Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Zuberoan, euskarari lotuak diren gauzak dira aitzinatzen”

Dokumentuaren akzioak

“Zuberoan, euskarari lotuak diren gauzak dira aitzinatzen”

Urtarrilaren 22an hasiko dira aurtengo maskaradak, Ezpeizen. Eramaile lanetan aritu da Davant, eta berriz atabala hartuko du gazteagoen ondoan aritzeko usantzari jarraituz.

Atabalaria, pastoraleko sujet izana eta Ürrüstoi-Larrabileko auzapeza da Allande Davant (1976, Maule). Urte anitzez plazetan ibili da atabala lepotik zintzilik, maskaradetan, besteak beste. Aurten, bere herriko eta inguruko beste bost herrietako gazteak —Ainharbe, Ezpeize, Omize-Pea, Mitikile, Ürrüstoi-Larrabile eta Sarrikota-Peakoak— laguntzen ari da maskaradak prestatzen.
Egilea
Joanes Etxebarria
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/01/09
Lotura
Iparraldeko Hitza

Euskal kulturan, izen ezaguna da Davant. Horren itzalean sentitu izan zara kultur munduan?

Ez batere. Kultura bizitzeko manera bat da; aita eta amak horrela hazi gaituzte, eta familian horrela haziak izan gara. Euskarari zinez lotuak: etxean ez dugu besterik ematen. Ama hizkuntza badelarik, zure kultura baduzu, lotua bortxaz: ez diozu uko egiten ahal. Kulturari lotua naizela pentsatzen dudalarik, ez dut batere pentsatzen Davant izenari.

Atabalan aritzea hautu bat izan zen, ala txikitik eskuen artean ezarri dizuten tresna da?

Zortzi urtetan hasi naiz tabalatzen. Ene arreba eta ni Mitikilen dantzan ari ginen Pieilla Uthurraltek eramaten zuelarik, eta ez nintzen sekula aitzindarietara igaran, atabalan hasi bainintzen. Gero, ateraldi batzuk egin, horretan gustu hartu, eta dantza utzi nuen gero.

Maskaradetan ere ibilia zara atabalarekin. Erraten da lehenago harremanak sortzeko funtzio soziala zutela, bereziki mugikortasun gutxiago zegoelarik.

Orain, gaztea askoz haboro higitzen da. Izpiritua higiarazten ahal du gorputza baino lehen Internetekin, eta gero autoekin nahi duen lekura joaten ahal da. Nik maskaradak azken hogei bat urteetan ezagutu ditut, eta jadanik autoak bazituzten kasik oroek. Gero, herri bakoitzean biltzen ziren gehienik; orain baino haboro atxikiak ziren herriari. Orain, lagun anitz badituzte herritik kanpo, eta gazteak barreiatuagoak daude. Duela hogei bat urte herri bakoitza multzo bat bazen eta egiazki herriari lotuago zeuden; herriko bestak ere azkarragoak ziren; gazte haboro bazen ere segur… Orain, lagun gehiago dituzte, baina herri batean maskarada bat antolatzea gaitzago da. Iduri zait lehen naturalki egiten zutela.

Hemen are barreiatuago daude gazteak, aurtengo maskaradak sei herritako gazteek eginen baitituzte.

Lau herrietako elkarte bat bada hori eramateko: Xiberoko Jauna pastoralaren izen bereko elkartea. Dantza eskola bat bada 2008ko pastorala aitzin sortu zena herri horien artean, eta aurtengo gazte gehienak herrien arteko elkarte horri lotuak dira.

Ezpeizeren gisako herri batean, euskal kulturak ez zuen leku handirik; agendan ez zen ageri, hasteko. Ezer aldatu da 2008ko pastoralaren dinamikarekin?

Giroa kanbiatu da. Aspalditik nahi genituen maskaradak jinarazi, baina ohiko herrietara joaten ziren beti. Kasik balitzateke urtero bi maskaraden lekua herri guztietara joaten balira. Ainharbe eta Ürrüstoira jitea galdetu izan diegu maskaradak antolatzen zituztenei, baina entzun dugu “han portugesez mintzo dira” eta halakoak [irriak]. Pastorala egin eta gero, hori aldatu da, eta herriko giroa ere aldatu da: haurrak maskaradetako pertsonaiekin identifikatzen dira; Ezpeizeko eskola elebiduna bilakatu zen… Bulta berri bat bada pastoralaz geroztik, baina gauzak kanbiatzea luze da.

Aurtengo maskaraden eramaile, pastoralean sujeta izana, herriko auzapeza… Aitzindari izateko sortu zinen?

Ez batere, aski diskretua naiz, ene iduriko. Ez dakit nola agitu diren gauza horiek… Aitzinean ene izena agertzen bada ere dena talde lana da, izan dadin Herriko Etxean edo maskaradan. Gauzak ez ditu norberak egiten ahal. Dinamika bat sortu eta bultzatzeko aldiz, abertzale eta militante izanik, beharbada alde hori badugu, besteek ez dutena. Usuenik besteek jarraitzen dute, baina ez dute lehen urratsa egiten. Ikusten duzularik ikastolako gurasoak nola prest dauden zernahi egiteko, hori sentitzen da biziko beste gauzetan ere; hala iduri zait.

Militante irudi horrekiko aldatu ote da besteen begirada azken urteetan eramaten duzuen dinamikarekin?

Jendeek ikusten dute beti militanteak direla juntatzen eta jende horiek direla gauza guztien eramaileak. Zuberoan, euskarari lotuak diren gauzak dira aitzinatzen, izan ikuskizun, ikastola edo zernahi. Pastoraletan, ikastolako etxekoek 500 bazkari egiten dituzte; zein eskolak edo taldek egin lezake hein hori? Nik ez dut uste besterik badenik. Behin eginen dute, eta ikusiko dute lan sobera badela; indarra hor dugu guk.

Ez dut erranen zahar zarenik, baina gazteagoekin maskaradetan arra abiatzeak gazte denbora oroitarazten dizu? Gogoa ematen dizu berriz herriz herri, bestaz besta ibiltzeko?

Ez gara orain igande oroz ibiltzen ahalko, baina doi bat bai. Berrogei urtetan, ez dugu gogoa zahar, baina herriz herri aritzeak gaztetzen du. Maskarada bat badelarik zonbaitzuek badituzte haurrak arizaleen artean… Transmisioan ere ari gara: nahi genuke militanteen herexa bat utzi; oraingo gazteak biharko Zuberoaren eramaileak izanen dira, eta nahi genuke hats hori pasarazi.

Allande Davant

Dokumentuaren akzioak