Dokumentuaren akzioak
“Oso harro gaude haien lekukoa eramateaz”
Karmele Camara eta Lourdes Castillo
Pasaia Itsas Festibala ate joka dago. Zuek, batelerak, izango zarete protagonista nagusiak. Nola ariko zarete egun horietan, nola dinamizatuko duzue herria?
LOURDES CASTILLO: Batelerak nor ziren eta nor garen erakutsiko dugu festibaleko egun guztietan. Lehen egunean itsasontzien harreran izango gara, San Pedron dantzatuko dugu lehenik. Barruti guztietan eta batetik bestera ariko gara jaialdiak iraun bitartean, dantzan zein arraunean. Ostiralean (hilaren 10ean) batel txiki batekin arraunean ariko gara, jendeak ikus gaitzan. Ameriketatik trainerua ere aterako dugu egun horietan. Larunbat arratsaldean Antxon bertso saio bat egingo dute, eta guk eramango ditugu bertsolariak hara, arraunean, garai batean batelerek egiten zuten bezalaxe. Saiatuko gara behintzat.
Askorentzat oso kuttunak badira ere, badira oraindik bateleraren figura ongi ezagutzen ez dutenak, ezta?
CASTILLO: Hala dela uste dugu. Pasaitar guztiek ez dakite bateleraren figuraren atzean zer dagoen. Askok uztailaren 31ko Donibaneko Batelera Egunean ikusten gaituzte bakarrik, gure jantziak ezagutzen dituzte, baina ez dakite zer izan ziren. Koxtapeko Batelera traineruarekin ere nahasten gaituzte batzuk. Horretan ari gara lanean, badelako garaia emakume haiek egindakoari balioa emateko. Pasaiako jendea irrikaz dago jakiteko nor garen, nortzuk izan ziren batelerak. Zer izan ziren eta zer garen erakusteko unea dela uste dugu. Horretan ari gara buru-belarri lanean.
Oraindik ere zalantzarik dutenentzat, zeintzuk ziren batelerak, noiz aritu ziren, eta zertan?
KARMELE CAMARA: Pasaiako emakumeak ziren, marinelenekin ezkondutakoak, ahizpak, alabak, alargunak, ezkongabeak… Eta hainbat egoera pertsonal eta bizi baldintzengatik, euren familiak sostengatu behar izan zituztenak. Nola? Badiako ertzak lotzen zituzten, salgaiak garraiatzen, pertsonak pasatzen, marinelak haien ontzietara hurbiltzen, edota ontzietatik tiraka aritzen ziren. Txalupa txikietan aritzen ziren arraunean. Herriko gizonak Ternuara edota gerrara joaten ziren, eta garai haietan sostengua bilatu behar zuten emakumeek, hilabete luzez ez baitziren itzultzen itsasotik gizonak, eta tarte horretan dirua atera behar zuten.
CASTILLO: Denetik egiten zuten. Hiru edo lauren artean ontzi bat eramaten zuten arrastaka, pentsa. Ezinbesteko lana egiten zuten. Emakume profesional bereziak ziren, miresmen handia diegu. Ilusio handiz begiratzen ditugu. Hasiera batean herritar soilak ziren, baina denborarekin udaleko langile gisa hasi ziren lanean, nomina batekin. Beste ogibide bat bilakatu zen Pasaian. Baina, beste esparru askotan bezala, emakumeak itzalean geratu dira.
Zergatik uste duzue geratu edo utzi dituztela itzalean?
CASTILLO: Nerea Intxaustik egin berri duen ipuina egiteko informazio bila aritu da, eta hutsuneak izan ditu, ez dago ia dokumentaziorik, gauza oso gutxi dago idatzita haiei buruz. Bisitari ospetsuen testigantzak daude, eta horri esker garai hartako liburuetan atera ziren, baita koadroetan ere. Oihartzuna lortu zuten horri esker, baina gerora ez da behar bezala transmititu figura hori, tamalez. Gizonak izan balira, presenteago izango genituzke, ziur.
Noiz arte aritu ziren batelerak, noiz desagertu zen ogibide hau?
CASTILLO: Orain dela 100 bat urte izan zela esan daiteke. Batelerak funtsezkoak izan ziren XVII. eta XX. mendeen artean Pasaiako portuaren jardueraren funtzionamenduan. Braulia Goienetxea sanjuandarra izan zen azken batelera, hori esaten dute dokumentuek. XX. mendeko bigarren hamarkadara arte aritu zen lanean. Ontziak modernizatu egin ziren, motordunak erabiltzen hasi ziren, eta teknologiak ordezkatu zituen batelerak.
Nondik jaso duzue batelerekiko miresmen hori?
CASTILLO: Familian ez dut batelerik izan, baina txikitatik sentitu izan dut zerbait berezia bihotzean. Guretzako oso-oso bereziak dira batelerak. Txikitatik ikusi ditut herriko emakumeak bateleraz jantzita. Pixkanaka haien figura berreskuratzen joan gara, zortziko berezi bat egiten, abesti bat sortzen… Beste giro bat sortu da bateleren inguruan eta pixkanaka-pixkanaka handitzen joan da figura hori. Guk hartu genien lekukoa helduenei, eta gaur egun gaztetxoen talde bat ere badugu, zorionez. 16 urte inguruko neska talde bat dugu. Pozik gaude, goraka goaz.
CAMARA: Txiki-txikitatik ikusi ditugu batelerak, dantzan zein arraunean, eta beti liluratuta geratzen ginen. Jantzi horiek nahi nituen, haiek bezalakoak izan.
Eta orain haien lekukoa hartu duzuela, zer sentitzen duzue haiek bezala jantzi eta aritzean?
CAMARA: Erreferentzia izan dira eta izango dira guretzat. Oso harro gaude haien lekukoa eramateaz, haiek bezala janzteaz. Oso harro diogu batelerak garela. Beraien figura ikusgarri egiteko haien jantziak erabiltzen ditugu, harrotasunez. Haiek omentzeko modu bat ere bada, haien memoria biziberritzeko eta euren lan handia balioesteko.
CASTILLO: Horrela janzten garen bakoitzean oso harro sentitzen gara, eta gainera, omenaldi bat egiten diegu garai hartako emakume haiei.
CAMARA: Haiek bezala janzten garen bakoitzean berriro biziarazten ditugu. Egin zuten lana miresten dugu, erreferente izan zirelako eta direlako.
Pasaiako Batelerak elkartean aritzen zarete, aspalditik. Zein izaten da zuen zeregina?
CASTILLO: Uztailaren 31n Batelera Eguna ospatzen dugu. Egun horretan, festaz gain, txapelketa bat antolatzen dugu, herriko beste barrutietako emakumeekin. Bateltxoekin lehiatzen gara. Haien alboan, arropa onenekin jantzita, Ameriketatik ontzian aritzen gara arraunean. Urteko gainerako egunetan, berriz, erreferentzia historiko horri balioa ematen saiatzen gara.
Zergatik animatuko zenituzteke herriko neska eta emakumeak zuengana gerturatzera?
CAMARA: Zalantzarik gabe, merezi duelako. Lehen aldiz horrela jantzi eta Ameriketatik ontzira igo nintzenean, ikaragarria izan zen, flipatu egin nuen. Izan dudan esperientzia onenetako bat izan zen. Behin probatu duten guztiek errepikatu dute, engantxatzen duelako. Giro oso berezia sortzen da, oso-oso polita.
CASTILLO: Guztiok bateleren existentziaz harro sentitzea nahi dugu, eta zentzu horretan, Nerearen [Intxausti] ipuinak ezinbesteko garrantzia du guretzako, baita, nola ez, eraikitzen ari garen istorioan ere. Ezin dugu ahaztu Pasaia Itsas Festibalak gure ahaleginak hain modu nabarmenean ikusgai jartzeko ematen digun aukera. Albaola ere eskertu nahi dugu. Batelerak ondare direlako, eta ondorioz, dagokien lekua eman behar diegulako.
Nerea Intxausti Castiñeira pasaitarrak merezitako aitortza egin berri die hiru mende luzez barruti batetik bestera arraunean aritu ziren batelerei. Haurrei begirako Tere Batelera izeneko ipuina kaleratu du kazetari eta idazleak, Pasaiako Udalaren eta Albaola Itsas Kultur Faktoriaren laguntzarekin. Herrian arrastoa utzi zuen ogibide historiko horren atzean zegoen lan nekaezina eta borroka islatu ditu sorkuntzan. Ainhoa Aizpuruaren ilustrazio koloretsuek biribildu dute argitalpena.
Ipuina sortzeko ikerketa «sakona» egin behar izan du Intxaustik. Hala kontatu dio HITZAri: «Badirudi haurrentzako ipuin bat egitea gauza sinplea dela, baina ez da hala. Xehetasun asko ditu eta kasu honetan ikerketa potentea dago atzetik. Zaila izan da gainera, ez dagoelako ia dokumentaziorik. Erreferentzia guztiak, sexistak gainera, argazki zaharretakoak edota koadroetakoak dira. Atzeko istorio hori jaso nahi izan dut».
Lan mardul horretan ondorio eta datu berri asko bildu ditu Intxaustik, orain arte itzalean izan direnak. Ondorio nagusiena, ogibidea uste baino estrategikoagoa zela aipatu du, eta aldarrikatu du emakumeak lehen lerroan izan zirela sektore estrategiko horretan: «Badirudi bakarrik garrantzia ematen zaiela emakumeak direlako, eta noski eman behar zaiela, baina baita lanbide estrategikoa zelako ere. Portu oso garrantzitsua zen Pasaiakoa, eta denetik egiten zuten hemen. Portua oso bizirik zegoen eta haiei esker izan zen, gauza gehienak mugitzen baitzituzten emakumeek. Itxuraz, garai batean gizonek egiten zuten lan bakarrik, eta ez zen hala. Gizonak itsasotik itzultzen zirenean ere jarraitzen zuten lan hauekin, hori ere ez genuen ezagutzen. Familiako emakumeek gizonek bezala egiten zuten lan». Bitxikeria gisa, aipatu du emakume hauek euskaraz aritzen zirela, eta haien ondorengoek bezala, dantzarekin gozatzen zutela.
Fikzioa eta errealitatea
Duela ehun urteko errealitatetik gertu dagoen fikziozko istorio bat egin du Intxaustik. «Ez da ipuin historiko bat, baina historiatik asko edaten duen ipuina dela esan daiteke. Gaurko ikuspegitik kontatua dago, baina orain dela ehun urteko badia batean», aitortu du.
San Pedron amarekin eta anai-arrebekin bizi den Tere neskato pasaitarraren istorioa kontatu du. Egun batean batelera izateko aukera emango diote, eta «ezingo diola ukorik egin» kontatu du Intxaustik. «Terek batelera izan nahi du, ospe ona dutelako herrian. Haien parte izan nahi du, beraiek bezalakoa izan», aurreratu du idazleak.
Ipuinak kontaketa soil bat baino gehiago izan nahi duela nabarmendu du idazleak, hasieratik oso argi izan du hori. Bateleren lana goraipatzeaz gainera, ipuinarekin beste zerbait aldarrikatu nahi izan du Intxaustik: «Haurren ipuinek ere atzetik informazioa dutela, eta aberasgarriak izan daitezkeela». Helduak ere ipuinarekin gozatzera deitu ditu Intxaustik.
Sormen lana esku artean izan nahi dutenek Pasaia Itsas Festibalera arte itxaron beharko dute. Maiatzaren 9tik 12ra luzatuko den itsas jaialdian salgai jarriko dutela iragarri du Intxaustik, informazio gune guztietan erosi ahal izango delako, euskarazko zein gaztelaniazko edizioetan.
Dokumentuaren akzioak