Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 25. aldia, usaian bezain aberatsa

Dokumentuaren akzioak

25. aldia, usaian bezain aberatsa

Maitaldia Miarritzeko dantza jaialdia ostiralean hasi eta irailaren 20ra arte iraunen du. 50etik gora ekitaldi izanen ditu. Euskal dantza taldeek leku berezia izanen dute
Egilea
Nora Alberbide Lete
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/09/09
Lotura
Berria

«Urtero hobeki egiten ahalegintzen garaâ eta aurtengo ekitaldirako ere hala egiten saiatuko gara», dio sinpleki Thierry Malandain Maitaldia dantza jaialdiko zuzendari artistikoak, aurtengo 25. aldirako zerbait berezi pentsatu ote duten galdegitean. Halere, behin xehetasunetan sartuta, zenbait ohiz kanpoko ekitaldi izanen dituela ere zehaztu du. Horien artean Portu zaharreko hondartzakoa, adibidez. Hondartzan oholtza berezia jarri, eta hortxe dantzatuko dira bai Malandainen Ballet Biarritzeko gazteak, eta bai Genevako gazteak. Etzi, ostiralarekin, 21:30ean, urririk eskainiko diote publikoari.

Aurten, beste berezitasun bat zehaztekotan, euskal dantzak ditu nabarmentzen Malandainek. Egitarauko «bizkarrezurra» izanen direla. Horien artean Mizel Theret. Hark ere etzi du ikuskaria. 19:00etan Colisee aretoan estreinatuko du Zisnearen azken kantuak. Johanna Etxeberrirekin emanen duen sorkuntzak hegaztiak ditu inspirazio iturri. Bilaka talde lapurtarrak (Etorkizuna Kontzeptuak), berriz, Leihotik ikusgarria du ekarriko jaialdira — larunbatean, Santa Eugenia plazan, 17:00etan—. Kukai eta Tanttakak, berriz, Komunikazioa / inkomunikazioa lanarekin dira etorriko Gipuzkoatik —hilaren 18an, 19:00etan, Kasinoan—. Ezpata dantzak ere leku berezia izanen du. Euskal Herrian zehar dantzatzen diren lau ezpata dantzaren bidez —hilaren19an, 16:00etan, plaza eta karriketan gaindi—. Lehena, San Martin ezpata dantza, Maritzuli konpainiak du emanen. Ondorengo biak Markina Xemeingo (Bizkaia) Zerutxu dantza taldearenak izanen dira. Azkena, Iruñeko Duguna taldearena.

Maitaldiak emanen duen azken euskal dantzaren ikuskizuna Frederic Gafner Foofwa d'Imobilite dantzari koreografoa genevarraren proiektua izanen da. Live & Dance & Die deitzen da —Itsasargiko zelaigunean, hilaren 12an 14:30ean, eta hilaren 20an 19:00etan—. Hainbat herrialdetan emana du jada, baina aldi bakoitz, tokiko dantzariekin. Jatorrian dantzari profesionalak ez direnekin. Miarritzen ariko direnak joan den ekainean hautaproba baten bidez hautatu zituen. Hamar bat egunez elkarrekin osatuko dute sorkuntza. Parte hartzaileen gorputzen dantza eta eguneroko keinuetan oinarrituko da, Gafnerrek esplikatu duenez. Euskal dantzetarako, Kepa Agirre dantzari baionesa du lagun. Oldarra dantza taldeko Koldo Zabala zenaren ikasle ohiak euskal dantzak erakusten ari da egun hauetan parte hartzaileei: «Garrantzitsua zait nortasun batean sustraitua izatea. Sustraien ezagutza. Uniformizazioa ez da interesgarria. Ekintza politiko bat da, niretzat, erakustea, adibidez, euskara ere erabilia dela. Ez da kasualitatea ikastaldi denboran Kepa Agirrek urratsak euskaraz zenbatzea. Naturalki egin du, baina horrela segi dezala adierazi diot», gaineratu du Gafnerrek.

Intimotik ikusgarritasunera

Gainerateko emanaldi zenbait aipatzekotan, oro har, denetarik ekarriko du aurtengo jaialdiak, aitzineko urteetan bezala. Maitaldiaren ezaugarria bihurtua da engoitik aniztasun hori:«Gaur egungo dantzaren paisaiaren berri eman nahi dugu. Publikoaren gustuen artean ere denetarik dago, gainera», adierazi du Malandainek. Klasikoa, neoklasikoa, hip hopa, flamenkoa, Afrikako dantzak, probokatzaileak«balio seguruak», Malandainen hitzetan, edo esperimentalak. Adibidez, Emmanuelle Vo-Dinh-en Sprint —irailaren 17an, 19:00etan, Colisee—, non dantzari bat korrika ari den denbora guztian.

Lau espaziotan bereiz daitezke estiloak. Bata Colisee aretoa da, non esperimentu zerbait eta halako intimitate bat eskatzen duten ikusgarriak aldizkatuko diren, Sprint bezala. Midi geltokira, berriz, bere 1.400 lekurekin, jende gehien ekartzen ahal dutenak dira ekarriko. Jose Carlos Martinezen konpainia dago, adibidez. Itzik Galiliren Sub, William Forsytheren Herman Schmermann eta Ohad Naharin-en Minus 16 emanen ditu —hilaren 18an, 21:00etan—. Maitaldia 25 urteetan markatu dituzten hiru koreografoen lanak dira horiek oro.

Kasinoan, berriz, bi espazio horien arteko zerbait du proposatzen. Hor ere balio seguru andana bat aldizkatuko da. Horien artea, adibidez, Faizal Zeghoudiren La perte de soi ikusgarria, —14an, 21:00etan— Samir Calixtoren Korzo Producties konpainiaren Paradise Lost —19an, 21:00etan—. Maitaldiaren laugarren espazioa aire zabala da. Itsasargia, baratze publikoa edo hondartza, non egunero emanaldiak baitira, urririk.

Lionel Hocheren <em>Lundijeudi</em>-k barnetik kontatzen du dantza mundua.

Lionel Hocheren Lundijeudi-k barnetik kontatzen du dantza mundua. AGATHE POUPENE

Dokumentuaren akzioak