Dokumentuaren akzioak
“Musikan ez dago sustrairik gabeko ezer; erori egingo litzateke, ziplo”
Herri musikari bizitza eta lana eskainitakoa da Juan Mari Beltran (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1947). Horrek bizirik mantentzen duela aitortu du musikari, musikologo, irakasle eta beste hainbat ofizio dituen sortzaileak. Azken urteotan, Oiartzungo Soinuenea museo, estudio eta artxiboa bihurtu du bere bizitoki.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren IV. Kultura Ondare saria jaso zenuen duela hilabete inguru. Poztekoa da horrelako aitortza bat jasotzea, ezta?
Zalantzarik gabe. Gozokiak gustura hartzen dira beti. Ondo pasatu genuen sari-emate ekitaldian, eta, egia esan, oso pozik geratu nintzen. Ez dakit beste horrenbeste merezi nuen, baina horrela baloratu zuten, eta pozik nago.
Musika ikertzailea, konpositorea, musikaria, musikologoa… Zertan aritzen zara gusturen?
Niretzat dena bat da; lotuta dago. Irakaskuntzan urte asko egin ditut, musika irakasten, herri soinua bereziki, beti Euskal Herriko soinu tresnekin lanean. Musikan 7 urterekin hasi nintzen, Etxarri Aranatzen. Ondoren, 11 urterekin, interprete gisa hasi nintzen, eta musika eta txistu bandetan sartu nintzen. Landa lanarekin 18 urterekin hasi nintzen, eta 1967an Barkoxera [Zuberoa] joan nintzen, hango maskaradari buruzko lana egitera. Material biltzailea nintzen orduan, eta gero hasi nintzen bildu nuena ikertzen eta interpretatzen. Noizbait norbaitek materiala behar badu emanaldietarako, hor dauka. Biltzen duzu hartutakoa, moldatzen duzu eta eskaintzen duzu. Irakaskuntzan ere erabili izan dut bildutakoa. Eskolan doinuak, erritmoak eta horrelakoak jorratzen ditut ikasleekin, eta horrek behartzen zaitu zer edo zer asmatzera. Egin ditudan piezen erdiak edo gehiago ikasleekin klaseetan sortuak dira. Pieza berri bat egin nahi duzunean, landa lanak, eskolek… ematen dute aukera. Jatorri berbera dauka denak, eta nire ibilbidearen atalak dira horiek. Eskolan irakasten aritzen naiz, baina sortzeko ere baliatzen dut aukera. Eskolara joandakoak dira nirekin azken berrogei urteetan ibili diren musikariak, nirekin ikasle izan zirenak.
Herri musikan aritu zara ia bizitza osoan. Baina zuretzat zer da herri musika?
Herri musika definizio bat da. Gurea ez da klasikoa, ez da errenazimentukoa. Batzuen hitzetan, folklorikoa da edo tradizionala. Hamaika izendapen ematen zaizkio herri musikari. Herri kulturetan ahoz aho zuzenean transmititua izan den eta bizirik dagoen musika da herri musika. Hau da, ez dago oinarrituta akademiako ibilbidean, eremu formalean. Nik entzuten dut eta interpretatzen dut entzun dudana. Baina subjektiboa da interpretazio lana, ez da oso zehatza. Herri musikan horrela sortzen dira kantuak. Geure artean, adibidez, identifikatu egiten dugu entzundako hura euskal musika dela, tinbreagatik bakarrik batzuetan. Txistuaren hotsa entzuten badugu, euskal musika dela pentsatzen dugu, baina, agian, Andaluziakoa da, txistuarekin jotako Andaluziako musika. Dena aldatuz doa beti, bizirik dagoelako. Herri kulturarekin lotura daukana da herri musika.
Ondare ez-material herrikoia ikertzen igaro duzu zure bizitzaren zati handi bat. Zerk bultzatu zaitu horretara?
Niretzat abentura harrigarria da hau guztia: deskubritzea gure herri musikaren errepertorioa, zer-nolako aberastasuna dagoen… Maurizio Elizalde edo Alejandro Aldekoa, [Miguel] Makuso… Hain modu bizian interpretatzen zuten, jotzen zuten bakoitzean sortu egiten zuten, birsortu egiten zuten jotzen ari ziren pieza. Hori guztia deskubritzea eta horretan sartzea, era horretan jokatzea eta jolastea, niretzat horixe izan da nire bizitzaren motorretako bat. Askotan esan ohi den moduan, hori izan da nire afizioa eta ofizioa. Bete egin nau horrek, aberastu, gozatu egiten dut, eta ahal dudan bitartean horretan jarraituko dut. Hori bai, gauza bat argi aldatzen ari da: irudia. Gazte bat adineko bati galderak egiten aterako litzateke orain dela 50 urteko argazki batean. Aldiz, gaur egun, adinekoak egiten dizkio galderak gazte bati, eskaintzen ari den hori nola eta non ikasi duen jakiteko, norengandik jaso duen eta aldaketak zergatik egin dituen ulertzeko. Baina, funtsean, abentura bera da.
Pixkanaka, musika instrumentuak pilatuz joan zinen, eta Oiartzungo Soinuenea proiektua sortu zenuen gero. Nola sortu zenuen Soinuenea? Eta zergatik Oiartzunen?
1990ean idatzi nuen aurreproiektua. Orduan, jende asko pasatzen zen nire etxetik materialari buruz galdezka, edo liburu edo grabazioei buruz zer edo zer jakin nahian. Oso gaizki moldatzen ginen, ez geneukalako inbentariorik; ez genekien non zeuden gordeta ere. Hori dela eta, herri musikaren gaineko aurreproiektu bat egin nuen. Era berean, 1990ean eskaini zidaten [Jose Gonzalo Zulaika] Aita Donostia-ren kantutegia prestatzea, eta lau urte pasatu nituen lan horretan, Aita Jorge Riazurekin. Lan hori bukatzean, aurreproiektua zena proiektu bihurtu zen. Hainbat tokitan aurkeztu nuen, eta, azkenean, 1995ean, Oiartzungo Udalarekin adostuta, hona hasi ginen materiala ekartzen: liburuak, grabazioak, argazkiak, bildutako material guztia, baita soinu tresnak ere… Datu baseak osatzen hasi ginen aldi berean. Oiartzunen jartzea oso egokia zela iruditu zitzaidan, kokapenagatik. Komunikazio aldetik gertu dago Ipar Euskal Herritik, Nafarroatik, Gipuzkoako herri askotatik… Oso ondo kokatuta dago, eta uste dut horretan asmatu egin genuela.
Horrez gain, herri musikan oso inguru aberatsa da Oiartzualdea. Hasieran, ostiraletan eta larunbatetan bakarrik irekitzen genuen Soinuenea, eta badira urte dezente asteartetik larunbatera irekitzen dugula. Oiartzun uste dut bilakatu dela herri musikaren erreferentzia bat, ez bakarrik hau hemen dagoelako eta jendea inguratzen delako, baita lehen urtetik hasi ginelako herri musikak antolatzen ere, Euskal Herrikoa eta kanpokoa. Herri Musika Eskola ere ireki genuen, eta baita gure herri musikaren liburu bilduma osatu ere. Topagune bat da.
Hutsetik sortu zenuen Soinuenea edo erreferentziarik izan zenuen?
Berdinak diren erreferentziarik ez nuen izan, baina erreferentziak, bai. Horretarako dira erreferentziak: behin ezagututa, hartutakoa egokitu egiten duzu, eskura duzun materiala kontuan hartuta. Euskal Herrian, [Iberiar] penintsulan eta Europan zer-nolako museoak dauden ikus daiteke; hau da, museo horiek zer-nolako ekintzak antolatzen dituzten eta abar. Gertukoei dagokienez, argi dago hemen bagenuela Eresbil, eta hor dago Bartzelonako museoa ere. Gureak, beharbada, lotura handiagoa dauka Joaquin Diazek Urueñan [Espainia] antolatu zuen zentroarekin. 1997an Oiartzungo Udalak bisita bat antolatu zuen Urueñako museora, eta hara joan ginen. Berriz diot: erreferentziak erreferentzia dira; gero horiek hartu eta hemen zer daukagun eta zer nahi dugun galdetu behar da. Guretzat oso garrantzitsua zen kultur arloko jendea elkartzea, baina beste helburu bat zen hainbati mundu hau ikusaraztea. Niretzat inportanteak dira hilero haurrekin antolatzen ditugun ekitaldiak, Soinuenearekin zerikusia duen gai bat hartuta egiten ditugunak. Alde horretatik, hau ere besteentzat erreferentzia izaten ari dela uste dut.
Soinueneak, erakusketa izateaz gain, dibulgazioa du helburu. Hurrengo belaunaldietara iristen ari zaretela uste duzu?
Baietz uste dut. Dibulgazioa lortzen dugu gure argitalpenekin, saltzen ditugun liburu eta diskoekin, edo antolatzen ditugun kontzertuekin. Gure eskoletatik ateratako dultzainero, txistulari edota albokariek ere egiten dute dibulgazio lana. Horri esker, haur bat etor daiteke musika eskolara eta txalaparta jotzen ikasi nahi duela esan dezake. Gaur egun Soinuenean dugun materiala Euskal Herriko zenbait dantza taldek ere erabiltzen dute, dantza horiek ezagutzeko eta gero interpretatzeko, eta hori guztia ere bada dibulgazioa. Eta, noski, dibulgaziorako tresna ere bada gure webgunea. Bereziki azken bi urteotan handitu egin zaigu bisitarien kopurua. Gaur egun, urtean, ia 200.000 bisita izaten ditugu fonotekaren atalean, liburuen bilduma bat ere badaukagu, eta bisita birtualak ere baliatzen dituzte askok. Gure neurrian, baina helburua lortzen ari garela uste dut.
Garrantzia eman diozu sustraiak ezagutzeari. Zer dira sustraiak musika tradizionalarentzat? Eta garaikidearentzat?
Eskura dagoen aukera bat da sustraiena. Beti daude sustraiak, baina beste kontu bat da zein sustrai edo oinarri hartzen duzun kontuan. Inork ez du ezer sortzen hutsetik, hori ez da existitzen; norberak erabaki behar du zein sustrairi eutsi nahi dion. 0 kilometro eta horrelakoekin gabiltza orain; horietako bat naiz ni. Zenbait diskotan entzun daiteke hemengo doinu bat, doinu berri bat, baina ez dakit nongo flautarekin jo dezaket pieza hori. Sustraiak dira? Nik hemen dauzkat sustraiak, baina badauzkat gustuko ditudan beste gauza batzuk ere. Nonbaitetik abiatu behar izaten da, eta ni oso konforme nago nire sustraiekin, balio dutela iruditzen zait. Baina horrenbeste ideia topatu ditut eta ikusten ditut, edozer gauzatarako balio dezakete oraindik. Besteena entzunda, zeurea eginez sortzen duzuna da erreferentzia, baina sustraia horixe bera izan daiteke beste norbaitentzat. Musikan ez dago sustrairik gabeko ezer; erori egingo litzateke, ziplo.
Disko asko dituzu sortuak, bakarka hamar bat. Berdin maite al dituzu denak?
Bizitzako etapa baten araberakoak dira denak, eta adierazten dute nire ibilbidea ez dela beti berdina izan. Estiloak ere aldatu egin dira. Alde horretatik, konforme nago. Egia da grabatu nituen aurreneko abestiak gustuz entzuten ditudala oraindik. Eta zer esanik ez azkenak. Gure musikaren ikuspegi bat izateko bilduma on bat daukagula uste dut.
Txalaparta eskolak ematen ere lehena izan zinen, ezta?
Laborategi bat sortu genuen. Eskolak eman egin daitezke, baina hartu ere bai. Irakasle batek ematen du eskola, baina ikasleengandik ere jasotzen du irakasleak. Ikasi egin behar da hori egiten.
Dokumentuaren akzioak