Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 23 bikote ariko dira Euskal Herriko Dantza Solteko 26. Txapelketan

Dokumentuaren akzioak

23 bikote ariko dira Euskal Herriko Dantza Solteko 26. Txapelketan

Azken lau urteetako ekitaldiak irabazi dituzten bi bikoteak daude lehiakideen artean

Egilea
Juan Luis Zabala
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/06/14

Euskal Herriko Dantza Solteko 26. Txapelketak bihar izango du kanporaketa eta etzi finala, Segurako Baratze pilotalekuan, 18:00etatik aurrera egun batean zein bestean. 23 bikotek eman dute izena, eta horietatik 12k egingo dute aurrera biharko kanporaketaren ondoren, igandean txapela janzteko aukerari eutsiz. Iazko irabazleak —Asier Ena eta Maite Lazkano—, 1998, 1999 eta 2000ko irabazleak —Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde— eta Parrondo anaiak agertzen dira faborito nagusi; baina, lehia estua izango denez, Maribel Ortiz de Zaratek, Iñaki Osoriok, Rafa Salaberriak, Patxi Sarasolak, Juan Mari Sorazuk eta Karlos Sarriegik osatutako epaimahaiak ez du lan samurra izango esku artean.



Ohi bezala, parte-hartzaile gehienak gipuzkoarrak dira, nahiz eta bizkaitarrik ere baden. «Iaz nafarrak ere izan ziren», komentatu du antolatzaileetako batek, Rafa Gerrikok. «Aurten ere saiatu gara Nafarroatik dantzariak ekartzen, baita Iparraldetik eta Arabatik ere, baina ez da inor animatu. Joera desberdinak daude, batzuk ez dira lehiaketazaleak...».



Aukeran eta Patxi Perezen emanaldiak



Lau arlori begiratuko diete epaimahaikideek: erritmoa, dantzaren osotasuna, berdintasuna eta zailtasuna; eta akatsak zigortu egingo dituzte. Kanporaketako puntuazioa ez da aintzat hartuko finalean.



Txapelketatik landa ere dantza giroa sortu nahi dute antolatzaileek. Larunbateko saioaren ondoren, puntuazioak jakinarazi bitartean, Aukeran konpainiak emanaldia egingo du; eta 20:30ean Patxi Perez eta Batbiru taldearen emanaldia izango da Segurako plazan. Igandeko finala ETBk eskaniko du, diferituan, 22:15etik aurrera.



Sari nagusia Nestor Basterretxea artistak egindako eskultura bat da. Eskultura irabazleen herriko udaletxean egoten da urtebetez, eta hantxe geratzen da herriko bikoteak hiru aldiz segidan edo txandaka bost aldiz irabazten badu. Eskultura bereganatu duen azken herria Azkoitia da, Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde 1998, 1999 eta 2000n irabazle izan zirelako. Azkoitiko Udaletxeak ez ezik, Lezokoak, Donostiakoak eta Bergarakoak ere badute Basterretxearen eskulturarik. Eskulturaz gain, 662 euro, txapela, urrezko plaka, lepokoa, euskal makila bana eta Eroski Bidaiak-ek emandako sari bat jasoko dituzte irabazleek. Ongien jantzitako bikotearentzat ere izango da saririk.

Dokumentuaren akzioak