Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Intsektuen kontrako konjurua egiten zuten ezpata dantzarekin”

Dokumentuaren akzioak

“Intsektuen kontrako konjurua egiten zuten ezpata dantzarekin”

Zumarragako Irrintzi dantza taldea eta Antxiñako Ama txistulari taldea sortu zituztela 50 urte bete dira aurten. Urteurrena gainean zela-eta, haurrentzako ipuin bat egiteko enkargua jaso zuen Antxiñe Mendizabal idazle eta editoreak orain bi urte (Zumarraga, 1968). Kaleratu berri du Zumarragako ezpata-dantza, magia dantza lana, bere hitzei Josu Maroto margolari urretxuarraren ilustrazioak gehituta.
Egilea
Miriam Luki
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/06/30
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Nondik heldu zenion enkarguari?

Ez zidaten eman irizpide handirik, eta protagonistak dantzaria eta txistularia izan beharko zuela besterik ez zitzaidan bururatu niri. Egia esan, kostatu zitzaidan ipuinari heldulekuren bat topatzea. Eta, buruari buelta batzuk eman ondoren, ezpata dantza etorri zitzaidan burura, horixe baita Zumarragako folklore dantzarik esanguratsuena. Hori erabakita, abiapuntua banuela pentsatu nuen.

Ideia horretatik tira eginez, erraza izan zen ipuina Zumarragarekin eta bere historiarekin uztartzea. Bestalde, banuen lagungarri egingo zitzaidan beste helduleku bat ere. Ezagunak nituen Juan Antonio Urbeltz folkloristak dantzen eta bereziki ezpata dantzaren inguruan eginak zituen ikerketak eta interpretazioak. Haren teoriek asko erakarri izan naute betidanik. Hor topatu nituen ipuina egiteko zimenduak: fikzioa, Zumarragako historia eta Urbeltzen ikerketak.

Ondoren zimenduak uztartu beharra egongo zen, ordea.

Garbi neukan Antio ingurua izango zela ipuinaren agerlekua. Historiaurrera eramaten gaitu Urbeltzek egiten duen dantzaren interpretazioak. Beraz, nik ere garai haietara bidaiatu behar nuela iruditu zitzaidan. Halere, aldi berean, istorio garaikide bat kontatu nahi nuen. Beraz, ezinbestean tokatzen zitzaidan denboran bidaia osoa egitea; historiaurretik, gaur arte. Pentsamendu horrek beldurtu egin ninduen pixka bat; orduan jabetu nintzen bide horretatik jarraitu nahi banuen, bidaia nik aurreikusitakoa baino luzeagoa eta zailagoa izango zela. Aitzitik, ordurako gaiak harrapatuta nengoen, eta ezin nuen atzera egin, ezin nintzen gutxiagorekin konformatu. Halakoetan gertatu ohi den bezala, egitura jakin horrekin, ausardia handiz eta inkontzientzia pixka batekin heldu nion proiektuari.

Aroz aro banatu duzu kontakizuna.

Aro bakoitzean, ikerketa txiki bat egin behar izan nuen. Emaitza hauxe da: eleberri motz bat, sei ipuin txikitan banatuta. Ipuin bakoitzak bere sarrera historiko laburra ere badu, irakurlea garaian ondo koka dadin. Horren haritik, gaia sintetizatzeak eta laburtzeak ema dit lanik handiena. Alde horretatik, eta liburua aurkeztu dugun moduan, sarrerei kasu egin gabe irakur daiteke ipuina, batetik, eta fikzioa eten eta pixka bat informatuz, bestetik.

Bidaia luze hori gau bakarrean egiten dute protagonistek.

Horretarako dago magia edo ametsen mundua. Izan ere, magia elementu garrantzitsua bihurtu zitzaidan ipuinean: gure ezpata dantza, asko murriztuta, magia dantza bat besterik ez delako, eta ipuineko protagonistek magiaren beharra izan dutelako denboran atzera egiteko eta ezpata dantzaren esanahia ezagutzeko.

Ezpata dantzaren magia hori topatu arte, zer izan zuretzat da Zumarragako ezpata dantza?

Folklore ikuskizun bat, bere horretan; sentitua eta herritar guztiak une batez biltzen gaituena, baina besterik ez.

Zer dago aipatu duzun ezpata dantzaren magia horren atzean?

Urbeltzen ideietatik ondorioztatu dut funtsean magia dantza bat dela gure ezpata dantza, eta historiaurrean duela bere jatorria. Dantzak funtzio jakin bat izan zuen: arerioak, etsaiak uxatzea. Horrenbestez, nire ondorioa da gure ezpata dantza, hasieratik, etsaiak uxatzeko konjuru antzeko bat izan dela, gaizkiari aurre egiteko. Esanahi ezkutu horrek harrapatu ninduen ezagutzearekin batera. Horrenbestez, liburuan, aro jakin bakoitzean aurre egin beharreko etsai bat agerrarazi dut, eta hura gainditzeko ezpata dantza bat egin beharko dute.

Esan izan da garai batean gipuzkoarren etsaiak intsektuak zirela. Horrekin zerikusia dauka ezpata dantzaren interpretazio horrek, ezta?

Milaka urte atzera, ihiz jositako hezegunea zen Gipuzkoa. Ipuscua leku izenak horixe bera adierazten du: ihi-putz-koa, ihiz betetako putzuak dauden lekua. Garai batean, intsektu ugari zegoen Gipuzkoan, eta uztak hondatu eta gaixotasunak kutsatzen zituzten. Intsektuen kontrako konjurua egiten zuten ezpata dantzarekin; ezpara dantza hitzak daude ezpata dantzaren oinarrian.

Mitoren bat hautsi al zaizu?

Guztiz kontrakoa gertatu zait. Gure dantzari beste esanahi bat eransteko modua izan dugula uste dut, eta mito bat hautsi ez, mito bat berreskuratu dugula. Gaur egun, dantzatzeko garaian, garrantzi handia ematen zaio estetikari, gimnastikari, dotoreziari… Baina interesgarria iruditzen zait beste esanahi hori berreskuratzea. Azken finean, adierazpen poetikoak dira folklore erritu guztiak. Ederra da adierazpen guztien alderdi poetikoa erakustea, funtzio praktikoa ahaztu gabe.

Josu Maroto margolariarekin elkarlanean aritu zara; hark egin ditu ilustrazioak. Nolakoa izan da elkarlan hori?

Hasieratik neukan buruan Josu Maroto pertsona egokia izan zitekeela marrazkiak egiteko. Bere lanketari esker, osagarriak dira fikzioa eta errealitatea. Ez da erraza izan, halere, estilo zehatz bat finkatzea. Eskuz eginiko marrazkien alde egin dugu, liburuari nolabaiteko goxotasuna eta gertutasuna ematearren. Lanak iraun duen bitartean, oso ondo aritu gara elkarlanean, eta hori garrantzitsua da liburu baten prozesuan, luzea izan delako, eta elkarren beharra izan dugulako proiektuari eusteko.

Bestelako begirada izango al duzu aurtengo ezpata dantzan?

Bai; ziur aski, bai. Alde batetik, emozio berezia sentituko dut, Zumarragaren orain arteko historian izan diren ezpata dantzetara joango zaidalako burua, ziurrenik. Eta, bestetik, erantzukizunarekin ikusiko dut; izan ere, halako ardura bat sentitzen dut liburuan esandakoak jendeak nola hartuko dituen pentsatzen hastean.

Neska da ipuineko ezpata dantzaria…

Bai, Argi. Nik hasieratik oso argi neukan fikzioa egin behar nuela, eta horrek aukera ematen zidan neska zein mutila aukeratzeko. Neskaren alde egin nuen, emakumezkoek ezpata dantza dantzatzen dutenetik horretarako aukera neukalako. Eta, noski, bultzada handiagoa eman eta duen balioa aitortu nahi nion Irrintzi dantza taldeak emakumezko dantzariak plazara aterata egin duen lan txalogarriari.

“Intsektuen kontrako konjurua egiten zuten ezpata dantzarekin”

Miriam Luki / Goierriko Hitza

Dokumentuaren akzioak