Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Saiatu gara ihauterien ordena bera hausten ikusgarriarekin”

Dokumentuaren akzioak

“Saiatu gara ihauterien ordena bera hausten ikusgarriarekin”

Euskal Herriko inauterietako pertsonaiak nahasten dituen ikuskizun asmatua emanen dute bihar Hiriburun. Kaskarotekin hasi ziren, otsailean. Pastoralean parte hartu zutenek bultzatu dute.
Egilea
Iñaki Etxeleku
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2020/02/26
Lotura
Iparraldeko Hitza

Hezitzailea da ofizioz, eta euskara irakasten du gau eskolan. Hiriburuko Andere serora pastoralean parte hartu zuen arizale gisa, baita mustraketan laguntzen ere. Inauterien karietara biharko muntatu duten ikuskizuneko testuaren idazlea da Maddi Errezaret (Atharratze, 1986). Idazle eta arizale. Ez du lehen esperientzia inauterietan, Zuberoako ikastoletako ikasle ohiek eman zuten maskaradan parte hartu baitzuen.

Duela bi urteko pastorala izan da dinamika berri honen abiapuntua?

2018an, pastoralean denek elkarrekin zerbait egin genuen, eta Hiriburuko gazte batzuentzat gauza berria izan zen. Ondoko urtean, ikusgarri ttipi bat egin genuen pastoraleko zati batzuekin, eta dinamika horrek segitu du. Horren ondotik, bi gaztek erran zuten ontsa litzatekeela ihauterientzat zerbaiten egitea. Orain arte, eskolek antolatzen zuten haurrentzat zanpantzarren panpina. Gogoa ukan dute zerbaiten egiteko denentzat, eta pastoraleko antolatzaileek deitu dute Pantxika Urruti taula zuzendaritzarentzat, Arnaud Izal dantzentzat; pastoraleko berak, azkenean.

Zuk ere parte hartu zenuen Hiriburuko pastoralaren muntaketan; antzerki forma ezaguturik?

Baionako pastorala egin nuen —Katalina de Erauso—, eta kasik denak zuberotarrak ginen. Ez zen esplikatzerik gorriek zer egiten zuten eta urdinek zer. Gero, Pantxikak deitu ninduen Etxalarko pastoralean laguntzaile izateko —Karmen Etxalarkoa—. Han, zerotik hasten ginen. Hiriburun egin delarik, Pantxikak berriz deitu ninduen errepiken eramaten laguntzeko.

Inauteriko ikuskizuna zuk duzu idatzi. Zer da zuzen?

Zanpantzarren auzitik abiatu gara; ez genuen nahi libertimendu bat, ez Pantxika, ez ni ez baikara eremu horretarik heldu. Ikusgarri bat egin nahi genuen. Pantxikak nahi zituen sartu ihauterietako beste tokietako pertsonaiak: Pitxu eta Kabana Zuberoatik, Donostiako kaldereroak, Nafarroako pertsonaia batzuk… Horiekin hasi ginen ikusgarria asmatzen. Ez genuen libertimendu edo maskaradetako presiorik, baitituzte kodeak eta egiteko manerak. Hor, nola beste zerbait egin dugun, ez genuen deus berezirik errespetatzeko. Ihauterietan, normalki, ordena hausten duzu, eta saiatu gara ihauterien ordena bera hausten. Zanpantzar, epaitua izateko ordez, epaile izatea. Maskaradetan dantza politak aitzindarientzat dira; libertimenduetan zirtzilek dute hitza, baina dantza politak bolantek; orduan, hor kauterei parada eman diegu bai mintzatzeko, bai dantzatzeko. Karguak aldatuz.

Euskaraz eraman egitasmoa da?

Bai, ikusgarria euskaraz da. Errepikak bi hizkuntzetan, batzuk ez baitira euskaldunak, baina dena euskaraz eginik izan da.

Zenbat zarete parte hartzaileetan?

Antzerkian, berrogei bat; bi dantza talde badira: bata antzerkian ere ari dena, eta bestea dantzan bakarrik. Orotara, hirurogei bat pertsona ariko dira. Gero, tresna batzuen egiteko logistika talde bat eta dendariak ere izan dira. Gehienak pastoraleko arizaleak.

Kaskarotak egin dituzue duela bi aste. Bazen ohiturarik lehenago Hiriburuko eremuan?

Duela hogeita hamar bat urte izan ziren, eta gero galdu egin zen. Aurten aritu direnen burasoen garaian egina izan zen.

Etxeetan ibili zarete?

Auzoka antolatu da, eta auzo bakoitzean etxe bat hautatua izan da, auzoak juntatuz horretara. Giro zinez polita izan da. Denek plazer handia hartu dute, bai dantzariek, bai etxeetakoek; kontent ziren ikustez gazteak hor zirela, ez baitzituzten baitezpada denak ezagutzen. Auzoen artean ere batzuk musika entzunik hurbildu dira, ez zuten baitezpada elkar ezagutzen eta nik uste dut zerbait sortu dela kaskarotekin.

Kaskarotetan, neskak eta mutikoak nahasirik?

Bai, bai. Egia erran, gehienak neskak ziren.

Irauteko gogoa baduzue?

Bai. Gogoeta izan da euskal kulturari buruz. Kaskarotak ez ziren sobera ezagunak, baina geroari begira, naski, gazteak motibatuak dira berriz egiteko ikusiz nola iragan den. Ikusgarriari begira eztabaidak izan dira: dena euskaraz egin edo ez? Euskaraz bai, baina dena itzuliz? Horrek erakusten du gogoa badela euskarari lotzeko, baina ez dela erraza. Interesgarriak izan dira eztabaidak. Nahiz eta proiektua eraman dugunek argi genuen euskaraz eramanen genuela prozesua, galdera hori bagenuen: nola egin, dena euskaraz utziko dugu? Nola lotu jendea euskarazko ikusgarri bati?

Eta zer formula atzeman duzue?

Antzerkia euskaraz da. Eskoletan tailer ttipiak izan dira jantziak erakusteko, esplikatzeko nor ziren pertsonaiak, zer zen euskal ihauteria. Euskal ihauteria ez da Spider-manez mozorrotzea. Gazteenei esplikatzeaz, etxekoei eta burasoei esplikatzen diete; hola jendeen parte bat lotzen diozu euskal kulturari. Egunean berean liburuxka bat banatuko dugu bi hizkuntzetan, esplikatzeko nor diren pertsonaiak. Gazteen desmartxa da hastapenean ihauteriena, eta gogo hori bada euskal kultura ekartzeko Hiriburura.

Dokumentuaren akzioak