko ditu (11.30ean eta 12.30ean), eta saio bakoitzak 20 minutu inguruko iraupena izango du. Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Dokumentuaren akzioak