Urriaren 12an, Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteak ekoitzitako Julia Fernandez Zabaleta euskarazko pastorala antzeztuko da Iruñeko Burgoen plazan. Oholtza gainean 30 arizale baino gehiago bilduko dira, eta horiez gain, 10 musikarik eta bi bertsolarik parte hartuko dute emanaldian.
Euskarazko obra horrek “antzerkia, musika, kantua eta dantza uztartzen ditu, eta omenaldia egiten dio XX. mendeko lehen herenean euskara eta euskal kulturaren sustapenari dagokionez giltzarri den pertsona bati”.
Julia Fernandez Zabaletari buruzko pastoral hori Zaldiko Maldiko elkartearen azken kultur proiektua da, eta joan den maiatzaren 4an estreinatu zuten, Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko Ikastetxe Publikoarekin elkarlanean. Julia, “irakasle iruindarra, emakume aitzindaria izan zen, eta haren lana funtsezko bi alderditan oinarritu zen: hezkuntza-berrikuntza eta emakumearen eskubideen aldeko borroka. Estreinaldia ikastetxeko patioan egin zen, izan ere, Fernandez Zabaleta bertan aritu zen irakasle eta bertan aplikatu zituen bere ideia pedagogiko berritzaileak”.
Figura horren gaineko datu zehatzagoak nahi badituzue, egin klik hemen.