Dokumentuaren akzioak
“Nire sormena inoiz ez da etortzen nire pentsamenduetatik”
Arte eszenikoen dFeria azokan aurkeztu du Amaia Elizaranek (Tolosa, 1992) Ihir izeneko pieza. Gaelikoz, lurra esan nahi du ihir hitzak. 2020an Galwayn (Irlanda) ezagutu zuen Liam O Maonlai musikari irlandarrarekin ondu duen bigarren lana da. Euskal Herrian sortu zuten aurreko pieza, Arima, eta bertan eskaini zuten. Ihir-ekin Irlandara iristeko gogoa zuten bi artistek, eta lortu dute helburua, ekainean han estreinatuko baitute. Harrera ona izan du ikuskizunak azokan, eta kalerako bertsio motz bat prestatu dute. Elizaran ume-umetan lotu zuen dantzak, eta hala jarraitzen du.
Noiz izan zenuen lehen harremana dantzarekin?
Lehenengo harremana 3 urterekin izan nuen, Tolosan bertan. Dagoeneko desagertuta dagoen ballet eskolan eman nituen lehen pausoak. Nire ikaskideak han hasi zirelako joan nahi izan nuen nik ere eskola horretara, eta gustatu egin zitzaidan. Lagunek gero utzi egin zuten arren, nik jarraitu egin nuen. Dantza garaikidean geroago hasi nintzen, Tolosan ez baitzegoen ikasteko aukerarik. Gogoan dut udan Donostiako Artelekun dantza ikastaroak ematen zituztela eta ni arlo guztietakoetara apuntatzen nintzela. Orduan konturatu nintzen dantza garaikidean eroso sentitzen nintzela. Harra barruraino sartu, eta 12 urterekin lortu nuen Isabel Verdinirekin Donostian klase batzuk jasotzea. Ordutik, dantza garaikidean zentratu nintzen, eta 16 urterekin Madrilgo kontserbatorioan sartu nintzen dantza garaikideko formazioa egiteko.
Formaziorako orduan baino aukera gehiago dago gaur egun?
Nire garaian, galdezka arituta lortzen zenuen informazioa eskuratzea; dantza zirkuitua oso txikia zen. Zorionez, Artelekura etortzen ziren irakasleek ondo bideratu ninduten, eta gustura aritu nintzen Madrilen. Gaur egun, aukera zabalagoa dago, baina oraindik lan handia egin beharra dago formazio aukerak ugaritzeko.
Formazio bat izateak zabaldu al dizkizu ateak dantza garaikidearen munduan?
Ez zait iruditzen. Erdi mailako titulua daukat nik, ez goi mailakoa. 16 urterekin joan nintzen Madrilera batxilergoa egitera, eta ezin izan nuen sartu goi mailako kontserbatorioan. Nik nahikoa izan dut titulu horrekin. Hori bai, kontserbatorio batean edo toki ofizial batean ezin dut irakasle bezala jardun, goi mailako titulurik ez daukadalako. Hala ere, uste dut erdi mailakoak bukatutakoan dantza egiteko moduan ateratzen dela ikaslea. Dena den, formazioak ezin du etenik izan: egunero jarraitu behar duzu ikasten eta ikertzen. Zeure interesen arabera, koreografo jakin batengana jo dezakezu, edo interesatzen zaizun konpainiaren batera.
Berezkoa al duzu dantzarako trebetasuna? Dohain bereziak behar dira ofizio bihurtzeko?
Nahikoa bokaziozkoa dela uste dut; nire kasuan bai, behintzat. Horixe formazioa oso baliagarria dela, ez dago zalantzarik, baina nire kasa nabilenetik konturatzen naiz ikasketa prozesua aberatsagoa dela. Egunetik egunera gauza berriak topatzen ditut neure barruan. Uste dut lehenago ere hor barruan nuela dena, baina orain poliki-poliki ateratzen ari dela, laguntzarekin. Beste koreografoek, edo musikariek, irakasleek… horiek laguntzen didate barruan dudan hori azaleratzen.
Zure gorputzaren kontzientzia osoa edukitzea beharrezkoa da gero bilaketa hori abiatzeko?
Bai. Oso garrantzitsua da jakitea non dauzkazun gorputz atal guztiak. Gorputza da daukagun gauza bakarra, eta gehienok ez dugu hura ezagutzeko heziketarik jaso. Gorputzari ez diogu kasu handirik egiten. Ni zorteko sentitzen naiz, balletak gorputzaren kontzientzia eman didalako txiki-txikitatik. Nik egunero jarraitzen dut nire gorputzarekin lanean, nola funtzionatzen duen ikasten. Eta nola zaindu ikasten ere bai. Teknika erabiltzen ikasi behar duzu lesionatu ez zaitezen eta zure dantzari bizitzak denbora luzean iraun dezan.
Txikitatik balletean. Tolosako ballet eskolan egin zituen lehen ikasketak Elizaranek, 3 urte zituela. Esker oneko hitzak dauzka gurasoentzat, emanaldietara eramaten zutelako. Irudian, 5 bat urterekin.
Nondik abiatzen dira zure sorkuntza lanak?
Ikasketa prozesua izaten da lanetako bakoitza. Nire erremintak egunetik egunera gehiago direla sentitzen dut. Ez naiz erraz konformatzen diren horietakoa, beti izaten dut gogoa gauza berriak esploratzeko. Ezerosotasun horretan topatzen dut sortzeko grina. Gauza kuriosoa gertatzen zait: esango nuke sortzailea naizela, baina nire sormena inoiz ez da etortzen nire pentsamenduetatik. Oso zaila egiten zait zer egin nahi dudan edo zer adierazi nahi dudan pentsatzea. Kontua ez da burura forma bat etorri eta hura erreproduzitzen saiatzea. Niretzat, inspiratuko nauen beste sortzaile batekin topo egiten dudanean abiatzen da prozesua. Izan daiteke beste dantzari bat edo musikari bat. Txispa hori piztu ondoren, orduak eta orduak ematen ditut estudioan inprobisatzen. Dantzak grabatu egiten ditut beti, bideoz. Momentuan, agian, ez naiz konturatuko ezer interesgarria sortu ote den, baina, bideoan berriro ikusten dudanean, galdera bat egiten diot neure buruari: “Nola iritsi naiz ni horra?”. Gero saiatzen naiz natural atera den horri forma ematen, hori garatzen.
Zenbateraino dira zehatzak zure koreografiak?
Musikak asko eragiten dit, eta egoera emozional batera eramaten nau, oso zehatza den egoera batera. Saiatzen naiz egoera emozional hori eremu lurtarrago batera eramaten, izena jartzen edo nire gorputzari pauta oso fisikoak ematen. Asko erakartzen nau jolas horrek. Emozio hori lortu nahi badut, jarraibide fisikoan pentsatu behar dut horra iristeko. Hori da sortzeko nire bidea.
Inprobisazioak badu tokirik?
Pieza batzuk oso zehatzak eta idatziak egin izan ditut. Beste batzuk, berriz, oso bestelakoak. Berez, oso irekia da dantza garaikidea. Ez dago idatzita, ez dago kodifikatuta, arauak ez daude balletean bezala finkatuta. Hala ere, inprobisazioak ez du esan nahi dena libre uzten dudanik. Bide emozional batzuk finkatuak izaten ditut, eta oso egitura zehatza izaten dut nire baitan. Argi izaten dut fisikoki zer landu behar dudan, eta gero libreagoak izaten dira mugimenduak. Dena den, besteekin aritzen naizenean, gehiago jotzen dut zehaztasunera. Hori izaten da nire joera. Bakarrik nagoenean, berriz, inprobisazioak zati handiagoa hartzen du.
Zure kasuan, zenbat iraun dezake pieza bat sortzeko prozesuak?
Estudioan bi edo hiru hilabeteko lana izaten da, gutxi gorabehera. Beti ez da lan jarraitua izaten; batzuetan atsedenaldian uzten dut pieza. Obrari dagokiona da azalpen hori, dezente lehenagotik hasten delako lana: txostena idatzi, ideia pentsatu, egutegia antolatu… Bi urte lehenago has daitezke horrelako lanak.
Zure izena daraman konpainia osatu zenuen 2015ean. Zertarako?
Nire asmoa ez zen hori; dantzatu egin nahi nuen nik. Formakuntza bukatu ondoren, freelance aritu nintzen Londresen eta Dublinen, hainbat koreograforekin. Lanik gabe itzuli nintzen etxera, eta geldirik egon nintzen garaia baliatu nuen sorkuntzarako. Zergatik ez probatu? Beldur handia nuen, baina gauzak oso ondo atera zitzaizkidan.
Hainbat konpainiatan aritu zara nazioartean, baina etxean aritzea erabaki duzu orain. Zergatik?
Nolabaiteko erantzukizuna sentitzen dudalako. Kanpora joateko kontu hori oso barneratuta daukagu. Ondo dago, bai. Egia da hemendik kanpora dantzarako baldintzak hobeak direla. Baina artistikoki denetik dago. Askotan, esperientzia polita izanagatik, proiektuek ez gaituzte asetzen; gauza interesgarriagoak topatu izan ditut hemen. Artelekuko ikastaro haietan ari ginen asko motxila hartu eta atzerrira joan ginen bere garaian, baina bueltatu egin gara orain, eta bertan sortzen ari gara. Zerbait pasatzen ari da. Badago sorleku bat; badago mugimendua. Gauza interesgarriak gertatzen ari dira, baina egitura sendoagoak eta baliabide gehiago behar ditugu lanerako.
Estudioan denbora gehiago pasatzea gustatuko litzaidake niri, baina errealitatea da ordu gehiago pasatzen dudala ordenagailuan, telefonoan, programatzaileei hoska eta lana nondik lortu pentsatzen. Oso nekagarria da emanaldira iritsi bitarteko bidea, baina asumituta daukat egin beharra dudala.
Dantzak aitortza handiagoa behar al du Euskal Herrian?
Bai. Batzuetan frustragarria da. Kulturarekiko errespetua duten herrialdeetara joatea egokitu zaidanean jabetu izan naiz aldeaz. Nahikoa da Bidasoa gaineko zubia gurutzatzea eta Hendaiara joatea gauzak nola aldatzen diren ikusteko. Bestelako harrera bat egiten digute han. Oso ezberdina da esperientzia. Hemen, soka batetik tiraka jardun behar duzu jendea antzokietara joan dadin. Nahiago dugu pintxo-potea. Borroka zaila da.
Dokumentuaren akzioak