Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Sorkuntza garaikidea hemen daukagun ondare handitik abiatuta egin daiteke”

Dokumentuaren akzioak

“Sorkuntza garaikidea hemen daukagun ondare handitik abiatuta egin daiteke”

Egilea
M. Egimendi
Komunikabidea
Aizu!
Mota
Elkarrizketa
Data
2010/08/31

Dena dantzaren inguruan, zer da dantza zuretzat?

Momentu honetan, gauza asko eta oso ezberdinak. Konturatu gabe, nire bizitzaren ardatz bihurtu da. Hor ezagutu ditut hainbat lagun, bikotekidea... Ez da dantzan egitea bakarrik, baizik eta dantzak Kukai bezalako egitasmo baten inguruan dakarren guztia. Esan dezaket gaur egun horren bueltan doala nire bizitza.

Kukaiko zuzendari eta dantzari moduan zara ezaguna, baina dantzatik bizimodua ateratzeko irakasle jarraitzen duzu.

Bai, baina orain lanaldi murriztua daukat, Kukain iaz urrats garrantzitsu bat egin genuelako, egunez egun hasi ginen lanean, modu xumean izan arren. Izan ere, taldeko gehienek, hemengoaz gain, bestelako lan batzuk dituzte, oso ezberdinak. Esan dezakegu orain erdibide batean gaudela, baina daukagun lanak horretan buru-belarri aritzeko aukera ere ematen du. Oso garrantzitsua da egunez egun lan egitea, entseatzeko, prestatzeko, hezteko... aukera ematen digulako, baina nahiko genuke oraindik ere beste urrats bat egin. Kukai dantza konpainia profesional bihurtzea gauzak hobeto eta denbora gehiagorekin, dedikazio handiagoarekin egiteko modua izango litzateke. Orain helburuetako bat hori izango litzateke.

Irakasle gisa, zer-nolako harrobia ikusten duzu dantzaren alorrean?

Orokortzea oso zaila egiten zait, baina uste dut dantza irakaskuntzak, ikasleei eta dantza taldeei erreparatuta, garai hobeak bizi izan dituela, maila eta kopuru aldetik behintzat. Hala ere, nik hemen egunez egun bizi dudan giroan ez dut hori nabaritzen. Guk 6 eta 17 urte arteko 300 ikasle ditugu dantza tradizionalean. Gainera, dantza ikastaroak ematen ditugunean ere, jende asko mugitzen da, hemen dantza giroa oso piztuta dago. Baina beste leku batzuetan ez da horrela gertatzen. Errenterian loraldi batean bizi garela dirudi, dantzari gazteen artean maila altuko jendea dago, eta pozik nago, batez ere, aurretik egindako lanaren emaitza delako, hori egun batetik bestera gertatzen ez baita. Hemen, 90eko hamarkadan, Ereintza taldearen inguruan batzuek dantzaren aldeko oso apustu garrantzitsua egin zuten, eta eskola finkatu zuten. Nik beti aitortzen dut ni bezalako jendea apustu horren emaitza garela; fruituak ikusten ari gara.

Orain Kukai (Sok)2 ikuskizuna dabil aurkezten, nolako obra da?

Estetikoki, oso ikuskizun ederra da. Oso erritmo lasaia dauka, eta ikuslea antzokira sartzen den momentutik bertatik, giroak, estetikak... lasaitasunera eramaten du. Edukietan ere oso pauso inportantea egin dugula iruditzen zait. Kasu honetan elkarlanean aritu gara Pantxika Telleria eta biok, bi mundu ezberdinetatik gatozen bi dantzari. Uste dut bi mundu horien arteko elkarketa oso modu naturalean egin dela eta oso ondo lotzen direla kasu honetan dantza garaikidea eta tradizionala.

Nola sortzen dituzue ikuskizunak?

Puzzle baten antzera. Jende ezberdina dago lanean, bakoitzak bere ekarpena du, musika dela, argiak direla, gidoia dela, dantza dela... Egitasmo bati ekitean, ikuspegi orokorra erabaki behar da, nondik nora joango den. Eta gero beste guztia txertatzen da, puzzle bat bezala. Nik Mireia Gabilondorekin askotan lan egiten dut, Kukaik eta Tanttakak hiru ikuskizun egin ditugu elkarrekin. Biok dezente aurretik hasten gara egitasmoa lantzen, zeri buruzkoa izango den, nolakoa, nola egingo dugun, nola ikusten dugun... Ondoren bera edukietara eta gidoietara zuzentzen da, eta ni dantzariekin hasten naiz lanean. Gero, berriro jotzen dugu berarengana zuzendaritza eszenikoa egin dezan: ukitu batzuk eman, nola azaldu sentimenduak eta begiradak... Horrela joaten gara pixkanaka elementuak biltzen eta hazten, estreinaldira heldu arte.

Tanttakarekin duzuen elkarlana finkoa da?

Bai, oso hasieratik. Sortu genuen lehen ikuskizuna (1937, gogoaren bidezidorretatik) eta gero Otehitzari biraka eta Hnuy illa elkarrekin egin ditugu. Baina guk orain lanerako aukera eta baliabide gehiago dauzkagunez, Soka mugaz gaindiko egitasmo moduan planteatu zen, eta Pantxika Telleria eta Elirale taldearekin elkarlanean aritu gara. Nik garbi neukan soka-dantzan inspiratutako zerbait nahi nuela eta dantza garaikidean jarduten zuen koreografo baten ikuspegia sartu nahi nuela. Horrela hasi ginen bidea egiten. Orain datorren urtean izan daitezkeen egitasmo batzuei bueltak ematen ari gara. Aurreratu dezaket kale ikuskizun bat izango dela eta beste kolaborazioren bat ere egongo dela...

Garrantzia ematen ari zatzaizkiete kaleko ikuskizunei, ezta?

Bai, bi egin ditugu jadanik, Taupadak Logela Multimediarekin, eta Soka, batere baliabide teknikorik gabe, huts-hutsean. Kalekoa garrantzitsua dela uste dut. Antzokian beste goxotasun bat dago, beste giro bat, baliabide teknikoak... Baina kalean egitea, batetik atsegina da, eta bestetik, jendearengana heltzeko modua ere bada, segur aski antzokira joango ez den norbaitek ere ikusiko duelako. Publikoa sentsibilizatzeko eta publiko ezberdinetara heltzeko modua da.

Ba al dago hemen jende tradiziozalea, Kukaik euskal dantza beste estilo eta musika batzuekin nahastea ondo ikusten ez duena?

Denetik egongo da, ez dakit. Gauzak egiteko eta azaltzeko moduaren arabera, Kukaik ez ditu dantza tradizionalak aldatzen, Kukaik dantza ikuskizunak sortzen ditu gaur egungo ikuspegi batetik. Zalantzarik gabe, daukagun formazioagatik eta hala nahi dugulako, gainera, lan tresna nagusiak dantza tradizionaletik datoz, iruditzen zaigulako sorkuntza posible dela hemen daukagun ondare handi horretatik abiatuta. Baina guk ez dugu ez dantza tradizionala egiten, ez dantza tradizionala aldatzen. Beraz, hori esaten denean iruditzen zait zerbait gaizki esan edo gaizki ulertu dela, guk egiten dugun dantzak ez baitauka abizenik. Beste kontu bat da nondik datorren egiten dugun hori edo zein sustrai duen.

Zuen prestakuntza fisikoak goi mailako kirolari batena izan behar du?

Guk egunean lau orduko lana egiten dugu. Horren barruan eskola teknikoak eta entseguak edukitzeaz gain, badaukagu prestakuntza fisikoaz arduratzen den beste irakasle bat ere, eta harekin jarduten dugu astean bitan gutxi gorabehera. Garrantzitsua da ondo egotea, besteak beste, lesioak ekiditeko. Gertatu zaigu ikuskizun batzuetan, azken urte honetan bereziki, lesioak edukitzea. Zortzi urtean inork ez du inoiz baja bat eduki eta aurten denak batera tokatzen ari zaizkigu. Ikuskizunaren arabera, era batera edo bestera moldatzen gara, ordezkoak sartuta edo gure paperak bikoiztuta. Baina orain inoiz baino jende gehiago dugu oinarri iraunkorraren inguruan, egitasmoka dabilena. Interesgarria da, kolore eta eduki ezberdinak ekartzen dizkiguten beste modu bateko dantzariak sartzen ari garelako, eta horrek beste gauza batzuk lantzeko aukera ematen digulako.

Dantzari batek badu erretiratzeko adinik?

Jardueraren arabera, eta kasuen eta beharren arabera. Ni momentu honetan ondo samar nago, belaunetan-eta neure ajeak baditudan arren. Beti esaten dut dantzan jarraitzea gustatuko litzaidakeela ondo sentitzen naizen bitartean. Baina orain, adibidez, Sok(2) ikuskizunean ez nabil dantzan, oharkabean gero eta gehiago ari naiz sartzen zuzendaritzan eta beste lanetan. Orekari eutsi nahiko nioke, baina beste aldean ere gustura sentitzen naiz, nahiz eta oso gaizki pasatu emanaldietan. Dantzatu behar denean, badakit zer egin behar dudan, errutina bat dago, beroketa ariketak-eta. Baina orain askoz ere okerrago pasatzen dut, urduri, taldekideak dantzan ikusten ditudanean. Txaloak entzutean bakarrik lasaitzen naiz, baina bitartean beti dago kezka. Dena dela, lehen aldia da dantzan ez nagoela eta ohitzea izango da kontua.

Kukai gero eta gehiago ateratzen da Euskal Herritik kanpo. Nola hartzen zaituztete?

Egia esan, kanpoan oso harrera ona eduki dugu, oso kritika onak jaso ditugu. Pasa den urtera arte, urtean behin-edo ateratzen ginen, baina iaz asko ibili ginen (Kolonbia, Ekuador, Mexiko, Uruguay, Alemania, Espainia...). Gure lanaren oinarria, zalantzarik gabe, Euskal Herrian dago, baina pixkanaka kanpora ateratzen ari gara. Hemen gurea bezalako konpainia baten lana beti ikusten da tradizioaren eta berriaren arteko lotura moduan. Horrek jende bat erakartzen du, baina beste bat agian ez. Kanpoan, aldiz, dantza konpainia bat gara, bestelako konnotaziorik gabe. Orijinala suertatzen zaie guk egiten dugun dantza, beti azpimarratu dute nortasun handikoa dela, eta sariak ere jaso ditugu. Ikuskizuna ikusten dute, zertan oinarrituta dagoen pentsatu gabe, eta gustatzen zaie edo ez. Hemengo kultura kanporatzea oso gutxi landutako esparrua da eta kosta egiten da, baina pixkanaka ari gara bidea egiten eta joan garenean beti hartu gaituzte oso ondo.

Ezagutzen zaituzteten seinale izango da Rafael Amargorekin baterako elkarlana ere. Zertan da flamenkoari lotutako egitasmo hori?

Proiektua zuzentzen duena Ion Collar errenteriarra da, eta hark proposatu zidan kontua. Egitasmo bikoitza da. Alde batetik, kultura ezberdinen arteko fusioaren inguruko dokumentala, euskal dantza tradizionala eta flamenkoa. Bi kultura tradizional oso indartsu eta aberatsak dira eta, zergatik ez?, bateragarriak ere bai. Fusio erakargarria iruditzen zait.Bestetik, filma dago. Hasiera batean, nik batez ere dokumentalean hartuko dut parte. Hala ere, proiektua atzeratu egin da oraingoz, eta ikusiko dugu zertan geratzen den guztia.

 

KOLKOTIK

Parranda batean dantzan egiten duzu lagunekin ala barrari eusten diozu? Barrari eusten diot, baina ateratzen naiz dantzatzera. Zer moduzko dantzaria da Belen Esteban? Ikusi dudan gutxiagatik, oso txarra, kar, kar! Zorionez, ez dut kontu hori jarraitu. Dantzari ona bikotekide txarra ondo eramaten dakiena da? Gauza gehiago da, baina hori ere bai. Askotan zapaldu dizkizute oinak dantzan? Ez askotan, bikotekide ona daukat. Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Ilusio handiko pertsona bat. Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Inguruan sumatzen den giroa askoz urrunago doala eta aldaketa gertatzen ari dela. Zeren beldur zara? Ingurukoen faltaren beldur. Zerk ematen dizu amorrua? Zintzotasun faltak eta egoskorkeriak. Eta lotsa? Distantzia motzean ez naiz lotsatia, baina multzo handietan pixka bat bai, hasieran nire jarrera beti da itxarotekoa. Eta poza? Nire lagunarteak eta familiak, eta sinesten dudana egiteak.

maya

 

Argazkia: Amaia Zabalo

 

 

 

 

 

Dokumentuaren akzioak