Dokumentuaren akzioak
“Musika hizkuntza anitzen gurutzagunea da tradizionala”
Buuzbu, Ad Lib, Txarangaita eta beste talde parrasta batean jotzen du Arriolak saxofoia. Bihar, Baionako karriketan izanen da dantzari, zirtzil eta txaranga kideen artean, euskal dantza doinuen ufatzeko.
Aita Nafarroa Garaitik jin zen Garazira.
Bai, Garraldakoa da. 19 urtetan etorri zen. Jakin zuen garbitzaile bat bilatzen zutela Izpurako Luro erietxean, eta hola lanez aldatu. Igeltsero diploma egin zuen, eta segitu zuen Luro fundazioan eraikinen mantentzeko lanetan. Han zuen ama ezagutu.
Euskara ez zuen jakin ahal izan.
Ez. Haren anaiak eta aitatxik baizik ez zuten mintzo. Hango errientekin ez zen hain haizu euskaraz mintzatzea.
Etxean bazen soinu tresnarik?
Ez, ez. Aita-amek musika maite zuten, baina tresnarik ez. Lehen mailan ginelarik eskolan, denek eskuratu genuen gutun batekin hasi zen, 7 urtetan. Orduan, La Lyre izena zuen Garaziko musika eskolak igorria zen. Orain musika formakuntza deitzen dena hiru urteko solfeo irakaspena zen garai hartan. Hiru urtez, soinu tresna bat hunki aitzin. Beharrik aldatu dira gauzak. Akordeoiarekin hasi nintzen. Osaba eta ttanttak banituen ostatu bat zeukatena Iruñean. Musika tradizionaleko kaseteak zituzten. Anitz entzuten nituen, eta gogoa eman zidan.
Zer musika mota zen?
Entzun nuen lehena Enrike Zelaia izan zen. Jota anitz jotzen zituen, kalejirak. Anitz musikari ari ziren karrikan herrietan, eta bikaina iduritzen zitzaidan.
Akordeoia lehenik, beraz?
Hori da. Izpurako dantzarien soinulari gisa hasi nintzen. Irrintzina taldearen oinarria izan zen talde bat bagenuen: Emile Negeloua, Patrice Bidart… Izpurako kabalkaden bidez elkar ezagutu genuen. Ondotik, Xinaurri Gorriak taldean sartu nintzen Mañolo Ezpelet, Xarlo Iralur, Patxi Landaburu eta gero Xabi Albizturrekin.
Dantzaldien aroa zen hori?
Bai, atsegina zen. Haur denborako amets bat zen gauzatu arras goizik. Suertea izan nuen. Musika tradizionalarekin bazen kultura bizi bat, musikariei parada ematen ziena jotzeko. Mintxoriak, Akelarre, Izan eta halako taldeen ikustera joaten ginen gaztetan, eta haiek bezala egin nahi genuen. Herri ttipienetan ere ez zuten dudarik diru zerbaiten jartzeko kontzertu, dantzaldien antolatzeko.
Noiz erabaki zenuen musikari izanen zinela ofizioz?
Garai horretan. Xinaurri Gorriak taldean aritu nintzen 21 urte arte. Jakinez 13 urterekin hasi nintzela Izpurako Libertimendiarekin jotzen. Funtsean, ahal dudalarik, segitzen dut haiekin jotzen. Hor baititut ere lehenbiziko etxe inguruak ezagutu, besta batzordeko gazteekin. Esperientzia humano ikaragarria izan zen. Biziki irrigarria zen, kar-kar-kar. Baxoaren ondotik dantzaldietan hasi ginen. Armadarentzat, hamar hilabetez joan nintzen Parisera. Harmonia batean jotzen nuen. Zati klasikoak ziren, eta saxofoia jotzen nuen.
Saxofoia ikasia zenuen orduko?
Hamabospasei urtetan hasi nuen saxofoia, Baionako kontserbatorioan. Ez zen eskusoinu eskolarik orduan kontserbatorioan. Defautez hautatu nuen, beraz, saxofoia. Irrintzina taldean sartu nintzen, eta hor nuen egin lehen intermitentzia txostena, 21 urtetan. Hondarrean, eskusoinuari esker nituen ordaindu musika ikasketak, saxofoiak. Saxofoi saria egin nuen Baionan, beraz. Ondotik, Tolosako kontserbatoriora (Okzitania) joan nintzen estatu diplomarentzat. Han nituen ezagutu Ad Lib saxofoi laukoteko lagunak. Behar izan nuen hautatu irakaskuntzaren eta dantzaldietan segitzearen artean. Irakaskuntzara joan nintzen, eta musika mailan, gauza zehatzago batzuetan joz. Animazio gutiago. Talde ezberdinetan ibiliz: Mecanica Loca, Old School Funky Family, Nundik Nora. Orain, Ad Lib, Buuzbu, Txarangaita karrika fanfarea.
Ad Libekin zer jotzen duzue?
Saxofoi errepertorioko klasikoak. Musika barrokoa ere bai, jazz estandar batzuk, Piazzola… Merkatuetan ere ari gara, alaitzeko soinuekin.
Baionako Orkestran ere ari zara.
Bai, artetan. Beste talde bat osatu dugu kontserbatorioko lagun batzuekin: Talde Goxo. Munduan gaindiko musikak lantzen ditugu. Hangoak eta hemengoak. Azkenaldian, Papa Vintage Band taldea ere egin dugu, kar-kar. Java, calypso, chacha, mamboak jotzen ditugu, partitura zahar batzuekin; eztiki erabiltzen ditugu ez daitezen urra, kar-kar. Hor ikusten dugu errepertorio arras onak zituztela 50eko urteetan.
Hainbeste talderekin jotzera heltzen zara?
Dugun xantza da talde bakoitzarekin guti ari garela. Talde kide bakoitzak badaki ez dela talde horri esker biziko. Bakoitzak beste ogibide bat du ondoan.
Musika orotarik jotzen duzu.
Hala da. Garai bateko musika eta musika garaikidea. Klasiko deitzen den musikatik gaur egungo musikara, forma orotarikoan. Karrika musika ere bai; guziz maite dut, jotzen dudan tresna ere karrikakoa baita.
Defautezko tresna izanik ere, eguneroko laguna duzu saxofoia.
Laguna, baina etsaia ere bai, kar-kar.
Zertan da etsai?
A, saxofoiak berak aukera guziak eskaintzen baititu eta nik ez baititut gaitasun horiek oro, kar-kar. Edo heltzeko lan egin behar baita orenak eta orenak, eta batzuetan leihotik botatzeko gogoa pizten baitzaigu. Gero, hamabost urtetan ezagutu dudan tresna da, kontserbatorioko ikasketekin batean; musika barroko, klasiko, erromantikoarekin; XX. mendekoa eta garaikidea. Hondarrean, mustukak ginen, gose ginen. Errepertorio horren ezagutzeko prest nintzen adinean zen. Azkenean, musika tradizionalari esker izan da, eragin franko bildu baititu musika tradizionalak. Berezko jatorria du, baina nahasketa handiko osagaiak ditu. Musika hizkuntza anitzen gurutzagunea da sartaldeko kulturan eta Europan.
Bihar, inauterien kariaz muntatu proiektuan parte hartuko duzu, euskal dantzen jotzeko.
Bai. Badu munta enetzat. Bereziki, Baionan egiteak; azken bospasei urteetan bizi leku berria dudan hiri honetan.
Nolakoa da horretarako osatu den txaranga?
Biziki ontsa. Horri esker, garai batean ezagutu jendea berriz ikusteko parada dut; adibidez, Gilles Haran —eskusoinu jotzailea—. Pierre Sangla ere bai —perkusio jotzailea—; elkarrekin ikasle ginen Baionako kontserbatorioan. Musikari biziki onak diren gazteen ezagutzeko aukera da orobat. Etorkizun ederra izanen dutenak. Segur dena da inauteriko esperientzia horrek iraun behar duela geroan.
Dokumentuaren akzioak