Dokumentuaren akzioak
“Pregoian Zornotzako herriari eskertu nahi diogu 50 urteetan beti hor egotearren”
Zornotzako Udabarri Dantza Taldeak emango dio hasiera gaur Zornotzako jaiei.
-Espero zenuten pregoilariak izatea?
Bai, 50 urte egiten ditugulako aurten eta uste dut Udabarrik merezi zuela. Inoiz ez dugu pregoia irakurri eta herriko jendearentzat hain garrantzitsua izan den dantza taldeak irakurtzea merezi du.
-Ardura handia da zuentzat?
Gure beste zati bat ematen diogu herriari. Nik uste dut azkenean beste errekonozimendu bat dela dantza taldearentzat. Ardura baino ohore bat da.
-Nork irakurriko du pregoia?
Nik irakurriko dut, Oibar Idigoras, baina Udabarri Dantza Taldearen izenean. Denon artean irakurtzeko asmoa geneukan, baina denok ezin garenez balkoian egon ni izango naiz irakurtzen duena.
-Eta zuretzako pregoia irakurtzea…
Ohore bat da. Oso pozik nago. Momentuz ez nago urduri baina balkoian nagoenean batek daki…
-Bakarrik egongo zara balkoian?
Ez, beste dantzari batzuk ere egongo dira eta Joxe Mari Agirre, dantza taldeko fundatzailea, ere egongo da.
Ekitaldi berezia
-Nolakoa izango da ekitaldia?
Laburra izango da. Pregoia irakurtzeaz gain, gauza berezi bat daukagu prestatuta eta hori bai izango dela gure benetako errepresentazioa. Pregoian parte hartzen dugun guztiak baserritarrez jantzita joango gara, pista hori baino ez dut emango. Euskaraz egingo dugu, bizkaieraz, uste dugulako euskal talde bezala horrela egin behar dugula
-Zer esango da pregoian?
Gehien bat Zornotzako herriari eskertu nahi diogu 50 urteetan beti hor egotearren. Baita udaletxeari, eurengatik jarraitu ahal izan dugulako aurrera. Eta kontutan eduki nahi dugu gurekin ez dagoen jendea, bai falta dena edo dantza taldeari lotuta egon den jendeari.
-Udabarrik 50 urte betetzen ditu aurten, baina, nolakoak izan ziren lehenengo urratsak?
1966an herritar batzuk elkartu ziren, euskal folklorea, kultura eta ohiturak ardatz hartuta, hauek zaindu eta berpizteko lana hartu zuten esku artean. Ez zen lan erraza izan, baina emaitza ederrak ikus daitezke.
-Zer da Udabarri Zornotzako herriarentzat?
Zornotzar askoren elkargunea izan da, baita aisialdirako aukera ere. Urteetan zehar asko dira Udabarrik antolatutako ekintzak: irteerak, mendira ibilaldiak, Agate Deunaren koplak kantatzea, dantza trukaketak, umeen euskal jaiak eta abar. Betiere giro onean dantzaz eta musikaz inguratuta.
-Nortzuk izan ziren dantza taldearen fundatzaileak?
Joxe Mari Agirre eta Marisa Agirre izan ziren taldea sortu zutenak orain dela 50 urte.
-Udabarriren zeregina aldatu egin da urte hauetan?
Ez, azkenean dantza erakustea da. Bizitza eta modak aldatu diren heinean horretara egokitu gara.
“Mantentzea oso gatza da”
-50 urte hauetan taldeak gorabeherak sufritu ditu?
Bai, asko egon dira. Mantentzea oso gatza da, mutil txikiak lortzea ez da batere erraza. Holako ekintzak, 30 edo 40 urteurrenetan egin zirenean berpiztu zen apur bat eta orain asmoa berdina da.
-Gorabeherei buruz hitz egiten dugunean jende gutxi dagoela esan nahi duzu?
Denetik apur bat; euskal dantza munduan giroak apur bat behera egin du. Orain beste moda batzuk daude.
-Zenbat pertsona pasatu dira Udabarritik?
Herri erdia egon da Udabarriri lotuta, nahiz eta denak dantzariak ez izan. Baina jende asko egon da beti prest alardeak prestatzeko, alardeetan umeak etxeetara bazkaltzen eroateko…
-Karmengo jaietan urtero hartzen duzue parte, bai Karmen egunean zein alardean. Zuentzat beharrezkoa da zer egiten duzuen erakustea?
Bai, jaiak garrantzitsuak dira zornotzar guztientzat eta herriko jendeak ez badu ikusten herrian zer egiten den eta zer eman ahal den… Gainera nik uste dut herriak beti espero duela zerbait. Udabarrik beti egin izan du dantza Karmengo amaren aurrean eta aurten zerbait berezia egitea nahi dugu egun horretan.
-Udabarriren etorkizuna bermatuta dagoela uste duzu?
Ez. Oso zaila da beste eskolaz kanpoko ekintzen aurrean dantzarena aukeratzea.
Dokumentuaren akzioak