Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Neska hoberenek ere grazia sobera badute zuberotar dantzentzat”

Dokumentuaren akzioak

“Neska hoberenek ere grazia sobera badute zuberotar dantzentzat”

Beste herrietan baino berantago arte, Altzürükün, soilik gizonak izan dira dantzariak. Aguer lehen emazte dantzarietan izan zen, eta, azken urteetan, behin eta berriz joan dira harengana irakasle izan dadin.
Komunikabidea
Ipar Euskal Herriko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2020/03/13
Lotura
Ipar Euskal Herriko Hitza

Aurtengo maskarada hurbiletik segitzen du Michele Aguer Lohitzün dantza irakasleak. Dantzari gisa ez du sekula maskaradan parte hartu, bere garaian gizonak zirelako nagusi. Aurtengoan, dantzari talde mistoa plazaratu dute.

Herriko lehen emazte dantzarietan izan zinen.

Altzürükün zinez berezia izan da. Jakin behar da hemen dantzari fama gaitza badela, Altzürükü izan baitzen gerra ondotik maskaradak berriz abiarazi zituen herria tradizio hori galdua zelarik. Tarte batez, Zuberoan, kasik ez zen haboro gizon dantzaririk; hemen, bakarrik gizonak ziren. Nonbait, hau herri menderaezina zen, oraino dantzari gizonak egiten zituena. Luzaz iraun zuen. 80ko hamarkadan ere baziren gizon dantzariak: ez ziren trebatzen baina egun batetik bestera prest izaten ahal ziren ateraldi bat egiteko. 1984an edo 1985ean, aldiz, ageri zenez dinamika hatsantzen ari zela, norbaitek dantza eskola bat abiatzea proposatu zuen. Horren buru Dominique Jauri ezarri zuten; bost edo sei neska joan ginen, eta bi mutiko, laster gizonen taldean sartuko zirenak. Egun batez, Altzürüküko bi dantzari gizon AEBetara joan ziren, eta dantzariak eskas zituzten, kantiniersa bat bereziki… Luzaz pentsatu ondotik, zinez luzaz, guregana jin ziren galdetuz nor dantzatu nahi zen haiekin. Bat herabea zelako, besteak etxaldean lana zuelako, nik dudan katearekin denak baztertu, eta “ni bai” erran nuen. Konplikatua zen, ez zidaten irakasten behar bezala, eta beren arrapostuak erotzen ninduen: “Eginen duzu, bai! Eta bestela, segi jauzika”. Hori bai, borrokatu behar zen lekua atxikitzeko. 14 edo 15 urte nituen hasi nintzelarik, eta 17 urterekin sartu nintzen gizonen taldean.

Taldea utzi arte.

Taldea utzi nuen azkenean, sentitzen nuelako ez nuela ene lekua, gizonen gauza bat zen. Gainera, ez ginen trebatzen, denek bazuten aita dantzari bat etxean, urratsak erakusten zizkiena. Nik ez nuen nehor. Aspertu nintzen ez nintzelako aitzinatzen, beti urrats berekin ari nintzen… Taldearekin distantzia hartu nuen, eta Jacques Larrondo enegana jin zen, emazte talde batekin trebatzera gomitatuz. Joan nintzen ikusteko eta zintzoki, teknika bat banuen baina anitz hobetu nintzen berekin. Gainera, beste zerbait ikasi nuen: transmisioa. Altzürükün sekula ez da jakin transmisioa egiten, besteei erakusten errateko partez “bai, ontsa da”, edo “joanen da, bai!”. Ainharben ez zen dantza eskolarik, eta hara joan nintzen irakasle gisa, lagun batekin. Haurrak ukan ondoan, herriko gazteenei irakasteko ene xerka jin ziren, eta horretan aritu nintzen.

Dantzetan ñabardurak badira herri bakoitz, Altzürükün ere.

Bai. Lagabota bat [dantza izena] bagenuen maskarada batentzat, ondoko maskarada batean moldatu genuen, eta, aurten, bi zaharrak berri batean bildu ditugu. Horregatik, bost neskak biribilkaturik ematen dute, bost mutikok moda zaharrean, lerroan, eta finitzen da zirkuluan asmatu dugun aldaera batean. Dantza puntu batzuk ere baditugu herrikoak. Gero bada planta ere, Santa Graziko bat ezagutzen duzu besoak mugitzeko manerarekin, edo txerra [Zaldi kimarekin egin erratza] eskuan baliatzeko maneran… Hori, konkretuki, hilabete eta erdiz landu dugu.

Zer diferentzia da gizon eta emazte dantzarien artean?

Arrunt desberdina da. Ez dakit denen gustukoa izanen denetz, baina nik zinez pentsatzen dut zuberotar dantza ez dela neskentzat egina. Nahi dena egiten ahal da, gizonek eman beharrekoa da: mutiko txarrena ere neska hoberena baino ederragoa izanen da. Badira zinez ontsa dantzatzen duten neskak, ez diet hori ukatuko. Bada arropa, badira gauza anitz egiten dutenak beti gizon bat ederrago izanen dela. Beste aldean, operan neska bat anitzez ederragoa da gizon bat baino.

Berriki Topa Noka ikuskizuna egin da, eta miresgarria zen! Karratua, egituratua, bikain. Berdin Üda Batez, Baküna Show edo Ur Senda-rekin Muskildin. Zuberotar urratsak ikusten ziren, baina ez haboro gizon arropa horietan; hor erraten ahal da zuberotar dantza emazte gorputz bati egokitzen ahal zaiola. Baina dantza behar da transkribatu, beharbada, beste musika batzuetan, beste arropetan…

Harrigarria da hori entzutea dantzatzeko borrokatu den emazte baten ahotik.

Bai borrokatu naiz. Baina gizonekin baizik ez zarelarik dantzatzen, eta miraila batean zeure burua ikustean, badakizu ez zarela heinean. Nahi duzuna egiten ahal duzu, ez duzu sekula mutiko baten planta. Enekin ari ziren bostak onak ziren, eta nik banuen ukan behar ez den grazia bat. Azkenean, zuberotar dantza ez da graziosa. Zinez, indartsuen dantza bat da, nik hala ikusten dut.

Orduan, nola lan egin duzu aurten bost mutiko eta bost neskako dantza dituen taldearekin?

Mutikoak aiseago heltzen dira puntuak egitera; neskekin lan haboro egin behar da. Mutikoei ez diezu teknikoki irakatsiko jauztea, baina puntuak ez dituzte finitzen, eta gaur egun ezin da —lehen, denak futitzen ziren puntuak ontsa finitzeaz-. Ez dut ber maneran lan egiten mutikoekin eta neskekin. Mutikoei gauza ezinezkoak galdetzen dizkiet beti, eta, azkenean, galdetzen didate frijatak [dantza urrats bat] egitea eskuin eta ezkerreko oinekin; hori izugarri zaila da. Erratea zaila zait, baina neska batek ez du sekula hori eginen. Neska dantzaririk hoberenek ere grazia sobera badute zuberotar dantzarentzat.

Maskaradan aritzeko presioa badute?

Nik ematen diet presioa. Hatsarretik erraten diet dantzariak igurikatuak direla. Posible da puntu bat gaizki ematea, ene alabak ez du frijatik —eta lantzen segituko dugu—, baina behar da lan egin hoberenak izateko. Ez da ahantzi behar igurikatuak direla.

Eta lehengo begiradaren berdina dea oraingoa?

Ez, orain kritikoagoa da. Lehen, so egiten zuten jauzia gora egitea eta frijata egitea, besterik ez; azken jauzia zen inporta zuena. Banderazain edo txerreroaren tresnen erabiltzea so egiten zuten, oinak ez hainbeste. Orain so egiten dute puntuak ontsa finituak direnez, taldeko dantzak ontsa emanak direnez, taldea homogeneoa denez, badira kodeak… Entseinaria dantzari ona bada ere, ez bada handia eta mehea ez du balio. Gatuzainari ez zaio eskatzen ona izatea; entseinaria, txerreroa eta zamaltzaina onak izan behar dira.

Ahüzkira joanen zara sasoia hastean, maskaradaz harro?

Bai, nahiz eta gorabeherak izan diren ene lana egin dut, eta haiek ere. Haurrak dira, eta barkatu behar zaizkie astakeriak. Maskarada bat egin ahal izatea, alimalekoa da: burua denetan dute, ez dira sekula tenorez heltzen… baina harritu naute, zinez bat egin baitute eta familia bat sortu dute.

Dokumentuaren akzioak