Erabili al duzu inoiz ligatzeko aplikaziorik? Ziur inguruan izanen duzula baten bat. Ezagun badituzu, Andoni Mutiloaren lan berrian zure esperientzien isla topatuko duzu. Mutiloaren arabera, kodigo berri batzuk sortu dira ligatzeko orduan, eta batzuk, toxiko izangatik ere, normalizatzeraino iritsi dira. Gizarte gisa horien gaineko hausnarketa beharra dagoela azpimarratu du eta horretarako sortu du hain zuzen Sex Sua. Musikaren eta antzerkiaren arteko formatuari heldu dio berriz ere kazetari izandakoak. Esnatu naiz kabaretarekin herriz herri aritu ostean, Euskal Herria berotzeko itzuli da.
‘Esnatu naiz’ izan zen zure aurreneko ikuskizuna. Orain hiru urte ekin zenion bide horri. Zer moduzko ibilbidea izan da?
Lehen emanaldiak pandemia aurretik eman genituen, baina benetako esnatzea 2020ko udazkenean izan zen. Lan handia egin genuen produkzio aldetik, eta emanaldi piloa eman genituen. Harrigarria izan da. Nire lehen esperientzia izan da sortzen eta ikuskizun baten ardura horrekin. Harrigarria da oraindik ere, izan ere, hiru urte pasa dira eta segitzen dugu emanaldiak eskaintzen. Egia da gutxiago egiten ari garela, beste proiektuarekin buru-belarri gaudelako, baina ekaina amaieran pare bat egingo ditugu. Harrera oso ona izan da, flipatuta nago, harrituta, oso eskertuta. Gainera, iaz nerabeentzako emanaldiarekin hasi ginen, institutuetan. Poz handia eta opari asko eman dizkit proiektu honek.
Gehiagorako gogoa piztu zaizu, beraz. Oraingoan ‘Sex Sua’ ikuskizuna ondu duzu. Nolatan?
Ba xelebrea da, Sex Sua-ren hasierako ideia bururatu zitzaidan Esnatu naiz idazten nuen bitartean. Eta zalantza izan nuen zein proiekturi forma ematen hasi. Azkenean, lagun batzuen gomendioei jarraituz, Esnatu naiz garatu nuen. Hasiera batean, ordea, ideia bestelakoa zen. Helburua zen sexualitateari buruz hitz egitea, horrela, orokorrean. Era berean, zer nolako bizitza sexuala daukagun aztertu nahi nuen, horren inguruan gogoeta egiteko. Umoretik, beraz, bizitza sexual hori hobetzeko egin ditzakegun gauzak identifikatzea, finean. Baina esan bezala, hortxe geratu zen ideia hori, hainbat urtez. Orain berriz hartu dut, eta hau egin badut izan da jaso dudan harrerak babesa eta gogoa eman didalako. Emanaldiak ematen ari ginen, denborak aurrera egin du, bulego lana nik egin dut… Azkenean, falta botatzen nuen sorkuntzak duen alde sortzaile, eder, ero eta zaila. Momentu batetik aurrera planteatu nuen, beraz, beste zerbait sortzen hasiko nintzela.
“Ligatzeko aplikazioetan bizitako esperientzian oinarrituta banuen zer kontatu eta gogoa ere bai”
Abiapuntua bestelakoa da orain, ez al da hala?
Hori da, Sex Sua lanari berriz ekin nionean gaia zehaztu egin nuen. Konturatu nintzen sexualitateaz, bere horretan, hitz egitea baino, hobe zela gaia zorroztea. Horregatik, ikuskizun honen abiapuntua ligatzeko aplikazioak izan dira. Gaiak interes handia pizten dit eta ni neu ere erabiltzailea naiz, eta, esan daiteke horren guztiaren zurrunbiloa sartuta ibili naizela. Sufritu ere egin dut, eta nire lehenengo pertsonan bizitako esperientzian oinarrituta baneukan zer kontatu eta hitz egiteko gogoa ere bai. Izan ere, lagunekin komentatu dugunean ikusi dut ez direla niri bakarrik gertatutako gauzak. Jende asko ez da gai kudeatzeko aplikazio horietan sortzen den guztia.
Aktualitate handiko gaia da, eta batez ere, asko handitu eta eraldatu da. Ligatzeko aplikazioen eztanda bat izan da. Baina aldi berean, ez dugu izan, gizarte gisa, horiei buruzko gogoetarik, eta horrenbestez, bertan sortzen diren kodigoak onartu egiten ditugu. Eta azkenerako ez gara ohartzen gauza batzuek ez digutela onik egiten, edo ez genituzkeela jarrera batzuk onartu behar. Eta interes orokorreko gaia izan zitekeela pentsatu nuenez, Amancay Gaztañaga aktorearen laguntzaz, 2022ko urtarrilean forma ematen hasi ginen.
Oholtza gainean Hiruki eta Imanol izango dira. Nortzuk dira pertsonaia horiek?
Hiruki oso pertsonaia berezia da. Xelebrea, inuzentea eta zirikatzailea da. Ez dakizu adarra jotzen ari zaizun edo inuzenteki hitz egiten ari ote den. Esango nuke ikuskizunaren hasieran ikusle asko nahiko harrituta geratzen direla. Ikuskizunean zehar ulertzen da zergatik den horrelakoa eta zergatik azaltzen dituen azaltzen dituenak, eta zergatik modu horretan. Bestetik dago Imanol. Imanol gutako edozein izan daitekeen pertsonaia bat da. Bien arteko harremana kuriosoa da. Nolabait, Hiruki ligatzeko aplikazioetan aditua da, eta Imanol, berriz, aplikazioak erabili dituena, praktikan jarri dituena eta aipatzen dugun zurrunbilo horretan erori, eta kodigo berri horiek sufritu dituena.
Zeintzuk dira aipatzen dituzun kodigo eta zurrunbilo horiek?
Emanaldi honetan egiten duguna zera da, aplikazio horietan gertatzen diren egoeren adibide zehatzak eman. Izan ere, kodigo berriak diogu aurrez-aurreko harremanetan gertatzen ez diren hainbat egoera, normaltzat hartzen ditugulako aplikazioen bidez ligatzen dugunean. Arraro samarrak, edota erokeria gisa, pentsatzen jartzen bagara. Guk kode horiek ez ditugu batere epaitzen, baina bai jartzen dugula lupa gainean, askotan guretik, gogoeta piztu nahian, eta galdera batzuk planteatzeko asmoz: Hau ez al da pixka bat surrealista? Agian honek ez dit batere onik egiten. Onartu beharko nuke horrelakorik? Hain barneratuta ditugu kodigo horiek, ezen guk geuk ere egiten bukatzen baitugu. Niri gertatu zait eta harrigarria da. Kezkatzen nau eta amorrua ere ematen dit. Esate baterako, oso ohikoa da hitz egiten hasi aurretik ere argazki bat biluzik bidaltzea. Horrekin adierazten ari dena da “zurekin larrua jo nahi dut eta ikusten duzuna gustatu behar zaizu”, eta, horrekin batera, irudiaren inguruan sortzen dena. Hori aurrez aurreko harremanetan ez da hala izaten. Beste adibide argi bat da ghosting-arena. Hau da, pertsona batekin hitz egiten aritzea, konexio bat dagoela ematen du, eta halako batean ez du erantzuten, edo zuzenean blokeatzen zaitu. Lehenengoan harritzen zaitu, bigarrenetik aurrera jada normalizatu egiten duzu, egiaz normalizatu behar ez denean. Edo antsietateak jota astebetean dozena bat aldiz aplikazioa jaitsi eta desinstalatzea. Gertatzen da ere nahi ez ditugun gauza batzuk egiten bukatzen dugula, lehendabiziko zita baten ostean larrua jotzen, adibidez, benetan hori bilatzen ez bagenuen ere. Orokorrean, ligatzeko desira horrek bultzaturik egiten diren egoera bereziak dira kontatzen ditugunak. Baina horretaz baino askoz gehiago aritzen gara, aplikazioak abiapuntua baino ez dira.
Gaia aurreko obraren ildo bertsutik doala esan daiteke. Sexua, sexualitatea, genero disidentziak… Horien gaineko gogoeta sorraraztea bihurtzen ari al da zure marka?
Esnatu naiz lanaren kasuan, ideia okurritu zitzaidan eta hortik abiatu nintzen. Gerora, idazten ari nintzela, ohartu nintzen zertaz ari nintzen hitz egiten. Uste nuena baino gai potoloagoa zen, eta Euskal Herrian generoaren aferak interesa bazuela konturatu nintzen. Bigarren honetan interes propio batetik abiatu nintzen, jakinik, agian, interes orokorrekoa izan zitekeela hau ere. Edozein kasutan, bi-bietan genero eta sexu aniztasuna lantzen dugu nire intereseko gaiak direlako. Lehenengoan baina, askoz ere modu zuzenago batean ageri da. Sex Sua-n lantzen da ere bai, baina zeharkago edo.
Formatuari ere eutsi diozu.
Bi ikuskizunak alderatuta, egia da antzekotasunak badituztela. Aurrekoan kabareta zen, eta oraingoan musikala. Bietan, oholtza gainean, ni bakarrik. Antzekoak dira bietan oinarrian istorio bat dagoelako, istorio bat kontatzen ari garelako, musikaz eta dantzaz lagundurik. Sex Sua, hasiera batean, monologo izateko idatzi nuen, antzerkiarekin nahastu nahi nuen, baina, idatzi ahala, ez nuen oso argi ere. Ezberdintasun nagusia, hain justu, umorearen erabilera izan daiteke. Drama ere badago, baina umorea xelebreagoa eta eroagoa da. Kontua da banituela abesti batzuk idatzita, gai honekin bete-betean ematen zutenak. Eta bi horiek lotzea pentsatu nuen, besterik gabe.
Ikuskizuneko abestiak, beraz, zureak dira?
Bai. Ederra izan zen bakarrizketatik musikalerako eraldaketa hori. Esnatu naiz-en kantuak beste artista batzuenak ziren, kantu bat propio horretarako sortu genuen arren. Horretan Eñaut Gaztañagak lagundu zidan. Bigarren emanaldi honetan, ordea, musikal formatua izango zuela erabaki nuenean erronka hori handitu egin nuen: abesti guztiak originalak izatea nahi nuen. Sei kantu egin ditugu guztira. Erronka handia bai, baina opari erraldoia izan da. Gainera, abesti horiek jaso egin nahi genituen, egindako lan hori ikuskizunetara mugatu ez zedin. Hala bada, elur.eus webgunean topatuko dituzte ikus-entzuleek.