Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Urnietan hasi nintzenetik, zenbait dantza herriak bereak egin ditu”

Dokumentuaren akzioak

“Urnietan hasi nintzenetik, zenbait dantza herriak bereak egin ditu”

Edu Muruamendiaraz Urnietar prestu izendatutako koreografo eta dantzaria

Urnietako sanmiel festetako egun handian, hilaren 29an, Iñistorra Biltzarrak Edu Muruamendiarazi (Bergara, 1964) Urnietar Prestu saria emango dio Jakutegin
Egilea
Aitziber Muga
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Urnieta
Mota
Albistea
Data
2014/09/16
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Urnietar Prestu saria herrian bizi edo jaio direnentzat izan ohi da. Alabaina, aurten Muruamendiaraz dantzari eta koreografo bergararrari emango diote “Urnietan ohitura eta usadioko euskal dantzak erakusten eta horiei arnas berria ematen egin duen lan nabarmen eta aipagarriarengatik, euskal dantza belaunaldi berriei erakargarri eginez” eta Egape ikastolako dantza taldeari “ibilbide benetan harrigarria bezain erakusgarria” emateagatik, besteak beste.

Nola hartu duzu Urnietar Prestu saria aurten jasoko duzularen berria?

-Sorpresa totala izan da niretzako. Nik oso gutxi nekien Urnietar Prestua zer zen eta komentatu zidatenean ilusio handia egin zidan. Zuk egindako lanarengatik horrelako aipamena edo sari bat jasotzea oso inportantea da. Eguna iristeko ilusioarekin nago.

Aurten gainera arautegia aldatu egin dute izendapen hori urnietarrentzat izaten delako. Gainera erabakia aho batez onartu dute.

-Ah, bai? Ez nekien aho batez erabaki zutenik.

Herrian egindako lanak pisu gehiago izan du jaioterriak baino.

-Bai, nik Urnietan hamasei edo hamazazpi urte daramatzat klaseak ematen. Egape ikastolan hasi nin-tzen eta hainbeste urtetan dantza bultzatzen ibili naiz herrian. Ez dakit zenbat haur pasako ziren nire eskuetatik, baina asko izan dira. Lau urteko haurrekin hasten naiz eta hamasei urte bete arte egoten naiz beraiekin. Gozada bat da lau urteko haurrak hamasei urte bete arte gelditzen badira, hor egindako lana ikusten baita. Adin hori pasata dan-tzatzen jarraitu nahi dutenentzat Saroben ematen ditut klaseak. Helduentzat eta herrikoentzat ere eskolak ematen ditut. Gainera, herrian hainbat ekitaldi egiten ditugu.

Euskal dantza tradizionala dantza garaikidearekin uztartzen duzu.

-Nire ibilbidea hori izan da. Oinarria beti dantza tradizionala izango da, baina gauza berritzaileak egiten ditugu dantza garaikideko pausuak edo jantziak gehitzen. Urtero gauza berriak egiten ditugu eta beste ba-tzuk mantentzen ditugu. Urnietan hasi nintzenetik, zenbait dantza herriak bereak egin ditu eta ziur aski betirako geldituko dira, adibidez Urnietako ereserkiaren koreografia egin genuen.

Dantzarekiko zaletasuna al dago Urnietan?

-Bai, poliki-poliki. Ni hasi nintzenean oso jende gutxi neukan, gogoratzen naiz hogei pertsona ibiltzen zirela ikastolan dantza egiten eta orain berrehun baino gehiago daude. Belaunaldi asko pasatu dira eta nirekin daudenek gauza berriak egin nahi dituzte, nire ibilbidea ezagu-tzen dutelako.

Gipuzkoako txokorik maiteena. Niri asko gustatzen zait Donostiako portura joatea. Oso leku polita eta lasaia da.

Paisaia idiliko bat. Aurten askotan egon naiz Sagueseko (Donostia) eguzkiaren ezkutatzea ikusten. Pila bat gustatu zait eta argazki asko atera ditut.

Hondartza bat. Zurriola hondartzako Sagues aldea.

Mendi bat. Ni txikitan asko ibili izan naiz Urbiatik eta Aizkorri aldetik.

Festa bat. Santo Tomas eguna asko gustatzen zait betidanik

Edu Muruamendiaraz

(n.g)

Dokumentuaren akzioak