Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Migrazioaren erraietara sartzen lagundu digu ikuskizunak”

Dokumentuaren akzioak

“Migrazioaren erraietara sartzen lagundu digu ikuskizunak”

Nahikari Sanchez eta Ane Anza Aukeran taldeko dantzariak dira. Bidaia intimo bezain gogorrean murgilduko dira ikus-entzuleak, aretotik atera gabe. Soilik, gorputzaren mugimenduaren bidez.
Egilea
Alba Cabrera Jauregi
Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Urnieta
Mota
Elkarrizketa
Data
2021/12/16
Lotura
Aiurri

Mende laurdeneko ibilbidea betetzear, obra berria ondu du Aukeran Dantza Konpainiak: “Migratzaileak”. Konpainiako dantzari dira Nahikari Sanchez eta Ane Anza, eta abenduaren 18an, Migrazioaren Nazioarteko Egunean, saio irekia (Work in progress gisa ezaguna dena) egingo dute Saroben, iluntzeko 19:00tan hasita.

Migrazioa gorpuztu duzue ikuskizunean.

Ane Anza: Migrazioak bere horretan mugimendua eskatzen du; toki batetik bestera lekualdatzea. Bada, ideia hori adierazi nahi dugu geure gorputzaren bidez, izan ere, migrazioak mugimendua dakar, ezinbestean. Bizitzako une askotan gertatzen den zera da, ez da soilik mugatzen  hitz hori aipatzean burura datorkigun egoera jakin horretara. Egia da eztabaida horrek pisua duela kontakizunean, egun, pil-pilean dagoen auzia delako.

Nahikari Sanchez: Askotan galdegin diogu geure buruari ea zer den migrazioa, eta guk geuk ere ez genekien nola definitu. Orduan, hori abiapuntu hartuta ondu dugu ikuskizuna.

Nondik migratu du ideiak?

A.A.: Afrikan ibili nintzen bidaia batean, eta, harrezkero, nigan interes handia eragin duen gaia da. Guztiei iruditu zitzaigun jorratzeko gai interesgarria: asko sentitu dezakegun gaia da, finean.

N.S.: Eta modu askotan. Ez da istorio zehatz bat, estanpa asko daude.

Hortaz, zuk, Anek, bota zenuen amua eta guztiek batera ekin zenioten bideari.

N.S.: Hori da, eta Oier Guillan idazlea eta ikuskizuneko gidoilaria izan dugu bidelagun, sormen-prozesuaren ardatz. Zuzendari artistikoa da obra honetan; gu ezagutzen ahalegindu da guretzat migrazioa zer den ulertzeko. Horixe da, hain zuzen ere, islatzen dena gure ikuskizunean. Gehiago ala gutxiago, guztiok gara migranteak.

A.A.: Proiektuaren norabidea markatzen lagundu digu: zer kontatu eta nola. Galdera asko eginarazi dizkigu eta horietan oinarritzen gara oholtza gainean mugitzen garenean. Ikuskizunean publikoak ere bere interpretazio pertsonalak egingo ditu, baita hausnarketa berriak bururatu ere. Horrez gain, Yorok ere pisu handia izan du sorkuntza-prozesuan; pateran etorri zen Senegaldik. Hori dela eta, luzez aritu gara elkarrizketan eta bere bizipenek asko bideratu dute kontakizuna.

Oier Guillan Oreretako idazle eta aktoreak ipini ditu hitzak; zuek, mugimendua.

N.S.: Gu ezagutzen saiatu da. Horretarako, saio jakinak prestatu ditu: uztailean ekin genion; egunero etorri ginen astebetez. Horrez gain, etxerako lanak bidaltzen zizkigun, ariketak. Ez genuen ondo ulertzen zein zen bere asmoa, orain gutxi, gidoiaren berri izan arte.

A.A.: Izan ere, gurekin zenbait hilabetez egindako lanketan oinarritu da gidoia idazteko. Gure erosotasun-esparrutik atera gaitu, nolakoak garen ikusteko. Oso erraza bihurtu da Guillanekin lan egitea. Hamar ikuskizunetik gora ditugu, baina lehen aldia da horrela egiten dugula lan.

N.S.: Inprobisaziotik asko du sormen-prozesuak. Su txikian egiten du lan Guillanek, eta konfiantza handia dugu beregan. Dantzarekin lan egin duen lehen aldia da, eta berarentzat ere erronka izan da. 
Askotariko arrazoiak medio migratzen du jendeak. Horiek denak bildu al dituzue obran?

A.A.: Gure esperientziak erabili ditugu lanketa egiteko. Nork bere migrazioa du, etengabe gaudelako aldaketak bizitzen, eta horiek ematen dute eskarmentua. Ideia horrek lagundu digu emanaldia sortzen. Koreografia bakoitzean migrazio mugimendu bat ikusten da.

Aretotik atera gabe migratuko duzue gorputzaren mugimenduaren bidez. Nola, baina?

A.A.: Beti ahalegintzen gara zerbait berria eskaintzen. Halere, konpainiaren bideari jarraiki, dantza tradizionala eta garaikidea uztartu ditugu.

N.S.: Gainera, Xabier Aburruzagak ipini dio musika gure mugimenduari, eta Karlos Solanok argiztatu ditu gure dantzak. Bestalde, Oscar Amendarizek egin ditu jantziak eta Bapobapo ekoizpen etxea ere ikuskizun honen atzean dago.

Munduko hainbat lekutara egingo al duzue salto?

N.S.: Sarobe arte eszenikoen oholtzatik ateratzen saiatuko gara. Izen-abizenak dituen leku batera baino, egoeretara egingo dugu salto; itsaso zabalera, adibidez.

A.A.: Migrazioak bere ibilbidea du, eta hori irudikatzen ahaleginduko gara, leku batetik besterako saltoa, hain justu.

Zaila al da horrelako kontzeptu abstraktuak ikuskizun batean irudikatzea?

N.S.: Nire ustez, ez. Oierren hitzak gure esparrura ekarri ditugu, dantzara.

A.A.: Migrazioa ez da ideia zurrun bat, nork bere harremana dauka migrazioarekin.

Jendeak hausnartzea duzue helburu. Alabaina, zuei ere eman al dizue zer pentsatua?

N.S.: Lehen, urrutitik bizi genuen eztabaida, baina gaian sakontzen lagundu digu honek. Egon, beti egon da afera gurean, baina migrazioaren erraietara sartzen lagundu digu ikuskizunak.

A.A.: Makina bat egoerarekin bat egiten ahalegindu gara, eta horien lekuan, azalean ipintzen, gorputzaren mugimenduaren bidez.

Konpainian hasi zinenetik, Nahikari, hutsetik abiatutako lehen proiektua da. Nolakoa izan da sortze-prozesua?

N.S.: Hori da, eta  prozesua berria da. Ikuskizunak prestatu izan ditugu, baina, ez, horrelakorik, inondik inora ere. Guztia egin dugu hutsetik, eta gogo handiz gaude. Argi ikusi dugu sormen-prozesu batek dakarren konplexutasuna zein konpromezua. Profesionalak dira lantaldeko gainerako kideak. Eta bidean horrelako lankideak izatea izugarri izan da, inoiz eskura izan ez ditugun baliabideak bermatu dizkigute. Guk ere maila eman nahi dugu, hortaz.  

Noiz ikusiko du argia ikuskizunak?

Martxoaren 12an eta 13an egingo dugu estreinaldia, DFeria jaialdian. Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da. 

Dokumentuaren akzioak