Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Iurreta paradisua da folklorearen ikuspegitik”

Dokumentuaren akzioak

“Iurreta paradisua da folklorearen ikuspegitik”

Jon Gaminde gaiteroak 40 urte daramatza ia hutsik egin barik Iurretako sanmigeletara etortzen. Lagun asko egin ditu eta Iurretako plaza osasuntsu ikusten duela dio.
Egilea
Ekaitz Herrera
Komunikabidea
Anboto
Mota
Elkarrizketa
Data
2019/09/24
Lotura
Anboto

“Iurreta paradisua da folklorearen ikuspegitik”

40 urtean ia hutsik egin barik etorri zara Iurretako jaiak girotzera. Atxikimendu handia al diozu Iurretari?
Lehenengoz, fanfarrea bategaz txirula jotzera etorri nintzen Iurretara. Ordutik hona, 40 urte pasatu dira jadanik. 15 urte nituen, eta, harrezkero, urtero etorri izan naiz, urte bitan izan ezik. 1986tik aurrera, gaita jotzera etorri izan naiz, eta, iaz, atabala ere jo nuen dantzarien saioan. Musikaria naiz eta, nire ustez, Iurreta paradisua da folklorearen ikuspegitik.

'Paradisu' legez deskribatu duzu Iurreta. Zer motatako paradisua?
Bizkaiko gaiteroen taldekoa naiz. Kontuan hartu Bilbokoak garela, eskola frankistak ezagutu dituen azken belaunaldikoak garela, eta gaztaroan hemen ezagutu genuena oso berezia izan zen: guretzat ez ziren ohikoak trikitilariak, albokariak, giro euskalduna, dantzak..., eta, alde horretatik, Iurreta paradisuaren modukoa izan da beti.

Hainbeste urtean Iurretara etorrita, etxekotzat hartu zaituztela esan daiteke.
Urte hauetan guztietan lagun asko egin ditut Iurretan. Adibidez, Jon Irazabalen lagun handia naiz. Bera Gerediaga elkarteko liberatua izan denez eta ni Bizkaiko Dantzarien Elkartean nagoenez, gure ibilbideek sarri egin dute bat. Abasolotarrekin, Tiliñogaz, Mari Tere Zugaza-artazagaz eta herriko hainbat gaztegaz ere hartu-eman handia izan dut.

Iurretako plaza ezin da dantzaririk barik ulertu. Zelan ikusi duzu herriko dantza taldearen bilakaera?
Ez ditut denen izenak gogoratzen, baina Iurretako plazan dantzan ikusi nuen lehenengo ezpatadantzari taldea Iketzak, Txapuk, Txiflisek eta beste hainbatek osatuta zegoen. Gerora, Abarkasen taldea etorri zen. Jon Badiolarena ere bai, eta gaur egungo neska taldea ere ezagutu dut. Dantza taldean izandako lau errelebo aldaketa ikusi ditut. Iurretako plazak eutsi egin dio dantzari, eta gizartearen aldaketetara egokitzen jakin du. 

40 urte hauetan makina bat anekdota biziko zenituen Iurretan. Ba al dago kontatu daitekeen pasar bat?
Lehenago, goizeko seietan etortzen ginen diana jotzera. Jende asko iratzartzen genuen eta beste asko etxera bidaltzen genuen. Gaupasero asko biltzen zen eta txapligu pilo bat botatzen zituzten; dianak zaratatsuak izaten ziren. Desanexioaren urteak ziren eta sumatzen zen. Iurretan lehenengoz jo nuenetik 40 urte pasatu direla ospatzeko, sasoi bateko diana berreskuratuko dugu aurten.

Dokumentuaren akzioak