Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Legebiltzarreko jelkaldia aldi oroz barnetik bizi dut”

Dokumentuaren akzioak

“Legebiltzarreko jelkaldia aldi oroz barnetik bizi dut”

Muskildiko herriak joan den igandean eman zuen lehen aldiz ‘Simone Veil’ pastorala; protagonista nagusiaren lana azpimarratu dute ikusle anitzek. Ondoko bi asteburuetan emanen dute berriz.
Egilea
Joanes Etxeberria
Komunikabidea
Ipar Euskal Herriko Hitza
Tokia
Muskildi
Mota
Albistea
Data
2022/07/29
Lotura
Ipar Euskal Herriko Hitza

Ez da ohikoa 20 urteko gazte batek hartzea sujet kargua pastoral batean, baina astelehenean hedatu zituen Xiberoko Botza irratiak pastorala bukatu ondotik grabatu ihardukitzeak, eta publikoaren parte handi batek azpimarratu zuen Maialen Urrutiager (Muskildi, 2002) sujet gaztearen lan ederra; igandean, azken kantua eman ondotik, ikusleak zutik ezarri zituen. Astelehenean elkarrizketatu zuen Hitza-k, oraino ere “hodei” batean zelarik. Muskildiarrak berriz tauladara igoko dira ondoko bi asteburuetan.

Nola bizi izan duzue herritarren artean hainbeste hilabetez Simone Veil pastorala prestatzea?

Dantzariak irailaz geroztik ari dira, eta urtarrilean herri osoa bildu ginen. Hastapenean, urratsean ibiltzea da; gero, gorrien mugimenduak ikastea, eta kargu ematearen ondotik beste zerbait da. Maitek [Davant, errejenta] oro xeheki esplikatu zuen.

Zuk bertset anitz ukan dituzu ikasteko; mugimenduak ere bai.

Mugimenduak ikastea aski gaitz izan da; ez nuen sekula pentsatu hainbeste badirela pastoral batean. Ez gara sekula ber jendeekin tauladan; orduan, emeki-emeki ikasi dut.

Lehen pastorala emanik, nola sentitzen zara?

Ez naiz oraino ohartu, zinez. Pastoralaren ondotik etxera joan nintzen kanbiatzera, eta gero arra jin nintzen, ohartu gabe lehen emanaldia egina dugula.

Xiberoko Botza irratian entzuten ahal dira, pastoralen ondotik, ikusleen iritziak. Urtero aipatzen dira arropak edo luzetasuna, besteak beste, baina aurten sujetaren lana bereziki goraipatu da.

Pastoral urrentzean ere jendeak jaiki dira. Higitu gabe egon naiz, ez dakit. Drole egiten du. Guk sei hilabetez landu dugu, eta badakigu zer egiten dugun tauladan, baina hor publikoaren iritzia ukaitea, prefosta, gauza on bat da.

Kasik lau oreneko ikusgarri batean lehen rola ukaitea ez da gauza tipia. Nola bizi izan duzu?

Hatsarrean ez nintzen ontsa; badut kantu bat gaitz zaidana, eta atzo huts egin dut. Hor, edo arra karguan sartzen nintzen, edo pastorala behera eramanen nuen; burbuila batean sartu nintzen gero;. Momentu tipi bat behar da karguan ontsa sartzeko.

Oharretan entzun da pastorala goiti eraman duzula. Karga hori bazenuen bizkarrean?

Anitz agertzen naiz tauladan: 25 jelkaldietatik hamaseitan. Huts egiten banuen, besteek ere huts egiten ahal zuten. Presio alimalea banuen, baina badira beste zenbait kargu inportante ere pastoral honetan.

Zuk duzu Simone Veilen rola egiten. Kargua eman dizutenetik, zer ekarri dizu?

Lehenik, dantzari izan behar nintzen, normalki. Maitek [Davant] erran zidan Simone Veil izanen nintzela, eta ari nintzen sartu behar nuela egiazki haren bizian, ez nituela justu bertsetak ikasiko; zerbait iganarazi behar nuela pastoralean, haren mezua azkar baita eta maluruski aktualitatean oraino ere. Ez nuen nahi pertsonaia desformatu edo hola. Ez nuen nahi haboro egin; entseatu naiz zerbait egitea.

Zer da pertsonalki markatzen zaituena haren bizian, edo haren mezuan?

Alemaniarekin duen erlazioa: naziekin ukan duen historia, eta gero Alemaniarekin nahi ukan zuen harremanak sortu Frantziarekin; hori zinez azkar da. Gero, legebiltzarreko jelkaldia [abortuaren eskubidearen defentsan], egiazki aldi oroz barnetik bizi dut: zinez azkar da. Kontserbadoreak aitzinean, eta Battittaren [Berrogain, idazlea] bertsetak azkarrak dira.

Zuretzat ere inportantea da feminismoa?

Bai, prefosta! Egun orotako bizian ikusten dugu beharra badela. Pastoralaren ondotik entzun ditugu gauza batzuk…; harritzen dute! Orduan, prefosta, mezu hori pastoralean pasaraztea zinez gauza ona da. Menturaz, zenbaitzuek ez dute konprenituko edo baieztatuko, baina entzutea, bederen, ez dugula borroka hori utziko.

Zer ohar mota entzun zenuen?

Ez dut erranen. Pentsatzen ahal da zaharren oharrak zirela, baina ez bortxaz!

Eta, alderantziz, batzuen kontzientziak pizteko balio duela sentitu duzu?

Espero dut, baina ez dakit. Zenbaitzuk zinez geldituak dira beren pentsatzeko maneran. Baina ez dut sobera ikusten jendeek nola sentitzen duten…

Pastoralaren ondotik besta handia izaten da. Igande iluntzean oraindik hodei batean zinen?

Bai, hodei batean nintzen, segur! Eta oraino egun ere bai [astelehenean], eta akitua ere bai.

Ondokorako prest?

Guretako ez da lehena, baina publikoarendako bai, ez baita bortxaz bera. Orduan, guk ere behar dugu berriz berdin egin.

Dokumentuaren akzioak