Urte hasieran estreinatu zuen Hotzikarak dantza konpainia garaikideak bere lehen obra: 'Sintoniak'. Itsasoko iruditeriaren bitartez, kulturen arteko zubiak eraikitzea du xede obrak. Lehen emanaldietako arrakasta ikusirik, Durangoko (Bizkaia) San Agustin kultur guneko oholtzara igoko dira gaur, berriz ere. 

Inalvis Echevarria koreografoaren eta Carlos Frias sortzailearen esanetara, Durangaldeko eta Busturialdeko hamalau dantzarik osatzen dute taldea. Josu Belar Totorikaguena (Durango, 1999) da dantzarietako bat, eta dantza eta musikaren unibertsaltasuna azpimarratu nahi izan du. 

Urte hasierako estreinaldian egindako emanaldi arrakastatsuen ostean, berriz oholtzara itzuliko zarete gaur. Zer esan nahi du horrek zuentzat?

Guretzat oholtzara irtetzea gozatzea da. Jendeari guk egiten duguna gustatzen zaiola ikusteak aintzat hartzen gaituztela esan nahi du, eta, horrek asko pozten gaitu. Azken finean, ez gara honetatik bizi eta ilusioz erakutsi nahi dugu dantzaren munduan proiektu ezberdinak sortu daitezkeela, hots, talde amateur batek proiektu handi bat sortzea posible dela eta dantzari forma ezberdinak eman ahal zaizkiola; are gehiago, kultura ezberdinen arteko zubiak eraiki daitezkeela. Inspirazio iturri bat izan, eta ikusleak ere goza dezala nahi dugu.

Zer kontatzen du ‘Sintoniak’ dantza ikuskizunak?

Itsasoan egiten den bidaia bat aurkezten dugu. Bertan, kultura ezberdinak aurkitzen dira eta beraien arteko harreman bat sortzen dute dantzaren bitartez. Hau da, gorputz espresioaren bidez, kultura ezberdinen elementuak nahasten dira.  

Hainbat diziplina batzen dira horretarako oholtzan.

Dantza garaikidearekin hasten gara, baina horrez gain, ballet zati batzuk eta folklorea ere agertzen dira. Dantza garaikidea argi ageri da emankizunean, baina, aldi berean, garaikide izate hori obraren kontzeptu eta nahasteko eretatik dator: are gehiago, musika sartzerako momentuan.

Hotzikarak dantza konpainiako taldekideak, 'Sintoniak' ikuskiunaren emanaldi batean

Hotzikarak dantza konpainiako taldekideak, 'Sintoniak' ikuskiunaren emanaldi batean HOTZIKARAK

Musikak zein ekarpen egiten du?

Musika bera elementu bat gehiago da obran. Bai musika zein dantza oso unibertsalak direla erakusten da hein batean; alegia, eremu zabal bat har dezaketela. Kasu honetan, musika sinfonikoa erabiltzen da. Hau da, elementu kubatarrak edo erdi afroa, adibidez, musika sinfonikoan txertatzen dira. Emozio eta erritmo ezberdinak elkartzen dira, nahastura polit bat sortuz.

Hortaz, Inalvis Echeverria koreografoak bere ukitua jarri nahi izan dio ikuskizunari elementu kubatarrekin.

Hori oso garrantzitsua da guretzat. Ikuskizunaren zati batean baino gehiagotan Kubako kultura oso argi erakusten da. Inalvis Echevarria emanaldiaren koreografoa zein Carlos Frias obraren sortzaile eta zuzendari artistikoa biak ala biak kubatarrak dira eta biek bizi izan dute asko euskal kultura.

Hala, Sintoniak ikuskizuneko itsas bidaiaren bitartez elementu asko harremanetan jarri nahi izan dituzte. Horrez gain, lanketa honen bitartez asko ikasten da kulturen arteko harremanez.

Ez da denbora asko lehen aldiz oholtza gainera igo zinenetik. Nondik zatozte?

Talde amateurra izan arren, lan egiteko dugun metodologia eta bi urte luze hauetan egindako prozesua oso modu profesionalean landua izan da. Gure koreografoak horrela landu nahi izan du eta taldea prest agertu da. Amateurrak gara ez dugulako dantzaren inguruko ikasketa profesionalik eta ez dugulako dirurik irabazten honetatik, baina profesionaltasunez aritzen gara.

Forma eta adin guztietako pertsonak batzen ditu taldeak. Euskal produkzioetan ez da ohikoa hamalau pertsonako taldea izatea, are gutxiago herri mailan. Finantzatzeko zailak diren ikuskizunak dira. 

Nolakoa izan da bi urte hauetako lanketa prozesua? 

Taldearen aniztasuna ikusita, gogorra izan da. Obra sortzeko gure bizitzako denbora asko sakrifikatu behar izan dugu. Asteburu asko eman ditugu lanean, astero sei-zortzi orduz aritu gara. Baina, aldi berean, oso aberasgarria izan da. Bereziki diziplina aldetik asko ikasi dugu denok, gure jokamoldeetan nabari da profesionaltasun puntu hori.  

Modu pertsonalean, zer eman dizu zuri proiektuak? 

Hasteko, taldekideekin sorturiko harreman estua nabarmenduko nuke. Bestalde, diziplina eta zorroztasun maila handia eman didala esango nuke, egunerokoa asko baldintzatu baitit. Dantza egiterakoan ere beste ikuspuntu bat eman dit, eta ikuspuntu horren barruan ikasi dut dantza zerbait unibertsala dela, azken finean, dena dela jolastea. Emozio hutsa sentitzen dut. Dantzari gisa ere abilezia gehiago dut. 

Etorkizunera begira, zertan irudikatzen duzu Hotzikara taldea? 

Hotzikarakook, azken batean, Inaren [koreografoa] ikasle talde bat gara. Ez naiz inoiz nekatuko Inaren izena errepikatzeaz baina talde honek sortu dezakeen dena berak gure gorputzak ezagutu eta formatu dituelako da. Martha Graham dantzari kubatarrean oinarrituriko bere teknika gure gorputzetatik ateratzea lortzen du. Harrobi handia du Inak etorkizuneko produkzioetarako. Ziur nago zerbait oso bizia izango dela.