Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Txikitok ezingo du inoiz hezur-haragizko irakasle bat ordezkatu, baina herraminta bat da etxean jolasteko”

Dokumentuaren akzioak

“Txikitok ezingo du inoiz hezur-haragizko irakasle bat ordezkatu, baina herraminta bat da etxean jolasteko”

Egilea
Aimar Gutierrez Bidarte
Komunikabidea
Aiaraldea
Tokia
Aiara
Mota
Albistea
Data
2025/02/08
Lotura
Aiaraldea
Aitor Alava da 'Txikito' pertsonaiaren atzean dagoen dantzaria. / Aiaraldea.eus

AITOR ALAVA ZURIMENDI (Zuatza, 1973) Dantza irakasle entzutetsua da Argentinako euskal diasporaren artean, eta orain mundu digitalera egin du salto Txikito proiektuari esker. Mugimenduak grabatzeko jantzi berezi baten bitartez oinarrizko euskal dantza ikastaroa sortu du.

Nor da Aitor Alava?

Jo! Ba Aitor Aiarako bailaran jaio zen gaztea da. Artziniegako Arteko Gure Ama ikastetxean ikasi nuen aurrena, Amurrion gerora. EHUn Geologia ikasten hasi nintzen, eta ez zitzaidan batere ondo joan. Denbora batera ulertu nuen daltoniko batek nekez gaindituko zuela 3. mailako mineralogia ikasgaia, ez bainituen mikroskopioan koloreak bereizten. Ordutik bueltak eta bueltak eman nituen bizitzan barrena, harik eta 2003an lan istripu bat izan nuen arte. Aretako enpresa batean beharrean ari nintzela, aurretik ebakuntza eginda nuen begia zauritu nuen berriro, eta aski zela esan nuen. 

Euskara ikasteko barnetegi batean eman nuen izena, eta ikastaroa bukatuta Argentinara joan nintzen, barnetegian ezagutu nuen argentinar batekin maitemindu nintzelako.

2004tik zaude Argentinan beraz.

Hala da, bai. 2004ko uztailaren 20an iritsi nintzen Argentinara, Lagunaren Egunean. 

Dantzari izateagatik ezagutzen zaitugu. Noiz hasi zinen dantzatzen?

Txikitatik egin dut dantza. Etxeko sukaldean aritzen ginen, musika zegoelako. 11-12 urte nituela Aiara Dantza Taldera batu nintzen, eta une batean bost Alava anai-arrebok batera egin genuen dantza bertan. 17 urte nituela hasi nintzen euskal-dantza eskolak ematen, Edorta Yaldeberek bultzatuta. Hor hasi zen guztia.

Nola eragin du Argentinako egonaldiak zure dantzari ibilbidean?

Lan ugaritan ibili nintzen Argentinara iritsitakoan, diasporarekin edota euskal-ekintzekin lotutako lanak gehienak. Lan elkarrizketaren bat edo beste ere egin nuen, eta inoizko esperientziarik txarrena bizi izan nuen horietako batean.

Horrela ibili nintzen 2008ko maiatzean Llavallol herriko Euskal Echean beste elkarrizketa batera deitu ninduten arte, Euskal Jaiko dantza irakasle izateko. Espero ez zituzten gauzak kontatu nizkion elkarrizketa egin zidan tribunalari. Genero folklorea irakatsiko niela esan nien; hau da, neska zein mutilek berdina dantzatuko zutela. Harrituta begiratzen ninduten: “Zer esan nahi du horrek?”. Agurra guztiek dantzatuko zutela erantzun nien nik. Eskema guztiak apurtu nizkien. Diasporaren oinarria diren topikoekin apurtzea zen hori. Hor topatu nuen nire Argentinako dantzari singladurako lehen erronka, topikoekin apurtzea.

Nire harridurarako, elkarrizketatik astebetera jaso nuen Euskal Echearen erantzuna, irakasle izateko hautatu ninduten. Horrela hasi nintzen. Eskola gutxi batzuekin ekin nion irakasle lanari, eta gaur egun garrantzia nabaria duen figura naiz Argentinako diasporan: 9 eta 18 urte arteko ikasleei ematen dizkiet dantza eskolak, departamentuko zuzezendaria naiz…

Irakasle izateaz gain, ikasketak ere egin dituzu Argentinan.

Musika irakasle izateko titulazioa eskatu zidaten. Nahiko gaizki tratatu ninduten irakasleek, baina promozioko lehena izan nintzen. Argentinako folklore irakasle izateko titulu nazionala dut orain, baita dantza-komunitario eta antzerki irakasle izateko goi-mailako titulazioa ere.

Horri esker Euskal Echean eskolak emateaz gain, Buenos Airesen tango eskolak ematen ditut orain.
Azken asteetan hainbat medioetan azaldu zara Txikito proiektuaren atzean dagoen dantzaria zarelako.

Zer da zehazki Txikito proiektua eta nola murgildu zinen horretan?

Txikito, funtsean, DT Creativos enpresak garatutako proiektua da. Pandemia garaian sortu zuten proiektua. Figura digital bat da, denboraren poderioz euskal kulturaren enbaxadore bilakatu dena. Enbaxadore horrek gauza asko egiten ditu: arraun, surf, harriak jaso…

Halako batean Txikito pertsonaia dantza irakasle ere izan zitekeela otu zitzaion David Tazueco DT Creativos enpresako zuzendariari. Mugimenduak grabatzeko jantzi bat sortu zuten horretarako. Prozesu luzea izan zen, software bat sortu bear izan zuten programatzaile batekin.

Behin jantzia zutela, honen barruan sartuko zen norbait behar zuten, eta kasualitatez nirekin egin zuten topo.

Argentinan ospatzen den Euskal Jaira bertaratu zen DT Creativoseko kide bat, Txikito merchandising-a saltzera. Saltzen zituzten produktuen artean txikito edalontzi serigrafiatu bat zegoen, eta nik edalontzi hori hainbat euskal dantzetan ere erabiltzen zela erakutsi nien. Bideoa grabatu zidaten eta sare sozialetara igo. Horrela ezagutu ninduten.

Handik denbora batera DT Creativosen deia jaso nuen, Txikito pertsonaia dantza irakasle bilakatu nahi zutela. Baietz esan nien.

Lan mardula izango zen hutsetik dantza ikastaro osoa sortzea, ezta?

Ez nuen opor egunik izan. Txosten bat prestatu nuen. Eskola guztiak transkribatu nituen, gero “maisu digitalak” azalpenak emateko. Mugimenduak grabatzeko jantzia erabiltzea gauza ikusgarria da, baina atzetik lan handia dago. Prozesu didaktiko zehatza jarraitu dugu. Publikatu den lehenengo dantza eskola digital honetan oinarrizko urratsak irakasten dira, euskal dantzetatan hastapenak. Horretarako nik ohikoan erabiltzen dudan dantza errepertorioa aukeratu nuen.

2024ko martxoan grabatu genituen mugimendu guztiak, Buenos Airesen bertan. Orain, 2024ko abenduan, dantza ikastaroaren bigarren denboraldia grabatu dugu. Laster egongo da erabilgarri, eta lehenengo denboraldian ikasitako dantza eta mugimenduen jarraipena izango da, koska bat zailagoak, ikasleek maila hobetu ahala aurrera jarraitu ahal izateko. Denboraldi berrian pare bat dantza tekniko sartu ditugu, Zuberoako dantzaren bat ere. Bigarren grabaketa hau Bilbon egin genuen, DT Creativosen estudioetan. 

Hirugarren denboraldia egongo da, jauziak irakasteko, ezin dut gehiago aurreratu.

Nolakoa da mugimenduak grabatzen dituen jantzi berezi hori erabiltzea?

Prozesu neketsua da. Mugimendu bakoitza hiru-lau aldiz errepikatzen da, eta horrez gain betse kamera batek kanpotik grabatzen ditu mugimenduak ere. Batzuetan mugimendu batzuk kamera motelean bezala grabatu behar dira.

Pozik emaitzarekin?

Bai. Nik uste tresna baliagarria dela. Txikitok ezingo du inoiz hezur-haragizko irakasle bat ordezkatu, baina erreminta bat da etxean jolasteko eta euskal dantzetara hurbiltzeko. Familian jolasteko tresna da. Nabari dut mutil gazteak dantzetatik urruntzen ari direla, Txikitok agian balio dezake haurrak dantzetara erakartzeko.

Dokumentuaren akzioak